Iritzia: Eguneroko borrokak

Lohizune Amatria

Egia. Justizia. Erreparazioa. Bizikidetza. Bakea. Azkenaldian askotan entzun ditugu kontzeptuok. “Gaixoa hitza”, zioen Ana Fernandezek bakeari buruz Nafarroako Parlamentuan egindako jardunaldietan. Arrazoia du, erraz erabiltzen ditugu, esanahiez husteraino, gehiegi, batzuetan.

31 urte dira osaba hil zutela. Eta datorren asteburuan, Orbaizetako Olan izanen gara hitzok aldarrikatzen. Gezurra gogoratu, eta oihukatuko dugu azaroaren 26 horretan gertatutakoa ez dela Guardia Zibilak kontatzen duena. Are gehiago, torturatzen jarraitzen dutela. Ez dira eten herria kontrolpean edukitzeko tresna politikoak. Ongi dakigu hori. Baina horregatik ez da isildu biktimen arteko elkarbizitza normalizatu bat lortzeko borroka. Eta horri esker, seguru asko, urte hauetan guztietan, eman dira pausoak aipatutako ideiak erdiesteko bidean.

Jarraituko dugu protesta, elkarretaratze eta manifestazioetara joaten. Baina noiz arte iraun dezake erresistentzia hutsak? Espainiako eta Frantziako estatuen immobilismoak edozein esfortzu zapuztuko duelakoan nago. Ez dut ordezkari eta erakundeen aldetik aurrerako mugimendu askorik sumatu. Eta ez dut uste eginen dutenik.

Betikotasunean iltzaturik daude.

Isiltasunaren zigilupean, areka edo hobiren batean egon litekeen bizilaguna atseden hartu ezinik dago. Noiz?, nola?, non?, zergatik?, erantzun gabeko galderak dira haren senideentzat. Izenik gabeko gorpuak; gorpurik gabeko izenak. Giltzapeturik ikusten dute etorkizuna.

Buruz behera, gutxietsirik, aurpegia estaliko dion ilerik gabe geratu da haren ama. Herriko kaleetatik erakutsi dute, elizaren bateko gurtzeko ikurra balitz bezala. Ez dira loreak eta hitz ederrak, baina, haren gorputz biluzia zikintzen dutenak.

Ez dago haren mina erreparatzen duen plakarik. Eta, “eskerrak”, dio urtero anaiaren oroimena gordetzeko plaka garbitzen duenak. Ez du hori pentsatzen, baina nazkaturik dago karriketan azaltzen diren mezu pozoituekin. Antzeko sentimendua dute aitarena behin eta berriz ezarri behar izan duten seme-alabek ere. Behin eta berriz kentzen diete aita.

Ilundu du egunak, eta aita, ama, seme-alaba edota laguna ikustera joateko, piztu dute berriro autoaren motorra. Ibilbide luzea dute aurretik; erlojuan, berriz, ordu txikiak dituzte. Joanekoan, ilusioa eta gogoa; itzuleran, frustrazioa eta nekea. Bizitzari gogor helduta ziega baten barroteen artean itzaltzen ari den senidea utzi dute atzean. Beste behin.

Estatuek Europako epaitegiek agintzen dutena bete dezaten borrokan dabil haren abokatua tribunaletan. Boterearen inpunitateak haren bulegora kanporatu du, baina. Eseri, eta apalategian pilatutako sufrimenduz beteriko testigantzak begiratu ditu.

Gorputzean kolpeen zantzuak ditu oraindik paper horietako bateko protagonista den baina izan nahi ez duenak. Etxerako bidean da, abiadura bizian, haren itzalak jada ez duelako haren itxura hartzen. Beldurra hezurretan sarturik duen eta bizkartzainetatik aldentzen ez den bizilagunarekin gurutzatu da. Elkar begiratu dute.

Bizikidetza nahi dute biek. Bidean, baina, ez dute hori aurkitu.

Immobilismoa. Zigorgabetasuna. Boterea. Interesak. Gezurrak.