Lagundu eta errespetatu

Lagundu eta errespetatu

Edurne Elizondo

Gizarte langilea eta soziologian doktorea. Indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin egin du lan Maria Antonia Aretiok (Logroño, Errioxa, Espainia, 1966), azken 27 urteotan. Emakume horiek artatzeko politikak jorratu ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako tesian, hain zuzen ere, eta hainbat ondorio jarri ditu mahai gainean: lehenik, egungo sistemak salaketa jartzen duela prozesuaren erdigunean, eta hori ez dela emakumeek anitzetan behar dutena; bigarrenik, osasun zerbitzuek funtsezko lana egin dezaketela indarkeria antzemateko, eta horiek sendotzeko neurriak behar direla; eta, hirugarrenik, emakumeek pairatzen duten egoera atzean utzi ahal izateko, batez ere, laguntza, baliabideak eta errespetua behar eta eskatzen dituztela. Horietan jarri behar dela arreta, hain zuzen ere.

Aretiok onartu du tesia egiteko lanak “aldatu” egin duela. 50 emakumerekin hitz egin du ia 1.000 orriko testua osatzeko. Banakako elkarrizketak egin dizkie, eta taldeka ere landu dituzte solasaldiek azaleratutako gaiak. Tesiaren mamia ere haiekin adostutakoa dela nabarmendu du Aretiok. “Haiek egindako proposamenak jaso ditut; haiek direlako zer behar duten hobekien dakitenak”, azaldu du. Emakumeok errateko zutena entzuteko prozesua “gogorra” izan dela aitortu du gizarte langileak. “Hunkitu” egin duela, erabat. “Haiekin hitz egiteak erakutsi dit nik ere dudan boterea erabili egiten dudala; ni ere banaizela min egiteko gai. Horretaz ohartzea izugarria izan da”.

Horretaz ohartu, eta Errioxako Gobernuko Osasun zerbitzuetako arduradunekin lanean hasi zen Aretio, tesia bukatu bezain pronto. Osasun etxe batean egiten du lan gizarte langileak, eta emakumeek aipatutako lehentasunak jarri nahi ditu haiek artatzeko sistemaren erdigunean. “Horretan ari gara lanean”.

Gizarte langileak argi du zein den helburua: “Indarkeria sufritzen duten emakumeak laguntzea. Prozesu bat da indarkeria horretaz jabetzea eta atzean uztea, eta egin beharreko urrats horiek bakarrik egin behar ez izatea da emakumeontzat garrantzitsuena”.

Bidean ongi prestatutako profesionalak behar dituzte indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeek. “Emakumeon erritmoak eta prozesuak ulertu eta errespetatuko dituzten profesionalak”, zehaztu du Aretiok. Gaur egun esparru gehienetan formakuntza eskasa dela argi utzi du. “Argi dago emakumeak ez duela jarraitzen erasotzailearekin nahi duelako; errealitate hori atzean uzteko baliabiderik eta aukerarik ez dute, anitzetan, menpekotasun ekonomiko eta emozional handia dutelako. Emakumea artatzen duen profesionalak argi izan behar du hori. Lagundu eta errespetatu behar du, baina epaitu gabe”, nabarmendu du Aretiok.

Familia eredua

Seme-alabak dituztenean gehiago kostatzen ohi zaie emakumeei erasotzailearengandik urruntzea. “Emakumeek uste dute seme-alabentzat hobe dela familiari eustea; baina ez da egia, eta administrazioak familia tradizionalaren eredu horren aurkako kanpainak egin beharko lituzke. Argi utzi behar da, indarkeria dagoenean, seme-alabentzat onena dela harreman hori lehenbailehen haustea”.

Indarkeria matxistaren ondorioak seme-alabek ere pairatzen dituzte. “Indarkeria horren lekuko badirelako, edo indarkeria horrek haien amarengan duen eraginaz ohartzen direlako. Ama gaixo eta gaizki ikusten dute”. Haur eta gazte horientzat, ordea, sistemak ez du laguntza nahikorik eskaintzen, Aretiok bere tesian salatu duenez. “Adingabeok gutxitan jasotzen dute behar duten arreta profesionala”.

Emakumeak sufritzen duten indarkeriaren ondorioz gaixotzen direla erran du Aretiok. Eta egoera horrek eramaten ditu osasun zerbitzuetara. “Errealitate horren lekuko gara. Emakumeak guregana etortzen dira, eta alde batetik bertzera eramaten ditugu; adimen osasuneko zerbitzura, traumatologoarengana, erizainarengana… Profesionalek emakumeon sintomak artatzen dituzte, behin eta berriz, baina ez dira ausartzen sintoma horien azpian dagoena agerian uztera”, azaldu du gizarte langileak. Profesional horien formakuntzak huts egiten duela berretsi du, eta arlo horretan hartu behar direla neurriak, batez ere. “Emakumeek hori eskatzen dutelako”.

Emakume guztien egoera ez da bera. Aretiok migratzaileena eta ezintasunen bat dutenena nabarmendu ditu. Bai eta herri txikietan bizi direnena, emakume zaharrena edo hagitz gazteena ere. “Ahulago egon daitezke indarkeriari aurre egiteko, eta, ondorioz, indarkeria horren ondorioak are larriagoak izan daitezke haientzat; indarkeria horrek harrapatuta denbora gehiago egoteko arriskua dute”.

Aretiok, hala ere, biktima hitza baztertu egin du bere tesian, eta estereotipoak hautsi nahi izan ditu. “Emakumeok ez dira amore ematen duten pertsona pasiboak; hamaika estrategia garatzen dituzte sufritzen duten indarkeriari aurre egiteko. Emakume indartsuak dira. Emakumeok beren kabuz aurrera egiteko gai direla ohartzea da prozesu osoaren gakoa; eta momentu horretan urratsak egiten jarraitzeko laguntza badutela sentitu behar dute. Hori da kontua”.

Profesionalek eskaintzen ahal duten laguntzaz harago, emakumeek elkarri ematen ahal dioten babesa eta berotasuna nabarmendu ditu Maria Antonia Aretiok. “Zure egoera bera pairatu duenak hobeki daki zer behar duzun”. Indarkeria matxista atzean uztea lortu duten emakumeen taldeak hagitz garrantzitsuak direla nabarmendu du, eta administrazioari halakoak bultzatzeko eskatu dio. Gizarteak ere duen ardura bere egin behar duela argi utzi du Aretiok. “Emakumeak ez dira pairatzen duten indarkeriaren erantzule. Ezin ditugu haiek erruduntzat jo. Errudun erasotzaileak dira, bai eta emakumeek behar dituzten baliabideak eskaintzen ez dituen gizartea ere”.