Uroiloen etxearen alde

Sanferminen arrastoak nabarmenak dira, oraindik ere. Landazelaia izeneko eremua kanpadendaz betetzen da Lesakako bestetan, eta jaiak bukatu eta gero kentzen dituztenean, zaborra bertzerik ez da gelditzen. Haizeak plastikozko hainbat poltsa eraman ditu hamaika hegaztiren etxe bilakatu den Landazelaiko hezegunera. Lasai ari dira gora eta behera, hala ere, hainbat uroilo eta haien txitak; lasai, halaber, putzu bazterrean, buztanikara zuria. Igelen kantuak hartu ditu bazterrak, eta sorgin-orratzak ere bazter batetik bertzerako bidea egiten ari dira. Tarteka baino ez dute lurra hartzen, istant batean berriz aireratzeko. “Urak bizitza erakartzen du”.

Jon Martinez lesakarrarenak dira hitzak. Gorosti eta Aranzadi elkarteetako kide da; ornitologoa afizioz. Txitei begira da. “Jaioberriak dira”, azaldu du. Landazelaiko putzutik hurbil du etxea. Handik egiten die so hezegunea etxe edo atsedenerako toki bilakatu duten hegaztiei. “2009. urte inguruan sortu zen putzua”. Errepide ondoko errekan lanak egin zituen Lesakako Udalak, baina hodiren bat apurtu, eta ondoko zelaietan ura pilatzen hasi zen. Putzua baliatzen hasi ziren hegaztiak, igelak eta bertze hainbat animalia. Arriskuan da orain, Lesakako Udalak hasi baititu hezegunea lehortzeko lanak.

“Udalak ez du deus lehortu behar. Hor ura bada, saneamendu lanak egin zirenean hodia xehatu zutelako; aurreko udalak ez zuen konpondu; eta guk eginen dugu”. Lesakako alkate Jose Luis Etxegarai (Geroa Bai) haserre mintzatu da Landazelaiko hezeguneari buruz. “Hezegune bat ere ez da hori”, erran du, barrez, eta hegaztiak badirela ere ukatu du. Landazelaiko putzuaren alde ari direnen kontra gogor mintzatu da, eta herriko EH Bilduko kideei egotzi die auziaren inguruko informazioa zabaltzea.

Lesakako EH Bilduk esku hartu du auzian, bai. Aurreko agintaldian, alkatetza bere esku zuenean, hain zuzen, Landazelaiko eremuan sortutako hezeguneari buruzko txostena eskatu zion Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari. Teknikariak izan ziren putzua ikusten. Eta idatziz jaso zituzten haien ondorioak eta gomendioak.

Interesa duen espazioa

Gobernuak interesgarritzat jo du Landazelaiko putzua, bertzeak bertze, hegazti errarientzat. Atseden hartzeko toki aproposa izan daiteke haientzat, milaka kilometroko bidaiak egiten dituztenean atseden har dezaten.

Nabarmendu dute teknikariek bertze hainbat kontu. Ornogabeentzat, adibidez, Landazelaikoaren gisako putzuak hagitz egokiak direla jaso dute txostenean. Eta eskasak, gainera. Lesakako putzua baliatzen dutenen artean dira coenagrion mercuriale sorgin-orratzak. “Europako habitatari buruzko zuzentarauan jasota dago espezie hori”, azaldu du Lorea Flores biologo lesakarrak.

Oro har, zangaluzeentzat, uretako hegaztientzat, anfibioentzat eta uretako ornogabeentzat egoki jo dute gobernuko teknikariek Landazelaiko putzua. Metro erdi sakon da. Lehorreko faunak ere balia dezakeela gaineratu dute, herritik kanpo dagoelako, eta belardiak eta zuhaiztiak badirelako.

“Tristea da halako espazio bat galtzea; hegaztiek eta bertze hamaika animaliak erabiltzen dute hezegunea, eta ez dago lehortzeko arrazoirik”. Horixe salatu du Floresek. Erantsi du egun batetik bertzera eta azalpenik eman gabe hasi dela Lesakako Udala obrak egiten. “Hodia jarri dute, ura Onin errekara ateratzeko”.

Martinezek eta Floresek argi dute zerbait badela putzua lehortzeko erabaki horren atzean. Aipatu dute Laboral Kutxarena dela lursaila. “Etxebizitzak egiteko asmoa zuten, baina proiektua geldirik dago; erreka ondoan dago, eta uholde eremua da hau”, azaldu du Floresek. Martinezek erantsi du etxeak egin daitezkeela, putzua lehortu gabe.

Lesakako alkateak zehaztu du etxebizitzak egiteko proiektua Clarim etxearena dela. Hain zuzen, Laboral Kutxa da enpresako bazkide bakarra. Etxegaraik nabarmendu du proiektua ez dela bazter gelditu. Lertxunak, martin arrantzaleak, kuliskak, txioak eta bertze dira egun Landazelaiko bizilagun. Ez dago argi noiz arte.