Aldaketa, euskararen eskutik

Aldaketa, euskararen eskutik

Euskararen aldeko borroka ez da ehun metroko lasterketeta, maratoia baizik”. Hizkuntzaren normalizaziorako bidea lasterketa luzea da Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasaren ustez. Zenbaitetan sufritzea eskatzen du; besteetan, berriz, erosoago egotea. Une atsegin horietako bat izan zen, baina, apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldia. Euskararen aldeko maratoiean aritzen diren korrikalariak aktibatzeko gunea.

Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak antolatutako Nafarroa ofizialetik, Nafarroa errealera jardunaldietako lehen hitzorduan esan zituen hitzok Lasak; AEK-ko Helios del Santo eta IKAko Nekane Otamendirekin batera Katakrak liburu dendan egindako solasaldian. Euskalgintzaren egoera aztertu zuten hirurek, eta erronkez ere mintzatu ziren.

Maiatzaren 24ko hauteskundeei begira jarri ziren hiru solaskideak etorkizunaz hitz egiterakoan. Gobernu aldaketa ezinbestekoa da euskalgintzako ordezkarien ustez, horrek hizkuntza politiketan aldaketak egitea ahalbidetu dezakeelako. Horretara bideratzen ari dira indarrak orain, Anaitasunako ekitaldia ere aldaketa erdiesteko egin baitzuten.

Helburua hitz gutxitan laburtu zuen IKAko Nekane Otamendik: “Orain arte egin duguna plazaratu genuen Anaitasunan, eta funtsezko laguntzaile izan diren euskaldunei esker ona erakutsi genien”. Aldaketa lortzeko herritarren berpiztea beharrezkoa dela iritzi diote hirurek. UPNren gobernua inoiz baino ahulago dago, Lasaren iritziz; eta, beraz, aldaketa inoiz baino posibleagoa dela uste du: “Jendea aktibatu behar dugu aldaketa posible egiteko”.

“Berezia” izan zen Anaitasunako festa, solaskideen aburuz. Manifestazioa ez egitea erabaki zuen Kontseiluak, eta horretan asmatu dutela uste dute Lasak, Otamendik eta Del Santok. “Giharra erakusteko helburua izan zuen, eta herritarrok ahalduntzeko tresna izatea garrantzitsua izan da”, uste du AEK-ko kideak. Antzera iritzi dio Otamendik ere. “Bestelako kutsu bat eman zion ekitaldiari manifestazio formatura mugatu ez izanak”.

Euskararen normalizazioak behar dituen lau zutabe aurkeztu zituzten ekitaldian: corpus juridikoa, plangintzak, baliabideak eta herri gogoa. Eta azkeneko zutabe hori azpimarratu zuten gehien solaskideek Katakraken. Euskara baztertzeko antolatutako hizkuntza politika du Nafarroako Gobernuak, Del Santoren ustez: “Azken urteotan gobernuak gehien egin duena herri gogoa ukitzea izan da”. Hezkuntza politika da adibiderik garbiena, haren ustez.

Makillatu gabeko politika

Orain arteko hizkuntza politika UPNren interesen araberakoa izan da, Lasaren ustez ere. “Hizkuntzaren kontrola hartu dute. Zertaz hitz egiten den eta nola hitz egiten den erabaki dute gobernutik”. Eta hizkuntza politika egokia garatzeko hamahiru proposamen landu ditu Kontseiluak. “Ezinbestekoak” dira, hiruren ustez. “Euskara normalizatuko bada puntu guztiak beharrezkoak izango dira”, azaldu zuen Otamendik.

Maiatzean foru gobernu berria osatuko balitz, euskararen alorrean ezer gutxi eginda ere, hori aurrerapauso edo aldaketa gisa aurkeztu daitekeela uste du Lasak. Eta horrek kezkatu egiten du. “Euskarak ez du makillajerik behar”. Errotiko aldaketa behar da, eta hori lortzeko landu dituzte hamahiru puntuak.

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta EH Bildu taldeekin batu da Kontseilua orain arte, proposamenen inguruan hitz egiteko. “Gaur-gaurkoz, ez dugu ezezkorik jaso”, azaldu zuen Lasak. Hizkuntza politikak “harreman konplizeak” behar dituela azaldu die Kontseiluak zehazki talde politikoei: “Alor instituzionaletik bakarrik ezin da hizkuntza normalizatu, eta alor sozialetik bakarrik ezta ere”. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko aldaketan “eraginkortasunez” sartzea eskatu diete alderdiei.

Botere instituzionalak, halere, bestelako lana ere badu, Lasaren iritziz: “Hurrengo gobernuak duen lanik zailena ez da izango neurriak abian jartzea; baizik eta diskurtso berriak elikatzea, eta alor horretan iniziatiba hartzea”. Orain arte, euskararen kontrako mezuak nagusitu direla salatu zuen: “Nola ez da posible izango diru bitartekoak handitzea? Logikaren barnean sartzen diren puntuak dira, baina utopikoak edo zailak ikusten ditugu”. Euskalgintzak duen arazo bat da, haren aburuz. “Aurreiritziak sortu dituzte, eta aurreiritziek gure portaera definitu dute”. Euskararen aldeko borroka ahultzen duten jarrerei buelta emateko beharra azpimarratu zuten solasaldian.

Euskararen prestigioa

1996. urtean UPN agintera itzuli zenetik gaur arte bi hamarkada igaro dira, eta denbora horretan, euskalgintzan diharduten eragileek “eraso zuzena, planifikatua eta etengabekoa” pairatu dutela nabarmendu zuten hiru hizlariek. Otamendiren esanetan, ordea, gobernuak egindakoen artean, hizkuntza zokoratzea, ikusezin bihurtzea, izan da kolperik latzena: “Euskara ez prestigiatzea, gizartean ezezagun bihurtzea, ezkutatzea… horrek guztiak ekarri du euskara ikasteko motibazioaren hoztea. Euskara presente badago, jendeak entzun dezake eta, jakinminez, ikasteko hautua egin; euskara ezkutatzen badugu, ordea, jakinmin hori ezinen dugu piztu eta, ondorioz, ezingo ditugu ikasle berriak erakarri. Estrategia bikaina izan da hori UPNren intereserako”.

Del Santok bat egiten du ikuspegi horrekin. “Euskaltegien egoera txarraz hitz egiten dugunean, jasotzen ez ditugun diru laguntzak dira burura datozkigunak. Baina arazoa ez da horretara mugatzen. Gaur egun, euskara zokoratuta dagoen hizkuntza da. Administrazioaren lan deialdietan ez da euskararen ezagutzarik eskatzen; Ogasun sailean lan egiteko, adibidez, 10 puntuko saria ematen dute alemaniera edota ingelesa jakiteagatik, euskararengatik ez”.

Otamendiren irudiko, baina, lotura zuzena dute prestigioaren galerak eta itotze ekonomikoak: “Estrategia horren ondorioa argia da: motibazioaren apaltzea, matrikulazio datuen murrizketa, diru laguntzen desagerpena eta abar”. Azken horri dagokionean, egoerak okerrera egin du azken urteetan. “Lehen, lanordu bakoitzeko, 0,80 euro inguruko laguntzak ematen zizkiguten. Mixeria bat. Orain, ezta zentimo bat ere”.

Euskararen normalizazioa galarazi duen faktore nagusietako bat, baina, Euskararen Legea izan da. Nafarroako Legebiltzarrak otsailean onartu zuen arauaren erreforma, eremu ez-euskalduneko herrietan D eredua ezartzeko “gutxieneko eskaera badago”. Lasarentzat, “urrats txiki bat da” aldaketa hori. “Pozten gara, baina ez da nahikoa inondik inora”. Ildo beretik, Nekane Otamendik uste du euskararen kontrako harresian egindako “arrakala txiki-txiki bat” besterik ez dela legearen erreforma. “Gaur egun, euskaldunon eskubideak ez dira bermatzen: euskara ikasi nahi duen pertsona batek ezin du halakorik egin, eskatzaileak gutxieneko kopuru batera iristen ez badira. Aldiz, eremu euskaldunean, nahikoa da gaztelaniaz ikasi nahi duen pertsona bakarra egotea, G eredua ezartzeko”.

UPNren mapa eraisten

Nafarroako euskaldunen artean kalapita sortu duen beste auzi bat mapa soziolinguistikoarena izan da. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak otsailaren hasieran aurkeztu zuen ikerlana, eta zonifikazioa justifikatzeko erabili zituen emaitzak. Izan ere, mapa horrek emaitza positiboak eskaintzen ditu euskararen ezagutzari dagokionean, baina eremu euskaldunean hizkuntzaren erabilerak atzera egin duela nabarmentzen du. Asteazkeneko mahainguruan, Iñaki Lasak zalantzan jarri zuen emaitza horien zilegitasuna: “Lehenik eta behin, ikerlanaren iturria ez da batere fidagarria. Errolda egin zen lagin bat hartuta, eta familiako kide bati beste guztiei buruz galdetuta. Ez dakigu datu horiek zehatzak diren ala ez. Bestalde, Eustat eta INE institutuek zabaldutako datuen artean 300.000ko aldea dago. Beraz, ikerlan hori ez da fidagarria”.

Kontseiluko arduradunaren aburuz, euskara Nafarroan “hazten ari da”, eta hori ez dago zalantzan jartzerik. Hala ere, hazkunde horren kalitatea ere neurtu beharko litzatekeela uste du: “Eskolatik ateratzen diren ikasleen euskalduntze maila ez da homogeneoa, beste hainbat faktore kontuan izan behar direlako, baina sailkapena egiterakoan, Nafarroako Gobernuak balio homogeneoak balira bezala neurtu ditu”.

Azkenik, euskaraz hitz egiteko aukerak ere aintzat hartu behar direla nabarmendu zuen Lasak: “Aukerak egokiak direnean, euskaldunek arazorik gabe egiten dute belaunaldien arteko transmisioa, baina aukera horiek ez daude bermatuak beti”.