Kattalin Barber
Gabonetako ohiko erosketez harago, Iruñean badago aukera bestelako kontsumo eredu baten aldeko apustuan oinarritutako opariak egiteko, egunotan. Emausko Trapuketariek milaka jostailu biziberritzen dituzte, ume bakar bat ere jostailurik gabe gera ez dadin. Atzo zabaldu zuten azoka, eta urtarrilaren 5era arte egonen da zabalik Arrotxapeko Arga ibaia kalean duten Triki Traku dendan.
“Jostailuak berrerabiltzea, aurreztea eta beste aukera bat ematea ez ezik, ingurumena babestea eta arduraz kontsumitzea ere bada gure asmoa”, adierazi du Pili Ioldik, erakundeko komunikazio taldeko kideak.
Urtero, Emausko Trapuketarien bilketa zerbitzuek Nafarroa osoko etxeetan eta garbiguneetan milaka tona biltzen dituzte, eta, horien artean, jostailuak dira asko. “Onenak eta deigarrienak” aukeratzen dituzte Eguberrietako azokarako. Bilketa egin ondoren, berrerabil daitezkeen jostailuak sailkatzen dituzte, eta, beharrezkoa bada, garbitu eta konpondu egiten dituzte. “Behin bilduta, bereizita, konponduta eta txukunduta daudelarik, prest ditugu saltzeko”, azaldu du.
Mota guztietako eta adin guztietarako jostailuak jasotzen dituzte dendan: panpinak, puzzleak, ibilgailuak, peluxeak, haurrentzako liburuak, mozorroak, jostailu bildumak, Lego-ak, Playmobil-ak eta abar. “Lego-ak, adibidez, pisura saltzen ditugu, eta oso ongi saltzen dira”. Jostailuak opari katalogoetan dauden bezala aurkezten saiatzen dira, poltsetan sartzen, eta ahalik eta hobekien aurkezten. Jostailuak hezigarriak eta oraingoak direla azpimarratu du Ioldik.
Laugarren urtea da Emausko Trapuketariek azoka antolatzen dutena, eta harrera ona duela dio erakundeko kideak. Izan ere, garai honetan joan den urteko jostailuak alde batera uzten dituzte askok, berriei tokia egiteko asmoz. Hainbat datu aipatu ditu Ioldik: hamar jostailutik bederatzi zabortegira joaten dira, eta hiri hondakin guztien artean %6 jostailuak dira. “Ehunekoa murriztu behar dugu. Jostailuak berriro erabilita lortuko dugu guztion artean hondakinen putzu beltzera ez bidaltzea”.
Emausko Trapuketariek ez dute datu zehatzik, baina haien guneetara egunero iristen den jostailu kopurua handia dela argi du Ioldik. Gehienak, gainera, Gabonen atarian jasotzen dituzte, “jostailu berriei tokia egiteko armairuak husten dituztenean etxeetan”. Gabonak amaitu eta gero, berriro ere dozenaka jostailu jasotzen dituzte. Espainiako Jostailu Ekoizleen elkarteak adierazi duenez, jostailuen %75 garai honetan erosten dira. “Garestiagoak diren garaian, hain zuzen ere”, nabarmendu du Ioldik.
Dena den, jasotzen dituzten jostailu guztiak ezin dituzte berreskuratu ezta berrerabili ere. Egoera txarrean daudelako edota konpondu ezin direlako baztertzen dituzte. Gainerakoak, ongi funtzionatzen dutela ziurtatu, garbitu eta moldatu ondoren, dendako apaletan txukun-txukun ipintzen dituzte.
Horixe da, beraz, azokaren xedea: beste aukera bat eman nahi diete jostailuei, eta, aldi berean, herritarrak animatu bertan bigarren eskuko jostailuak erostera. “Diru gutxiren truke, mundu guztiaren eskura jartzea”. Edonola ere, oraindik ere jendeari bigarren eskuko jostailuak erostea kosta egiten zaiola jakinarazi du Ioldik. Aurreiritziek indarrean jarraitzen dute. “Erosi behar dugula, hori da Eguberrietan zabaltzen den mezu nagusia. Etengabeko bonbardaketa da, eta jostailu berriak nahi ditu jendeak”, adierazi du Emausko kideak. Hala ere, ilarak izaten dira urtero, irekitzen duten lehen egunean.
Jostailuak hondakin
Dirua aurrezteaz eta jostailuei bigarren bizitza emateaz gain, jostailuak berrerabiltzeko arrazoi asko daude. “Ikaragarria da jostailuak egiteko zenbat baliabide natural behar den: ura, petrolioa, metala, zura… Denboraldi batean erabiltzen dira, eta gero horietako asko hondakin bihurtzen dira. Jostailuak berreskuratzea eta berrerabiltzea beharrezkoa da”, dio Ioldik.
Ingurumenari nabarmen kalte egiten diote jostailuek, zabortegira botatzen direnean eta, batez ere, erretzen badira. “Errausketak edota zabortegian pilatzeak eragiten duten kutsadura gutxitu egiten dugu”. Adibidez, kadmioa, merkurioa edota beruna duten jostailuak kaltegarriak dira, eta, tratamendu egokia jasotzen ez badute, lurra eta ura kutsatzen ahal dituzte. Hamaika ondorio izan ditzake horrek.
Horregatik, hain zuzen ere, baliabide naturalak ez agortzearen alde lan egiten dute Emausko Trapuketariek, eta birziklatzea da haien helburua.
Aldi berean, gizarte lana egiten dute. Garai batean bazterketa sufritu duten pertsonei duintasunez bizitzeko aukera ematen die erakundeak. “Jostailu hauek erosiz gero, bideragarria egiten dugu gure proiektua; 220 laguni bizimodu bat eskaintzen die proiektu horrek”.
Horrez gain, azokaren bidez kontsumo ereduen inguruan hausnarketa eragin nahi du erakundeak. “Bereziki, Eguberrietan ditugun kontsumo ohituren inguruan eta seme-alabei irakasten dizkiegun balioen inguruan”.
Jostailu baten bizitzari buruzko gogoeta jarri du adibide Ioldik, behar lukeen baino laburragoa izaten ohi delako; izan ere, umeek asko dituzte, eta aspertu bezain pronto berri bat nahi izaten dute, gainera. Bizitza luzeagoa eman nahi diete Emausko Trapuketariek jostailuei: “Umeek ez lukete garai hau iragarkietako ereduen arabera bizi beharko. Ingurumenarekiko errespetua bultzatu behar dugu, gizarte bidezkoago bat izateko bidean”.