Iritzia: Zaharren egoitza pribatuak

Tania Arriaga Azkarate

Uda joan zaigu, eta, gehienontzat, estresaren eta abentura berrien sinonimo da ikasturte berriaren hasiera. Aldiz, zaharrentzako egoitzetan dauden lagunentzat erronka uda estresik gabe gainditzea dela esanen nuke nik. Izan ere, udako sasoiarekin batera zaintzaileek merezitako oporrak hartzen dituzte, eta lanera behin-behineko ordezkariak heltzen dira; 0tik 100erako abiaduran lan-karga berari aurre egin behar diote.

Zeregin taula ikaragarria dutela jakin dut, minutuz minutu antolatuta, pertsonekin baino gehiago, automozio piezekin lan egiteko pentsatua. Gainera, enpresek sarri uda baliatzen dute egiturazko aldaketak egiteko, hau da, eraikuntza lanak edo berrantolaketak aurrera eramateko. Baldintza prekario horiek zahar etxeetan ditugun lagunek ere pairatzen dituzte. Uda garaian, istripu txikiak eta nahasteak nahi baino gehiagotan gertatzen dira; horregatik, esan daiteke enpresen zuhurkeriak osasuna okerragotzen diela gure senitartekoei.

Nafarroan badira hiru zahar etxe publiko, bi Iruñean eta hirugarren bat Lizarran; itunpeko egoitzak, berriz, 77 dira. Azken horien artean, 38 Lares sare erlijiosoari dagozkio, hortik gero egoitzen izenak ere: San Jose, Aita Barandiaran, San Frantzisko Asiskoa… Bestalde, Setenasa Gestion etxeak erresidentzia bat du, Sanitas Residencial etxeak bi, Seresgesnak beste bi eta Ammak, berriz, bost. Edonola, horiek guztiek gauza komun bat dute: mozkin ekonomikoa; eta azken urteetan bildutakoa, hain zuzen ere, ez da makala izan.

Esate baterako, 2014. urtean, Amma Nafarroak 1.804.000 euro irabazi zituen, eta, 2015. urteko txostenaren arabera, iaz, Amma Españak inoiz baino diru gehiago bildu zuen. Amma, 1997. urtean Nafarroan sortu, eta Estatuan barna Banca Civicarekin zabaldu zen, gure sosa dela medio, hain zuzen ere.

CANeko banpirizazioaren ondoren Amma Caixabankarena izatera pasatu zen, joan den ekainean 220 milioi euroan Decathloneko jabeari saldu zion arte. Dena dela, enpresa pribatuen artean, hau da tokiko bertako, Nafarroako, lan hitzarmena duen bakarra, eta langileen baldintzak gainontzeko enpresa pribatuenak baino pixka bat hobeak dira.

Adinduen zaintza kudeatzeko beste eredu bat ere badugu herrialdean: Nafarroako 29 herritan udalek/fundazioek/patronatuek gidatutako zaharrentzako egoitzak badituzte.

Kasu horretan, arazoa bestelakoa izaten da, hurbiltasuna dela eta beharginek ezin baitute bizitza pribatua lan-bizitzatik bereiztu.

Argi eta garbi, zaharrentzako egoitzetan aritzen diren langileek lan baldintza hobeak behar dituzte, gure senitartekoak behar bezala zaindu ahal izateko. Horretarako, lanordu gutxiago egin behar dute. Gaur egun, gehienek urtean 1.792 ordu sartu behar izaten dute; soldata egokiak eta kontratatu gehiago behar dira, gainera.

Enpresek mozkin aski izan badute horrelako hobekuntzak egin ahal izateko beren egoitzetan; gure senitartekoek errespetua eta maitasuna merezi eta behar dute.