Edurne Elizondo
Talde handia du Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioak: 40 profesional ari dira lanean; tartean, medikuak, psikologoak, hezitzaileak eta pedagogoak, eta, haiekin, 65 boluntario. Droga mendekotasuna duten helduentzako Aldatu programako zuzendaria da Kristina Illescas (Iruñea, 1975).
25 urte egin dituzue. Zuen lana, oraindik ere, beharrezkoa den seinale?
Bai, arazoak hor jarraitzen du, eta jarraituko du. Aldatzen dira substantziak, aldatzen dira modak edo ohiturak, baina beti daude arazoak.
Moda edo ohitura da kontua?
Droga mendekotasuna gaixotasun bat da. Modak aldatzen direla esaten dudanean, kontsumitzen diren substantziak aldatzen direla esan nahi dut. Hasierako urteetan, heroinak sortzen zuen arazo gehien, eta orain, kokainak. Alkohola ere, noski, ezin dugu ahaztu. Beti dago hor.
Gizarteak onartutako droga da alkohola?
Legezkoa denez, gizarteak ez du drogatzat hartzen. Baina errealitatea da alkoholak arazo oso larriak eragiten dituela. Alkoholarekin gertatzen da, gainera, arazoaz jabetzea zailagoa dela. Gizarteak drogatzat hartzen ez duelako, hain zuzen ere.
Iazko datuen arabera, edaten hasteko adinaren batez bestekoa 14,7 urtekoa da.
Alkohola gizartean sartuta dago, erabat. Egia da gero eta gazteago hasten dela jendea edaten, baina adin guztietan eragiten ditu alkoholak arazoak, eta asko, gainera.
Astebururo edaten duenak izan dezake mendekotasuna?
Ez du zertan. Alkoholak urteak behar ditu mendekotasuna sortzeko. Baina gero eta gazteago hasi, noski, orduan eta aukera gehiago izanen duzu mendekotasun hori garatzeko.
Heroina aipatu duzu. Zuen erabiltzaileen %91k kontsumitzen zuen, hasieran; orain, %8 da kopurua. Kontsumoaren argazkia erabat aldatu dela erakusten du horrek?
Bai, hala da; aldaketa izugarria izan da. Nik uste dut heroinaren kontsumoak eragiten zituen arazo larrien inguruan kontzientzia garatuz joan zela. Hasierako urte haietan, droga horren eragina beldurgarria izan zen. Hildako asko utzi zituen bidean, eta osasun arazo asko eragin zizkion jende askori. Hori ikusita, jendeak kontzientzia hartu zuen. Arazoaren dimentsioaz eta larritasunaz ohartu zen. Kokainarekin, ordea, ez da horrelakorik gertatu. Alderantziz, askok uste dute ez dela hain kaltegarria.
Gaur hori da gehien kontsumitzen den droga?
Alkohola bazter utzita, bai. Anfetaminak ere bai, speed-a batez ere; kalamua ere gero eta gehiago ikusten dugu. Guk artatzen ditugun pertsonetako askok kontsumitzen dute, nahiz eta %12 bakarrik etortzen diren kalamuarekin duten mendekotasunarengatik. Ebaluazioa egin, eta ohartzen gara guregana jotzen duten pertsonen erdiak kontsumitzen duela modu okerrean; gehiegi, alegia.
Heroinak eragindako arazo larriak aipatu dituzu. Testuinguru hartan sortu zen fundazioa?
Bai. Heroinaren arazoa kalean zegoen, eta inork ez zekien zer egiten ahal zen. Familia askok eskatzen zuten laguntza. Gizakia Helburu Fundazioa hasia zen beste hainbat erkidegotan lanean, eta hemen ere martxan jartzea erabaki genuen, behar horri erantzuteko.
Administrazioak ez zion arazoari heltzen?
Ez. Arazo berri bat zen denontzat. Inork ez zekien zer egin edo nola jokatu gertatzen ari zen horren aurrean. Guk ere borondatea eta gogoa jarri genituen; batez ere, hasierako urte haietan. Esperientziarik ez genuen. Baina komunitate terapeutikoa osatu, eta lanean hasi ginen.
25 urte bete dituzue jada. Zer ikasi duzue?
Garaian garaiko errealitatera moldatzen ikasi dugu, garai bakoitzak bere arazoak dituelako. Hasieran inork ez zekien deus. Orain bide bat egin dugu. Garaian garaiko drogei buruz ikasi dugu; trebatu gara, eta tratamenduen arloan ere sortu diren aukerak aztertu ditugu. Aurrera egin du zientziak mendekotasunen esparruan, eta etengabe ari gara egokitzen.
Zuen lan egiteko modua zein da?
Lehen urratsa, beti, etortzen den jendea duen arazoaz jabetzea da.
Familiak bultzatuta etortzen dira, batez ere?
Bai. Lantokiko arduradunek bultzatuta ere bai. Baina, batez ere, familiek egiten dute honat etortzeko lehen urratsa. Arazoaz jabetuta, motibazioa lantzea da bigarren urratsa. Aldaketak beti dira zailak, eta lagundu behar dugu. Ohitura berriak garatzen laguntzen diegu gure erabiltzaileei. Eta argi izan behar dugu ere garrantzitsuena dela ikustea zergatik kontsumitzen duten, ez zenbat.
Hori da giltza?
Bai. Hori landu behar da. Hori da konpondu behar dena.
Eta zergatik kontsumitzen da?
Milaka arrazoi daude. Ez da bakarrik arazoak daudelako: pertsona batek lotsa senti dezake eta alkohola erabili besteekin harremanetan jartzeko; adrenalina askatzea izan daiteke helburua; kontsumoa agertzen da, halaber, tratu txarrak eta gisako arazoak daudenean. Faktore asko daude, ez da bakarra izaten. Eta dena jorratu behar da, arazoari heldu ahal izateko.
Familiak parte hartzen du prozesu horretan?
Bai. Guk hori bilatzen dugu, baina beti ez da posible. Etortzen denak ez badu nahi, erabaki hori errespetatzen dugu, noski. Baina garrantzitsua da. Lan sakona egin behar du familiak ere; aldaketa sakonak ere bai, askotan.
Nerabeak eta helduak artatzen dituzue. Ezberdina da lana bi kasuetan?
Nerabeekin, batez ere, prebentzioa lantzen dugu, Suspertu izeneko programaren bidez.
Zein da mezua, drogarik har ez dezatela, edo arduraz joka dezatela, kontsumitzen badute?
Gure mezua da drogarik ez dezatela hartu. Ikerketek diote alkohola kontrolatzen ahal dela; baina beste substantzien kasuan kontrolatzen ahal dela esaten duen ikerketarik ez dago, ordea. Alkoloharekin, beraz, mendekotasunik ez dagoenean, ondo hartzeko programa dugu.
Zuek ere egiten duzue alkoholaren eta bertze drogen arteko bereizketa, beraz?
Substantzia bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta egia da alkohola kontrolatzen ahal dela. Kokaina, berriz, ez. Lehenago edo beranduago, kalte egiten du beti.
Helduentzat bertze bi programa dituzue, ezta?
Bai. Batetik, komunitate terapeutikoa dugu. Lizarran zentroa dugu. Normalean guregana jotzen dutenek urtebete egiten dute han, hasieran handik atera gabe. Bestalde, Aldatu programa dugu; zentroan gelditu gabe, astean behineko arreta eskaintzen dugu. Kasu guztietan, zulotik atera daitekeela nabarmendu nahi dugu.