Isiltasunaren pareta botatzeko

Isiltasunaren pareta botatzeko

Edurne Elizondo

Hitz egiten ez badugu, existitzen den errealitate bat bazter utzi bertzerik ez dugu egiten. Lortzen badugu suizidioaren auziari normaltasunez eta lasaitasunez eustea, aurre egiten badiogu osasun arazo larri baten gisa, sufritzen ari direnei eta nora jo ez dakitenei helduleku bat eskaini ahal izanen diegu”. Cecilia Borrasenak dira hitzak. Kataluniako Despres del Suicidi elkartea sortu zuen, 2013. urtean, 19 urteko semeak bere buruaz bertze egin eta gero. Nafarroan, gisako talde bat osatu berri dute beren burua hil dutenen senideek ere: Besarkada elkartea jarri dute martxan. Elkarri eusteko, eta behar duen edonori helduleku bat eskaintzeko. Isiltasunaren pareta, behingoz, behera bota ahal izateko.

“Anitz hitz egin dugu Ceciliarekin elkartea sortzeko ideiarekin hasi ginenetik, eta asko animatu gaitu taldea osatzera”, azaldu du Elena Aisak. Besarkadako kide da, eta, Borras bezala, bere buruaz bertze egin zuen seme baten ama ere bai. Elkartean senideek bat egin dute, oraingoz. Suizidioek atzean eta hamaika galderarekin utzitako senitartekoek, alegia. “Gure ateak zabalik dira, halere, auzi honekin kezka berezia duen edonorentzat. Hitz egin nahi dugu; informazioa zabaldu; eragin”, nabarmendu du Aisak. Hori guztia, helburu nagusi batekin: “Aurrea hartu nahi diegu suizidioei; ez dugu nahi bertze inork pasatzea guk pasatu dugun guztia”, erantsi du.

Barrura begirakoa da Besarkada elkartearen lehendabiziko lana, beraz. Esperientzia bera izan dutenekin bat egiteak on egiten dielako. “Familiak eta lagunek babesa ematen dizute; laguntzen dizute; baina egoera bera bizi izan duenarekin hitz egiteko beharra duzu, bertzelako elkar ulertze bat gertatzen delako. Denok pasatzen ditugu antzeko prozesuak, eta errua sentitzen dugu galdu dugun horren heriotzaren inguruan. Erruaren eta erantzunik gabeko hamaika galderaren zama sumatzen dugu denok gainean”.

Aisaren semea duela hiru urte eta erdi hil zen. 20 urte zituen. “Denbora anitz da, eta, aldi berean, gutxi”. Lehendabiziko urtean bera ere “hilik” zela azaldu du Besarkadako ordezkariak. “Arga ibaiaren ondoko pasealekuan gora eta behera ibiltzen nintzen, baina inguratzen ninduen natura bera ere hilik ikusten nuen. Ez zidan deus ere sentiarazten”.

56 pertsonak egin zuten beren buruaz bertze, iaz, Nafarroan. 2014. urtean baino hamar gehiagok, hain zuzen ere. 2007. urtetik, modu naturalean hiltzen ez direnen artean suizidioa izan da arrazoi nagusia herrialdean. Gobernuaren kezka eragin du horrek, eta, ondorioz, 2015. urteko abuztuan, protokoloa onartu zuen. Suizidioei aurrea hartzea eta suizidioari lotutako jokaerak saihestea da asmoa.

Tabua eta estigma

Diziplina ezberdinetako profesionalek egindako ikerketak bultzatu ditu gobernuak, bertzalde, azken urteotan. 2014an argitaratu zuten 2010etik 2013ra bitarteko suizidioen inguruko azterketa bat, eta orain, berriz, beren buruaz bertze egiten saiatu direnekin bertze bat lantzen ari dira, halako egoeretan nola jokatu zehazteko asmoz. Neurriak hartu ahal izateko, finean.

Neurriak hartzeko bide horretan senideek ere zer egin badutela uste dute Besarkadako kideek. Horregatik bat egin dute, eta horregatik lan egin nahi dute elkarte gisa. “Gizarte eragile bat izan nahi dugu”, esan du Aisak.

Hori lortzeko, ezinbertzekotzat jo du suizidioaren inguruan dagoen tabuari eta estigmari aurre egitea. “Tabu horrek min egiten digu; familiak, anitzetan, lotsatu egiten dira, eta senidearen heriotzaren arrazoia erratera ere ez dira ausartzen. Zer pentsatzen du gizarteak? Familia ez dela bere buruaz bertze egin duen hori zaintzeko gai izan. Ideia hori dago estigmaren atzean, eta horrek ekartzen du anitzek beren mina eta sufrimendua ezkutatzea”.

Senitartekoek beren burua babesteko erabiltzen duten modu bat da gordetze hori. Gizartearen aurreiritziek ezarritako bakardade hori bazter uzteko garaia dela uste du Aisak, ordea. “Duintasuna eman behar diegu hil direnei, bai eta hemen gelditzen direnei ere”.

“Sentitzen duzun minak ez du mugarik. Ni haragi bizitan nintzela sentitzen nuen, eta ukitze arinenak ere sufriarazten ninduen”, azaldu du Aisak. Sufrimendu hori kudeatzeko gai izatea da gakoa, haren ustez. Senideek beren prozesuak eta erritmoak ulertuko dituen norbait behar dutela erantsi du, ondorioz. “Ez gaude ohituta, eta intentsitate handiko sufrimendu horrek beldurtzen gaitu; ez dakigu nola aurre egin”.

Suizidioari buruz hitz egiteko beharra sufrimendu horrekin ere lotu du Aisak. “Herritarren artean kezka piztu behar dugu auzi horri buruz, eta, aldi berean, normalizatu, nolabait erranda”. OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak informazioa zabaltzea gomendatzen duela erran du Aisak. “Modu egoki batean, noski, baina informazioa eman behar da. Gertatzen dena ezagutu behar dugu, ezinbertzean, auzi horretan eragiteko gaitasuna izateko; beti dauden seinaleez ohartu ahal izateko”. Munduan, 800.000 pertsonak egiten dute beren buruaz bertze urtean, OMEren arabera.

Sufritzen dutenentzat babesgune izan nahi du Besarkada elkarteak. Batetik, norbait galdu dutenek elkarri eusteko balio du taldeak egiten duen lanak. “Jendea hasi da telefonoz deitzen; elkartearen berri eman genuenetik hainbat pertsonak jo dute guregana, laguntza bila”, azaldu du Aisak. Bertzetik, nahi duenarentzat, taldeka bat egiteko aukera eskaini nahi du Besarkadak. “Nork bere esperientzia kontatu eta partekatzeko”. Aisak nabarmendu du, halere, “sufritzen ari den edonorentzat” zabalik dela elkarteko atea. “Baliabideak jarri nahi ditugu behar dutenen esku”.

Elkarteak sortutako webguneak berak helburu hori bete nahi du. Informazioa zabaldu nahi du, eta helduleku bat eskaini, aldi berean. Besarkada-abrazo.org da helbidea. Aisak gogoratu du larrialdi egoera batean 112 telefonora deitzen ahal dutela herritarrek, eta Itxaropenaren Telefonoa ere eskura dutela: 948 24 30 40 eta 902 500 002 zenbakietan.

Gisako elkarte gutxi

Lanerako gogoz sortu da Besarkada. Aisak argi utzi du, halere, gisako elkarte gutxi direla, oraingoz. “Kataluniakoa izan da aitzindaria; Madrilen, berriz, AIPIS sarea dago; profesionalek osatutako elkarte bat da, baina haren barnean bada senide talde bat ere”. Aisak gogoratu du OMEk estatuei eskatu ziela suizidioaren inguruko planak osatzeko. “Espainiak ez du deus egin”, erantsi du elkarteko kideak.

Orain arteko isiltasunari eta aurreiritziei aurre egitea ez dela lan erraza nabarmendu du. Estigmarekin lotuta, erlijioak gure gizartean duen pisua aipatu du Aisak. “Ondorioz, suizidioa bizitzaren kontrako atentatutzat jotzen da, oraindik ere. Nik ezagutzen dudan pertsona bati errieta egin zion apaizak, senide batek bere buruaz bertze egin zuelako”. Bertzalde, suizidioa buruko gaitzekin lotzen dela erran du Aisak; horrek ekartzen du buruko gaitzen inguruko estigma gehitzea suizidioari. Baina lotura hori ez dela beti gertatzen zehaztu du Aisak: “Estigmak badu hirugarren zatia: suizidioa kutsakorra dela dioena”. Aisak nabarmendu du datuek agerian uzten dutela suizidioen berri emateak ez duela gehiago gertatzea ekartzen. Eta berretsi du: “Errealitatea ezagutu behar dugu, eragiteko”.