Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Edurne Elizondo

Ez du zentzurik; Leitza 17 kilometrora dugu, eta Iruñea, berriz, 35era”. Horixe nabarmendu du Lekunberriko Ibarberri ikastetxeko guraso elkarteko presidente ohi Arkaitz Goikoetxeak. Leitza hurbilago duten arren, DBHko hirugarren eta laugarren mailak ikasteko erreferentziazko institutu Iruñeko Biurdana dute Ibarberriko eskolako ikasleek. Egoera hori aldatu nahi dute orain gurasoek, eta Leitzako Amazabal institutua bilakatu beren erreferentziazko zentro.

Legea alde dutela azaldu du Goikoetxeak. Izan ere, ikastetxeak eta eskola barrutiak antolatzeko foru dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak 1995. urtean, eta, agiri horren arabera, Leitzako institutua zen Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko egoitza. Bertzeak bertze, ikasleak inguru hurbilenean eskolatzearen alde egiten zuen dekretuak. Kontua da, Hezkuntza Departamentuko irizpideak aldatu gabe, 1996an erabaki hori bertan beherea utzi, eta Iruñeko Biurdana jarri zuela gobernuak Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko institutu gisa.

“Ez du inolako zentzurik”, berretsi du Goikoetxeak. Datuek ederki islatzen dute Lekunberriko gurasoen borondatea zein den, haren ustez. Azken lau urteotako matrikulazioei so eginez gero, hautua Leitzaren aldekoa dela argi gelditzen da: Iruñeko Biurdanara bost ikasle joan dira, eta Amazabalera, berriz, 73. “Gaur-gaurkoz, gure ibarreko bi ikasle daude Biurdanan, eta Leitzan, berriz, 40 inguru. Sare publikoaren aldeko familien %95ek Leitzara bidaltzen dituzte seme-alabak”, azaldu du Goikoetxeak.

Ikasleak Lekunberritik Iruñera edo Leitzara mugitzeko garraioaren auziari buruz ere bada zer erran, Goikoetxeak nabarmendu duenez. Lekunberri eta Larraungo ikasleek, Irurtzungo Udalak eta Nafarroako Gobernuak aspalditik zuten hitzarmena baliatu izan dute Iruñera joateko. Urte luzez, gobernuak hartu du bere gain zerbitzu horren defizita. Kontua da hitzarmenak berak 12.000 euroko muga zehazten zuela gobernuak ordaindu beharreko defizitarentzat. Ondorioz, azken urteotan, udalek gehiago pagatu behar izan dute, batez ere Irurtzungoak. “Egoera horrek ekarri du Irurtzungo Udalak hitzarmena bertan behera uztea”, azaldu du Goikoetxeak.

Bertze hitzarmenak

Horrek ez du erran nahi, hala ere, ikasleak garraiorik gabe gelditu direnik. Lekunberriko eta Larraungo udalek bertze hitzarmen bat egin dute. Nafarroako Gobernuak ordaintzen du derrigorrezko hezkuntzan ari direnen garraioa, eta bertzeek, berriz, udalen arteko akordioa baliatzen dute. Leitzara joateko ere hitzarmena badute Lekunberriko eta Larraungo udalek. Auzi hori garrantzitsua dela uste du Goikoetxeak, Lekunberriko Udalak behin baino gehiagotan erran izan duelako erreferentziazko zentroa aldatuz gero, garraiorik gabe geldituko zirela.

“Hori ez da egia, eta agerian gelditu da. Esaten zuten erreferentzia zentroa aldatuta, Irurtzunek eta Nafarroako Gobernuak zuten hitzarmenetik kanpo geldituko ginela eta, ondorioz, Iruñerako garraiorik gabe. Orain, hitzarmena desegin egin da, baina bi udalek beste hitzarmen bat egin dute elkarren artean ikasleak garraiatzeko. Argudio hori erabili izan dute familiak beldurtzeko, baina egoerak erakutsi du gezurretan ari zirela”, azaldu du.

Garraioa bermatzeko zerbitzuek duten kostua kontuan hartzekoa dela argi du Goikoetxeak, hala ere. Orain, hain zuzen ere, Larraungo eta Leitzako udalek 46.000 euro ordaintzen dute ikasleak Leitzara eramateko; bertze 35.000, berriz, Iruñera joateko. “Erreferentziazko zentroa aldatuko balute, Leitzara joateko garraioaren ardura Nafarroako Gobernuaren esku egonen litzateke; 46.000 euroren gastua desagertuko litzateke; Iruñekoari eusteko borondatea badute udalek”. Institutu batean eta bertzean izena ematen duten ikasleen kopuruak aldaketa behar dela agerian uzten duela argi du Goikoetxeak.

Aldaketa horren alde egin du Larraungo udalak ere; ez, ordea, Lekunberrikoak. Galdeketa bat antolatu zuten Lekunberrin 2014an. “Udalak manipulatu egin zuen galdeketa, eta errolda ere bai. Harrigarriena da herritarren %60k baino gehiagok Iruñearen alde egin izana erreferentzia zentro gisa, eta urte horretan inork ez matrikulatzea seme-alabak Biurdanan!”.

Auziak ibarreko mugak zeharkatu ditu azken urteotan, eta Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak eta Arartekoak bat egin dute Lekunberriko gurasoek egindako eskaerarekin. Parlamentuan 2014an izan ziren. Gaur egungo gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin ere egin dute bilera. “Egoera hau konpontzeko ordua da”, berretsi du Goikoetxeak. “Hezkuntza Departamentuaren jokabidea ez da bidezkoa izan orain arte, eta espero dugu oraingo gobernuak beste jokabide bat erakutsiko duela”. Errealitatean gertatzen dena onartzea nahi dute.