Kattalin Barber
Ez dute beilatokia herri barruan nahi. Hori da Etxarri Aranazko hainbat bizilagunen eskakizuna, herriko kale nagusian ezarri nahi duten beilatokiaren aurka. “Ez gure kalean, ez beste inon, beilatokia herritik kanpo egotea eskatzen dugu”, azaldu dute beilatokiaren aurkako taldeko kideek. Haien kezka eta gaitzespena adierazi dute. Sinadurak biltzen ere hasi dira.
Ez da lehen aldia Nafarroan beilatoki bat jartzeak herritarren gaitzespena jasotzen duena. 2014. urtean, Berako beilatokiaren aurka sinatu zuten 800 pertsonak, eta Iruñeko Txantrea auzoan eta Uharten ere gaiak hautsak harrotu ditu uda honetan.
“Nafarroako Arartekoak beilatokiak etxebizitzen beheko solairuetan debekatzea iradoki, eta beste kokapen bat bilatzea gomendatzen du”, azaldu du Etxarri Aranazko beilatokiaren aurkako taldeak. Hori dela eta, udalari bilera eskatu diote gaiaz mintzatzeko, eta, bide batez, hildakoen inguruko osasun udal ordenantza bat eskatzeko: “Beilatoki eta tanatorioak herritik kanpo egitea arautzea nahi dugu”.
Izarralore SL enpresak beilatokia eraikitzeko eskakizuna egin zuen, eta Etxarri Aranazko Udalak baimena eman zion, legearen barnean dagoelako. Herriko bizilagunek beldurra dute ea beilatokia ez den tanatorio bihurtuko: “Baimen berezia beharko luke tanatorioa izateko, baina ez dugu oso argi ez duten beilatokia tanatorio moduan erabiliko”. Tanatorioetan tanatopraxia —hilotzen hondatze prozesua gelditzeko tekniken multzoa— egiten da; beilatokia, berriz, hil beila egiteko aretoa da, eta ez dago inolako kontakturik hildakoarekin.
Beilatokiaren aurkako bizilagunek uste dute beilatokia etxe azpian izateak eguneroko bizitza baldintzatzen duela: “Auzolaguna ataritik ateratzen den bakoitzean, hildakoaren senide eta lagunekin topo egiten du, eta aldiro behartuta dago horren saminarekin bizitzera”. Gainera, taldeak adierazi du Etxarri Aranazko beilatokiak legea betetzen duen arren, “traba egin eta gehiengoaren bizikidetza hondatzen” badu, administrazioak hori aintzat hartu behar duela. “Legez jokatzea ez da administrazioaren betebehar bakarra”, adierazi dute.
Kale Nagusiko 2. zenbakiko, Eraga etorbideko 1. zenbakiko eta Artola kaleko 2. eta 4. zenbakietako bizilagun gehienek bat egin dute beilatokiaren aurkako taldean. Inguruko herriekin ere harremanetan jarri dira haien iritzia jakiteko, eta sinadura bilketa martxan jarri dute herriko taberna zein dendetan. “Beilatokia erabiliko dute inguruko herriek ere, eta haien iritzia zein den jakitea garrantzitsua da”.
Hildakoaren senide eta lagunek giro lasaia eta barea behar dutela eta herriko kale nagusia ez dela horretarako batere egokia salatu dute bizilagunek. “Trafiko gehien duen kalea da, aparkaleku gutxi ditu, eta ez dago leku irekirik lasai egoteko eta hitz egiteko ere”.
Beran ere, aurka
2014an Berako Iturlandeta auzoan beilatokia jarri behar zutela eta, ezinegona agertu zuten auzoko eta herriko hainbat bizilagunek. 800 sinadura bildu zituzten udal ordenantza aldatzeko eta beilatokia “toki egokian” jartzeko eskatuz. Marisol Taberna zen orduan Berako alkatea, eta, hark zioenez, ez zuten ordenantza aldatu, beilatokia egiteko eskaria egin zenean indarrean zegoen ordenantzak beilatokia jartzea baimentzen zuelako. Hortaz, ordenantzaren aldaketak ez lioke eraginen aldez aurretik onartuta zegoen lizentziari. Beilatokiko lanak hasterakoan, zenbait istilu izan ziren. Egun, beilatokia egina dago, baina ez da erabiltzen. Aurretik zegoen beilatokia erabiltzen dute herritarrek eta ingurukoek.
Bera eta Etxarri Aranazko beilatokien aurkako taldeak ez dira kasu bakanak. Uda honetan bertan, Uharten eta Iruñeko Txantrea auzoan elkarretaratzeak izan dira egin nahi dituzten beilatokien aurka. Sinadurak biltzen aritu dira Uharteko bizilagunak ere, eta udalari eskatu diote udal ordenantza alda dezala, halako eraikuntzak ez baimentzeko. Eguneroko bizitza normal egitea oztopatzen dutela eta bizilagunei kalte egiten dietela diote Txantrea eta Uharteko bizilagunek. Uharteko Udala enpresarekin negoziatzen ari da beilatokia lekuz aldatzeko. Udalak ere uste du Alde Zaharra ez dela toki “egokiena”, eta dauden aukeren artean Uharteko beste tokiren batean jartzea begi onez ikusten du.
Iruñeko Donibane eta Ermitagaña auzoetan tanatorio bana dago, gaur egun; Iratxek Donibanen duenak ere auzoko bizilagunen protesta piztu zuen, egin zutenean. Egun, inguruko bizilagunen etxebizitzen artean, normal-normal funtzionatzen du.