Kattalin Barber
Nobela beltzari buruzko solasaldi eta aurkezpenak dira protagonista, egunotan, Baztango hainbat herritan. Hirugarrenez, misterioak hartu ditu hango bazterrak, igandera bitarte. Elurre Iriarte (Arizkun, 1972) antolatzaileetako bat da, eta egindako lanaz mintzatu da.
Hirugarren edizioa da aurtengoa. Jada ezinbesteko bihurtu da (H)Ilbeltza?
Hasmentan ez genekien zer gertatuko zen. Ia esperimentua izan zen lehen edizioa. Orain ikusi dugu pisua eta presentzia hartu duela. Esan dezakegu egonkortu dela, eta erantzuna arras ona izaten ari da sortzaile, idazle eta jendearen aldetik. Beti agertzen dira ideiak, eta beti gelditzen zaizkigu gauzak egin gabe. Egia erran, dagoeneko baditugu ideia batzuk datorren urterako.
Nola hasi zineten astebeteko egitaraua antolatzen?
Baztango irakurle talde bat hasi ginen honekin. Zortzi urte daramagu idazleekin solasean, eta gure artean beti azaleratzen dira ideiak eta kezkak. Nobela beltzaren inguruan zerbait egiteko asmoa agertu genuen. Hasieran, hitzaldiren bat edo asteburu bateko kontu bat izatea pentsatu genuen. Ideiak biltzen hasi orduko konturatu ginen aste oso bateko egitaraua bete genezakeela. Izan ere, horrekin lotuta gauza anitz egin daitezke. Hiru urte bete ditugu, eta kontent gaude, giro polita eta interesgarria sortzen delako beti. Gustuko gauzak guk antolatzen ditugu edo inork ez ditu antolatuko.
Zer du nobela beltzak aste oso bat eskaintzeko?
Literaturak, oro har, baina nobela beltzak, batez ere, baditu aukera ederrak kritika soziala egiteko. Agerian ez dauden gauza horiek guztiak azaleratzeko; eta hori da interesatzen zaiguna. Taldekide gehienak herri mugimenduren batean gaude, eta, egia esan, literatura arras lotuta dago beti gai sozialetara. Eleberri beltzetan ustelkeria agertzen da, eta intrigaren bidez ikusten dugu azpimundu hori guztia. Jokoa ematen du gaiak, eta, gainera, hilabetearekin bat egiten du. Ideia ona iruditu zitzaigun. Finean, zenbait arrazoi elkartu ziren dena antolatzen hasteko.
Aurkezpenean esan zenuten Euskal Herrian urtaro bakoitzak literatur ekitaldi bat duela. Zuena negua da?
Bai, hala da. Gurea negua baldin bada, uda izanen da Eako poesia eguna, eta Zarauzko Literaturia, berriz, udaberria. Udazkena, berriz, Durangoko Azoka. Negua falta zen, eta, orain dela hiru urtetik, guk hartu dugu. Garrantzitsua eta esanguratsua da Euskal Herrian lau literatur ekitaldi izatea, eta horietako bat gurea izatea ohorea da guretzat.
Bailarak eta literatura beltzak badute harremanik aspalditik?
Bat-batean, Baztan modan jarri da Dolores Redondoren literatur booma dela eta. Egia da horri erantzuteko ere sortu genuela literatur astea. Izan ere, irakurtzen duzun prentsaren arabera, badirudi orain deskubritu dugula Baztan, eta orain deskubritu dugula nobela beltza. Erakutsi nahi izan dugu Baztan hemen zela aspalditik, eta, gainera, nobela beltzarekin izan duela loturarik. Mariano Izeta elizondoarrak aspaldi argitaratu zuen nobela beltza, eta, Baztanen kokatuta ez badaude ere, badaude beste liburu batzuk. Izetak idatzi zuen euskarazko bigarren nobela beltza omen da Dirua galgarri.
Baztango pertsonen artean parte hartzea gero eta handiagoa da?
Bai, nik uste dut baietz. Kanpotik etortzen da jende asko, baina astegunetan egiten ditugun ekitaldietan Baztango jendea etortzen da gehienbat. Gainera, gure irizpideetako bat ere bada ekitaldiak herri desberdinetan egitea, eta Baztango jendea mugitzen da. Arras mugatua izan daiteke literatura gaia, baina, era berean, beste gai batzuk jorratzen dira. Adibidez, Gotzon Garateri buruz solastatu zen Miel Anjel Elustondo asteazkenean, eta Garate Baztango zenbait baserritan ibili zen ikerketa lanak egiten. Beste batzuen interesa pizten du horrek guztiak.
Edukiz betea duzue asteburua Baztanen. Liburu aurkezpenak, mahai inguruak eta beste eginen dituzue.
Saiatzen gara denetarik egiten, eta ez bakarrik liburu aurkezpenak izatea. Aurreko urteotan saioak prestatu izan ditugu antolatzaileok, eta hori berreskuratu nahi dugu, antolatzeaz aparte, beste zerbait egitea ere erronka delako guretzat. Larunbatean, mahai ingurua eginen dute Gorka Bereziartuak eta Joxerra Senarrek, Fikziorako argudioak, politikaren trama beltzetik izenburupean. Herri bazkaria ere antolatu dugu, eta, ostean, hainbat liburu aurkezpen: Eneko Aizpuruak, Itxaro Bordak, Miren Gorrotxategik eta Ander Odriozolak beren lanak ezagutaraziko dituzte. Igandean, berriz, ipuin kontaketa antzeztua eta bertso trama izanen ditugu.
Diru bilketa hasi zenuten, bestalde, joan den udazkenean. Zer dela eta?
Aurreko bi urteetan Euskal Nobela Beltzaren Astea abiatu genuen proba bezala, eta etorri ziren idazle eta sortzaileak ia musu truk aritu ziren. Orain, egonkortasun bat lortu dugula, bertze pauso bat eman nahi dugu, batez ere, haiei zerbait ordaintzeko. 5.000 euro inguru lortu ditugu; guk ez genuen espero horrelako arrakastarik izatea. Egia esan, horrek lasaitasuna ematen dizu. Crowdfunding kanpaina egin ordez, konfundin kanpaina jarri genuen martxan, eta jendeak nahi zuen diru kopurua emateko aukera zuen. Eskertza moduan, izenez betetako kartela osatu dugu. Gauzak antolatzeko ez da behar beti dirua, baina egia da laguntzen eta errazten duela. Bi urtez antolatu ditugu bi aste eder, ia sosik gabe.