“Ikastolak eragile aktiboak ere badira gure eskualdean”

“Ikastolak eragile aktiboak ere badira gure eskualdean”

Kattalin Barber

Vianako Erentzun ikastolan ikasi zuen Ana Galarrek (Lizarra, 1985). Aurten, ikastetxe horretara itzuli da, baina zeregin guztiz desberdina izan du: Nafarroa Oinez-eko koordinatzaile lanetan aritu da, hain zuzen ere. Dena prest dute Vianan, heldu den igandean ikastolen jaia ospatzeko, eta, aldi berean, euskara lau haizeetara zabaltzeko.

Lehenengo aldiz bi ikastolen artean antolatu duzue Nafarroa Oinez. Nolakoa izan da elkarlana?

Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolen artean antolatu dugu aurten, bai. Eskualde honetan bi ikastola txiki batera aritzea oso interesgarria eta aberasgarria iruditzen zait. 30 kilometro daude bi herrien artean, eta, egia esan, bi herrietan euskararen alde gauden pertsona askok ez genuen elkar ezagutzen. Beraz, harreman horiek egitea oso positiboa izan da denontzat, helburu bakarra dugulako: euskara gure herriotan zabaltzea. Gainera, Nafarroa Oinez ez da soilik igandeko eguna, ez da egun bakarreko kontua. Urte osoan hamaika jarduera antolatu ditugu, eta proiektu asko izan ditugu esku artean. Txikiak Handi, Oinez Gailurra eta Oinez Basoa proiektuak dira horren adibide.

Aurten D eredua zabaltzeko aukera egon da Nafarroa osoan, sare publikoan. Zer iruditzen zaizue?

Ikusi da euskara ikasteko eskubidea daukagula nafar guztiek, eta txalogarria da hori. Hemendik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den gure herriotan. Baina egia da gaur egun ikastolak erreferenteak direla gure eskualdean euskaraz ikasi eta euskaraz bizi ahal izateko. Vianan ez dago D eredurik, eta nik ez dut aldaketa hori ezagutu.

Ikastolako ikaslea izan zinen, irakaslea ere bazara, eta aurten Nafarroa Oinez-eko koordinazio lanetan aritu zara. Zer ekarri dizu zuri Nafarroa Oinez zure ikastolan egiteak?

Vianako Erentzun ikastolan ikasi nuen, eta, horregatik, oso berezia da niretzat Oinez hemen egitea. Nire bizitzan ikastola oso garrantzitsua izan da, hain zuzen ere. Gaur egun dudan izaera edukitzea, ni naizena izatea, hori guztia ikastolari zor diot. Izan ere, niretzat ikastola familia bat izan da. Ikasle izan nintzeneko oroitzapen oso onak ditut. Kanpoan egon naiz hainbat urtez, eta oso esperientzia polita izaten ari da herrira itzultzea eta euskararen aldeko borroka horretan berriro aritzea.

Asko aldatu da ikastola urte hauetan guztietan?

Zeharo. Bitxikeria moduan, konta dezaket nik ikastolan ikasi nuenean oilategi izandako eraikin batean hartzen genituela eskolak. Eraikin berria egin zuten gero, baina nik han urtebete baino ez nuen eman. Hasieran ez genuen espazio egokirik, eta oinarrizko beharrak genituen. Gaur egun, Viana eta Lodosako ikastolek edozein zentroren antza dute, eta herrietan integratuta daude. Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen ikastolen lana, baina nire garaian egoera bestelakoa zen. Urtez urte aurrera egin dugu, eta aurrera jarraituko dugu.

Zertarako behar duzue dirua?

Historikoki, Nafarroa Oinez antolatzen zuenak bildutako dirua erabili ohi zuen eraikinak egiteko eta oinarrizko behar horiek betetzeko. Behin hori gure ikastoletan lortu dela, dirua behar dugu zorra kitatzeko. Horrez gain, gure proiektuek aurrera ateratzeko eta pedagogia eta metodologia proiektuak garatzeko erabiliko dugu dirua. Beste behar batzuk ditugu orain, baina oso garrantzitsuak ere.

Aurtengo leloa Hartu, tenka, tira da. Zeri egiten dio erreferentzia?

Gure irudia soka da. Azken finean, indar guztiak batu behar ditugu euskararen alde eta ikastolen alde aritzeko. Hori islatu nahi izan dugu. Soka horri eutsiz lortuko dugu euskara zabaltzea eta normalizazioa lortzea gure eskualdean.

Zein da urte honetako helburua?

Helburu desberdinak ditugu. Bi ikastolek bidea egin dute, eta egin ditugun jarduera guztiak sozializazio horretara bideratuta egin dira. Ikastola txikiak dira gureak, baina bakoitzera inguruko bederatzi herrietako haurrak etortzen dira. Hortaz, herri horietan guztietan ere presentzia izatea nahi dugu, eta euskara zabaltzea. Errealitate bat garela erakutsi behar dugu, finean. Egun, nire herrian erosketak euskaraz egin ditzaket, eta kafesnea euskaraz eskatu hainbat tabernatan. Orain dela hamar urte ezinezkoa zen. Jauzi handia eman dugu, nahiz eta oraindik bidea gelditzen zaigun egiteko. Hori guztia lortu da, besteak beste, ikastolak hemen daudelako. Nafarroa Oinez jaiarekin saiatu gara euskara kalera ateratzen eta herrietara joaten, baina urtero egiten dugun lana da hori. Gure egunerokoa horrelakoa da, Nafarroa Oinez jaiarekin eta gabe. Euskara plazara eraman behar dugu, ezinbestekoa dugu hori. Izan ere, eskolak izateaz gain, ikastolak eragile aktiboak ere badira gure eskualdean.

Jarduera guztiak aurrera eramateko laguntza beharko duzue igandean. Boluntarioen lana oso garrantzitsua da?

Bai, laguntza oso garrantzitsua da. Gure eskualdean gurasoak eta familiak inplikatu dira gehienbat, baina herriko jendea ere hurbildu da lantaldeetan aritzera. Lana aurrera eramateko hamahiru batzorde osatu genituen, eta bakoitzean lantalde bat dago. Pertsona askok parte hartzen dute, baina antolatu ditugun jardueretarako ere laguntza beharko dugu. Txikiak garelako behar dugu kanpoko laguntza. Sekulako lana izan dugu urte honetan, baina ilusioa dugu. Indargarria izan da. Orain bakarrik espero dugu igande honetan Viana jendez lepo betetzea eta euskara lau haizeetara zabaltzea.