“Egoera latzetan, hemengoen baikortasunak harritzen nau”

Behartsuenen alde lan egiteko grina izan du beti Fernando Aginagak (Etxarri Aranatz, 1954). Horregatik erabaki zuen Governador Valadaresera (Minas Gerais, Brasil) joatea, “txiroenekin, batez ere, umeekin lan egiteko”. Dagoeneko 25 urte daramatza Brasilen, eta oraindik gehiago egiteko asmoa du.

Eskolapioen misio batean egin du mende laurdena. Brasilera iritsi zenean, portugesa ikasi zuen, “herritarrekin eta liburuak irakurriz”. Pedagogia eta Teologia ikasketak egin ditu Aginagak, eta bere ezagutzak erakusten dizkie hiriko gazteei. Urte hauetan guztietan Brasilgo eta zehazki Governador Valadaresko egoera “zeharo” hobetu dela dio, “nahiz eta gogorra den oraindik”. Iritsi zenean herrialdea diktaduratik atera berria zen, eta konstituzioa prestatzen ari ziren parlamentuan. “Alde batetik, miseria zorrotza zegoen, eta, bestetik, eliteak agintzen eta gehiengoa zapaltzen zuen”. Bien bitartean, ordea, “izugarrizko mugimendu herrikoia” piztu zen, gizartean gutxinaka errotu zena. “Jendearen alaitasunak eta baikortasunak harritzen ninduen; niretzat hori ulertezina zen egoera horretan”. Sindikatu eta herri mugimenduei esker egoerak hobera egin zuela gogorarazi du, baina oraindik sufrimendua edonon nabaritzen dela ziurtatu du.

Sufrimendua, hala ere, alaitasunarekin pasatzen dute. “Oso alaiak dira brasildarrak, elkarrekin biltzeko eta bizitzeko gogotsuak dira”. Diru gutxi irabazi arren egunero aurrera ateratzen direla dio Aginagak. “Argia, beroa, koloreak, barre egitea eta umore ona gustatze zaie; musika beti entzuten dute, eta haien itxurarekin gora eta behera egoten dira maiz”. Baina, era berean, erraz “lur jota” sentitzen direla konturatu da Aginaga. “Historian beti hain zapaldua egon den herri honek oso barneratua du gutxi balio duen sentimendua”.

Orain dela hamar urte, gazteek ez zuten unibertsitatera joateko aukerarik; gaur egun, ordea, gobernuaren laguntzarekin posible da. “Aldaketak izan ditugu. Kanpotik, Euskal Herritik datorren batek oraindik alde nabarmena ikusiko du, baina hemen bizi garenok hobetu dela nabaritzen dugu”. Urteetan aritu da gaixo eta umeen eskubideak sutsuki defendatzen. “Hasieran auzo apaletan lan egiten nuen, favela modukoetan; orain, horrez gain, heziketa eta gizarte lanetan aritzen naiz”. Lan egiteko modua ere aldatu du. “Gosedunei eta gaixoei laguntzen genien, zuzenean. Herri kontzientzia landu eta herri mugimenduak bultzatu genituen. Orain, jada maila horiek neurri batean gainditu ditugula, beste maila batzuk jorratzen ditugu”. Udaletxe kontseiluetan parte hartzeko prestatzen dituzte hiriko bizilagunak, “han erabakitzen baita auzoko etorkizuna”.

Gaur egun, gainera, beste behar bat sortu dela uste du misiolariak. “Jendearekin hitz egitea, entzutea eta animatzea”. Bai herriaren alde egiten duten agenteekin —politikako, sindikatuetako eta mugimenduetako jendearekin—, baita bizilagun heldu eta umeekin ere. “Emakumearen egoerari arreta berezia eskaini diogu; gaur egun, Brasilen, emakumea etorkizunaren giltza delako”.

Ez da Nafarroako lagun bakarra misioan. Bost pertsona bizi dira etxean. Bi Nafarroakoak, eta gainerakoak Brasilgoak. “Gure arteko giroa oso ona da, paregabea”, dio pozik. Nafarroako beste lagun bat bizi izan zen haiekin, baina joan den maiatzean zendu zen. “Tirapuko gizon oso fina eta langilea zen, beti jende behartsuenen alde lan egin zuen, eta oso ezaguna izan zen hirian”. Gogoan du Eulalio Lafuente kidea. “Eulalio hona iritsi zenean, 1952. urtean, 20.000 biztanle zituen hiriak; gaur egun, 270.000 biztanle ditu”. Auzo behartsuetan zazpi ikastetxe publiko eraikitzea lortu zuen.

Nafarroako 1.600 misiolari daude mundu osoan. Ez da kopuru apala. “Euskal Herria maite dugulako beste herriak eta kulturak maitatzen ere ikasi dugu. Frantzisko Xabierkoak eta Ignazio Loiolakoak hasi zuten bidea”. Euskaldunak aurkitu ditu Aginagak bidean. “Herritik urrun dagoenarentzat oso pozgarria da herrikideak aurkitzea”.

Momentu atsegina bizi izan zuen Aginagak orain dela bost urte. Euskarari buruzko hitzaldia eman zuen Governador Valadareseko unibertsitatean. “Une oso atsegina izan zen, ikasle eta irakasle asko bildu ziren, eta arreta handiz entzun zuten; Espainiako edozein hiritan horrelakorik lortzea oso zaila litzatekeela pentsatu nuen hitzaldia eman ondoren”. Orain, beti galdetzen diote Euskal Herriak noiz lortuko duen independentzia. “Langile moduan ezagutzen gaituzte, eta miresten dute gure kulturaren eta historiaren alde egindako lana”.