“Errealitatea ezagutu behar dugu neurriak hartzeko”

“Errealitatea ezagutu behar dugu neurriak hartzeko”

E. Elizondo

Besarkada elkarteko kideekin bat egin du Leire Azkarate psikologoak. Argi du suizidioari buruz hitz egin behar dela, aurre egin eta aurrea hartu ahal izateko. Bertze hainbat profesionalekin batera, 2010etik 2013ra gertatutako suizidioak aztertu zituen. Bere burua hil zutenen soslaia eman zuten: hirigune batean bizi den 53 urteko gizonezkoa.

Garrantzitsua iruditzen zaizu Besarkadaren gisako elkarte bat sortu izana?

Bai, hagitz garrantzitsua. Batetik, arriskuan dagoenak baduelako nora jo. Babesteko eta zaintzeko lana egin dezakete halako elkarteek. Bertzetik, bere buruaz bertze egin dutenen senideentzat ere hagitz garrantzitsua da halako elkarteek ematen ahal duten babesa. Esperientzia bera bizi duenaren laguntza hagitz inportantea da. Argi dago halako kasuetan dolua zaila izaten dela, eta bat egiteko espazio bat izatea ona izaten da.

Suizidioaren inguruan hitz egin behar da?

Bai, zalantzarik gabe. Bada mito bat esaten duena suizidioen inguruan hitz egiteak gisa horretako heriotza gehiago eragiten duela, baina ez da egia. Kontrakoa gertatzen da. Suizidioaz modu egoki batean hitz egiten badugu, lortzen ahal dugu sufritzen ari den pertsonaren esku tresnak jartzea egoera hori kudeatzeko.

Beldurra diogu auziari?

Gizarteak ez du suizidioaren gaia ezagutzen, beldurra diolako, hain zuzen. Eta, anitzetan, gure sentsazioa da gai horri buruz hitz egiten badugu kalteren bat eraginen dugula. Baina argi izan behar dugu errealitatea ezagutu behar dugula hari aurre egiteko neurriak hartu ahal izateko. Bai eta aurrea hartzeko ere.

Estigmak ere eragiten du hitz egin nahi ez izatea?

Bai, estigmak indar handia du, oraindik ere. Familiak sentitzen du lotsa eta errua. Buruko gaitzekin ere lotzen da suizidioa, eta zenbait kasutan hala izaten da; bere buruaz bertze egiten duenak buruko gaitzen bat badu, baina ez beti. Pertsona batek bere buruaz bertze egiten duenean gertatzen da momentu horretan anitz sufritzen duela. Horregatik erabakitzen du erabakitzen duena. Eta horren errua ez da inorena. Pertsona baten egoerak, baldintzek eragiten dute. Hainbat faktorek. Jendeak informazioa badu suizidioari buruz, behera eginen du haren inguruko estigmak.

Sufrimendua aipatu duzu. Elena Aisak erran du kostatzen zaigula behar den bezala kudeatzea. Zer deritzozu?

Bere buruaz bertze egiten duenak izugarri sufritzen du, eta horregatik erabakitzen du hiltzea, momentu horretan konponbide bakarra hori dela uste duelako. Berez, bere helburua ez da hiltzea, baizik eta sufrimendua bazter uztea. Argi izan behar dugu eta zabaldu badirela sufrimendu horri aurre egiteko baliabideak; senideen eta lagunen babesa dago, bai eta bertzelako zerbitzuena ere; gizarte zerbitzuek eta osasun zerbitzuek badituzte tresnak halako egoera batean dagoen pertsona laguntzeko. Baliabide horiekin lor daiteke krisia gainditzea. Helburua da sufritzen ari den pertsona laguntzea, uneko egoera horri aurre egiteko gaitasunak eskura ditzan.

Arrisku egoerak aipatu dituzu. Zeintzuk dira?

Gure ikerketaren arabera, hirigune batean bizi den 53 urteko gizonezkoa da Nafarroan bere buruaz bertze egiten duenaren soslaia. Faktore soziodemografikoak jorratu genituen, batez ere. Badira bertze hainbat faktore ere, klinikoak eta psikologikoak, bertzeak bertze.

Antzeman daitezke, beraz, arrisku egoera horiek?

Bai. Lehen mailako osasun zerbitzuak dira horretarako lehen atea. Formakuntza beharrezkoa da alor horretan ere.