Goruntz begira

Goruntz begira

Edurne Elizondo

Zoaz mendira, lurrean etzan, eta egin iezaiozu so zeruari. Hori da astronomia”. Luis Martorellek erran ditu hitzok. Astronomo amateurra da, Girgillaoko behatokia martxan jarri zutenetako bat. Igandean, Espainiako Astronomia Kongresuko parte hartzaileek bisitatuko dute eraikin hori. Iruñean egin dute bat; 200 inguru dira, eta atzotik ari dira astronomiaz eztabaida egiten, planetarioan. Bi urtean behin egiten dute topaketa hori, eta astronomo amateurren artean garrantzitsuenetako bat da.

Girgillaoko behatokiko kideek planetarioko bertako eta Astronavarra Sarea elkarteko kideak izan dituzte lagun kongresua antolatzeko bidean. Bi urtean behin egiten dute. Astronavarra Sarea, hain zuzen, 2014. urtean jarri zuten martxan, eta, geroztik, abian den topaketa prestatzen aritu dira. 150 bazkide inguru ditu elkarteak gaur egun, eta astronomiari buruzkoak zabaltzea hartu dute helburu nagusi. “Zaletasunak gora egin du Nafarroan”, nabarmendu du Astronavarra Sareko Javier Pratek.

Iruñeko Planetarioak badu horretan ikustekorik. 1993an inauguratu zuten, eta astronomo amateurrentzako bilgune izan da. Ez bakarra, ordea. Girgillaoko behatokia astronomia zaletasun duten hainbat pertsonak jarri zuten martxan, duela lau urte inguru. “Hainbat lagunek egin genuen bat; karrikan egon beharrean, babesteko toki bat nahi genuen, eta Girgillaon utzi ziguten. Kontzejuak anitz lagundu digu. Hiru teleskopio ditugu, eta kontzejuak berak bertze bat jarri du. Bisitak egiteko hamaika eskaera jasotzen ditugu; gainezka egin digu egoerak!”, azaldu du Martorellek.

Astronomo amateurren artean era askotakoak daudela azaldu du Pratek. Zeruari so egitea nahikoa da zenbaitentzat. “Abuztuan, adibidez, Pertseidak ikus ditzakegu”. Bertze zenbaitek nahiago dute diru bat inbertitu. “Bertze edozein zaletasun duenaren kasuan gertatzen dena gertatzen da astronomoen artean ere: muga norberak jartzen duela”,erantsi du Martorellek. Astronomoek zehaztu dute, hala ere, teknologia berriei esker, astronomo amateurren eta profesionalen arteko muga gero eta lausoagoa dela. “Profesionalek, anitzetan, amateurren laguntza eskatzen dute; amateurrek lortutako datuak baliatzen dituzte”.

Profesionalen eta amateurren arteko elkarlana jorratuko dute, bertzeak bertze, Iruñeko Planetarioan abian den kongresuan. Bertze hainbat gai jarri nahi izan dituzte antolatzaileek mahai gainean, halere, eta nagusietako bat da argi kutsadurarena. Zeru iluna maite dute astronomoek, herri eta hirietan dauden kale-argiek behatu nahi dituzten izarrak eta gainerakoak ezkutatzen dituztelako.

“Arazoa ez da bakarrik gurea; kontua da energia xahutzen ari garela; kaleko argiek, anitzetan, ez dute beren helburua betetzen, zerua argitzen baitute, lurrean dagoena argitu beharrean”, salatu du Pratek.

Martorellek azaldu du Garesen, Girgillaoko behatokiko kideen laguntzarekin, hain zuzen ere, araudi berria egin dutela, argi kutsadurari aurre egin ahal izateko. “Arazoaz jabetu dira, eta neurriak hartu nahi dituzte”. Nafarroa osoan indarrean dagoen legeak ere argi kutsadura bazter uzteko neurriak agintzen ditu. “Aurretik dauden kale-argiek, ordea, ez dute araudi hori betetzen”. Aldatu ez dituztenez, arazoa bere hartan dago oraindik, neurri handi batean.

Astronomoak ez dira zeru iluna bilatzen duten bakarrak. Nafarroako Gobernuak ere izarrak behatzeko zaletasuna turismoa sustatzeko bide bilakatu nahi du. NICDO izenekoa da Iruñeko Planetarioa kudeatzen duen enpresa publikoa, eta “astroturismoa egiteko guneak” zehaztu nahi dituzte herrialdean. “Babestutako eremuak izanen lirateke, nolabait, argi kutsadurarik gabekoak”. Donejakue bidea izanen litzateke toki horietako bat. Erronkarin ere sustatu nahi dituzte astronomia eta turismoa. “Zehazki, Larrako eski estazioa nahi dugu astronomoentzako gune bilakatu”, azaldu du NICDO enpresako kide Javier Lakunzak.

Sekretu gutxiago

Donejakue bidean, Larran, edonon. “Zeruari so egitea da kontua”, berretsi du Javier Pratek. Zeruari so egitean, hain zuzen, unibertsoa uste duen baino handiagoa dela ohartzen da gora begiratzen duena, Astronavarra Sareko kideak erran duenez. “Unibertso horrek sekretu anitz ditu, oraindik ere, baina lehen baino gutxiago; gero eta gehiago dakigu”.

Aspalditik da Prat astronomo amateurra; bitan ikusi ahal izan du eguzki eklipse oso bat, eta nabarmendu du gisa horretako bertze bat ikusi ahal izanen dela datorren urtean Ameriketako Estatu Batuetan. “Ikuskizun benetan ederra da hori; gauak hartzen du eguna. Hemen, 2026an izanen da”.

Eklipseak, izar iheskorrak, asteroideak… zeruan ez da falta zer behatu. “Ez dago aspertzeko aukerarik”. Iruñeko Planetarioa hartu duten astronomoek badakite. Zeruari so egiten diotelako etorri dira kongresura, hain zuzen ere. Eta hori egiten jarraitu nahi dute. Goruntz begira.