“Ezintasunak mugatu arren, gainditzen saiatu behar duzu”

“Ezintasunak mugatu arren, gainditzen saiatu behar duzu”

Kattalin Barber

Ikusmen arazoak ditu Izaskun Osesek (Barañain, 1984). Begi batekin %5 ikusten du bakarrik, eta bestearekin, %15. Iaz lana utzi behar izan zuen, baina asmatu du bizitzaren kolpeei buelta ematen. Lesionatuta dagoen arren, uztailean Londresen eginen den Atletismoko Munduko Txapelketa du helburu.

Kirolari onenaren saria jaso berri duzu. Zer ekarri dizu?

Poz handia eman dit sariak. Orain lesionatuta nago, eta horrelako sariek aurrera jarraitzeko bultzada ematen didate. Ederra da jakitea zure lana kontuan hartu dutela, pizgarria.

Urte gogorra izan da zuretzat 2016a. Zer irizten diozu orain?

Oso gogorra izan da, eta ahalegin handia egin dut. Urte osoa pasatu nuen entrenatzen, eta eskatutako gutxieneko markak behin eta berriz errepikatzen, sailkapen zerrendan postu hobea lortzeko. Aldi berean, ordainsaria sekulakoa da; eta ez da brontzezko domina eskuratzeagatik, baizik eta Rio de Janeirora joateagatik.

Nola gogoratzen duzu Rio de Janeiroko esperientzia?

Aberasgarria da oso. Baina egia da lehiatu nintzen arte nire baitan bilduta nengoela. Entrenatu, atseden hartu, hango klimara egokitu… Ez nuen besterik egiten, horrela ere asko gozatzen dudan arren. Behin lehiatuta, giroaz gehiago gozatu nuen. Eta brontzezko dominarekin itzultzea ikaragarria da. Baina, egia esan, aurreko urtean egindako lana berdina da hirugarren, laugarren edo bosgarren gelditzen bazara ere. Kontua da domina dela kirol munduan balio duen ordainsari materiala.

800 metrokoan lehiatzen ohi zara; Paralinpiar Jokoetan, 1.500 metrokoa egin zenuen. Ongi?

Bai. Paralinpiar Jokoetan ez dago 800 metroko probarik. Hortaz, halabeharrez proba horretara egokitu behar izan nuen. Ongi atera zitzaidan, eta espero dut marka hobetzen jarraitzea. Dena den, esan behar dut oraindik ere hobeto ikusten dudala neure burua 800 metrokoan.

Joan den urtea gogorra izan zen, halaber, lana utzi behar izan zenuelako. Nola bizi izan zenuen?

Erizaina naiz, eta lana utzi behar izan nuen dudan ikusmen arazoa dela eta. Aurrera begiratzen dut orain, eta egoerara egokitu naiz. Ez dago besterik. Orain, Tuteran fisioterapia ikasteko izena eman dut, baina patxadaz hartzen ari naiz. Ezintasunak ez dit uzten erizaina izaten, baina kirolarekin jarrai dezaket. Hortaz, nire lehentasuna korrika egitea da. Ardura handiz egin behar da lan atletismoan, eta zaila da beste lan batekin uztartzea. Ez da gauza bera Espainiako Txapelketan parte hartzea edo Paralinpiar Jokoetarako prestatzea. Lana utzi behar izateak are gehiago entrenatzeko aukera eman dit. Gauzei alde ona aurkitzen jakin behar da.

Nolakoa izan da egokitzapena atletismo pistan?

Ez ikustera egokitu naiz. Atletismo pistan, berdin. Entrenatzailea beti alboan dut. Ezintasunak mugatzen zaitu, baina hori gainditzen saiatu behar duzu. Jarrera ona izatea ezinbestekoa da, eta, noski, aukera eta baliabideak izan behar dituzu aurrera egin ahal izateko.

Korrika egiten hasi baino lehen, taekwondo egiten zenuen. Zergatik erabaki zenuen kirola aldatzea?

Espainiako txapelduna izan nintzen, 21 urte bete nituen arte. Behin baino gehiagotan min hartu nuen, eta, azkenean, uztea erabaki nuen. Kirola beti gustatu zait, eta korrika egiten hasi nintzen gero. Hasieran, herri lasterketetan parte hartzen nuen, eta Hiru Herri taldean izena eman nuen gero. Orduan hasi nintzen lehiatzen, asko pentsatu gabe; eta gaur arte.

Uste duzu merezi duten garrantzia ematen zaiela Paralinpiar Jokoei?

Bigarren mailan daude Paralinpiar Jokoak, eta hori ikusi egiten da, bai barrutik eta bai kanpotik. Aurrerapausoak eman diren arren, asko gelditzen da aldatzeko. Ez naiz ari bakarrik Paralinpiar Jokoei buruz, baizik eta kirol egokituari buruz. Guk egiten dugun esfortzua ez da hainbeste aintzat hartzen, baina Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako entrenatzen garenok ahalegin bera egiten dugu. Bete-beteko arduraldia da gurea, eta, gainera, gure zailtasunak gehitu behar dizkiogu horri.

Kontzientziazioa falta da, zure ustez?

Egia da ez dagoela hainbesteko ikusminik, baina nik uste dut egoera aldatzen ari dela. Esaterako, 2012ko Londresko Paralinpiar Jokoetako hamabi bat ordu eman ziren telebistan; joan den urtean, berriz, 80 ordu. Hori bada. Egunkarietan egia da ez zaiola askorik erreparatzen. Arlo ekonomikoan ere, desberdintasuna itzela da, eta ez luke horrela izan behar. Ea poliki-poliki egoera iraultzen dugun.

Kirol egokituan ere desberdintasunak sumatzen dira emakumeen eta gizonen artean?

Orain dela gutxi horri buruz hitz egin nuen Marta Mendia atletarekin. Oro har, kirolean ez gaituzte berdin tratatzen, eta desberdintasunak azalekoak dira. Komunikabide gehienetan beti agertzen dira lehenik gizonak eta gero emakumeak. Baina atletismoan esan behar dut ez dudala aldaketarik sumatzen, ez kirol egokituan, ez bestean. Berdin baloratzen da, baina egia da kirol gehienetan ez dela horrela.

Erronkarik duzu urte honetarako?

Urte honetako helburua Londresen izanen den Atletismoko Munduko Txapelketan parte hartzea da, baina, horretarako, zaindu eta egoera onean egon behar dut. Rio de Janeiron hartu nuen min. Berez, han ez zen sumatzen, baina oinean haustura dut. Ez da larria, baina ezin dut korrika egin. Bitartean, gimnasioan eta beste ariketa batzuk egiten aritzen naiz. Espero dut apirilerako ongi egotea, eta, horrela, udan behar bezala lehiatzea.