Kattalin Barber
Genero ikuspegitik aztertu ditu Ruth Iturbidek (Iruñea,1978) gizonen eta emakumeen arteko harremanak, El Barco telesailari buruzko azterlan baten bidez.
Zergatik erabaki zenuen maitasunaren inguruan ikertzea?
Gizarte lana ikasi nuen, eta praktikak Mertxe Arzarekin egin nituen. Nafarroako Gobernuko Emakumeen Larrialdi Zentroko eta Harrera Etxeko zuzendaria izan da urte luzez. Maitasunaren gaia askotan eztabaidatzen genuen, eta inguruan ikusten nuenak ere bultzatu ninduen gai hau aztertzera; adibidez, harreman toxikoez ohartzeak.
Eta utopia erromantikoa deitu zenion maitasun mota horri.
Bai, fantasia horrek errealitate jakin bat sortu eta eraikitzen du. Errealitate hori oso negatiboa da bereziki emakumeentzat. Fantasia horretatik ez dugu esnatu nahi. Baina utopia iruzurra da. Maitasun desengainua engainutik ateratzea da; hortaz, positiboa behar luke, baina gehienetan ez da izaten. Gaizki bizi dugu.
Nola eraikitzen da utopia hori?
Utopia erromantikoa estrategia bat da emakumeek, familiarenganako maitasunarengatik, lana uzteko. Emakumeok, maitasunagatik, bigarren mailan uzten dugu lan esparrua. Aldi berean, gizonek kimikoak erabiltzen dituzten fabriketan, edo meatzaritzan lan egiten dute, familia mantentzeko. Erreminta oso garrantzitsua da gizarte egitura patriarkalari eta kapitalistari eusteko.
Esan duzu maitasun erromantikoak mendekotasun emozionalari eta indarkeria matxistari laguntzen diela. Ondorioen jakitun gara?
Utopia erromantiko horren ondorioak ezberdinak dira emakumeen eta gizonen kasuan. Alde batetik, maitasunak emakumeentzat garrantzi handiagoa du oraindik gizonentzat baino. Bizitzaren erdigunean jartzen dugu maitasuna. Zergatik? Maitasun harremanen eta zainketen bidez lortzen dugulako onespena eta aitortza gizartean. Besteak maite ditugu besteek gu maitatzeko. Gizonek, berriz, maitasuna gozatzen eta sufritzen dute, baina ez da batere funtsezkoa haien bizitzan, aitortzeko beste gauza batzuk dituzte: lana, kirola…
Xede berak ditugu emakumeek eta gizonek harremanetan?
Ez. Oro har, emakumeok askotan konpainia eta konpromisoa nahi dugu, hau da, hurbiltasun sentimentala. Gizonek, ordea, ez dute hainbesteko loturarik. Kontuan hartzekoa da: gizonek aitortza lortzen dute beste gizon batzuei so eginda; emakumeok, aldiz, gizonei egiten diegu so onespen hori izateko, ez beste emakume batzuei. Bestalde, bada gizonezkoen sexualitate eredu hegemoniko bat, batzuentzat zein besteentzat sustatzen dena, baina, berez, koitoan eta gizonei gozamena ematen dieten sexu praktiketan oinarrituta dagoena, eta hori da telesailetan, filmetan eta telebistako iragarkietan ikusten duguna. Gutxitan ikusten ditugu emakumeak masturbatzen, eta beti postura sexual jakin batzuk agertu ohi dira.
Ezkontza merkatuez mintzo zara. Zer esan nahi duzu kontzeptu horrekin?
Lan merkatua dagoen bezala, harremanen merkatua dago. Gizonek nagusitasuna dute ezkontza merkatu horietan. Haiek kontrolatzen dituzte arauak, emakumeek baino baliabide gehiago dituztelako, eta merkatu horietan denbora luzeagoa igarotzen dutelako. Ez dago berdintasun aukerarik merkatuan, eta horrek azalduko luke emakumeek izaten duten egiturazko mendekotasun emozionala eta indarkeria. Egoera horren ondorioak larriak izaten dira.
Aipatu dituzun egoeren aurrean, zer egin dezakete emakumeek?
Hiru aukera ditugu: dagoenera egokitu, horrek dituen ondorioekin; gizonek duten dinamikara gehitu; edo gure autonomia eta autogestioa lortu; Elena Simonek esaten duen bezala, maitasunak gure bizitza inbaditu gabe. Hori giltzarri da ez soilik genero indarkeriari aurrea hartzeko, baizik eta baita nork bere bizitza edukitzeko ere.
Zuk El Barco telesaila aztertu duzu. Utopia erromantikoa asko kontsumitzen dugu?
Bai, asko… Telesailak oso interesgarriak dira horri buruz hausnartzeko. Kontakizunaren bidez, istorio bat kontatzen digute, eta gure bizitzak nola izan behar duen esaten digute. Modu inkontziente batean ikasten dugu, eta ekintza eta emozio eskema bat eraikitzen dugu. Horrela, badakigu zer-nolako jokaera eta emozioak izan behar ditugun egoera bakoitzean.
Arazoa da bizitza ez dela telesail eta filmak bezalakoa…
Telesailak ikusi, eta gure bizitzekin alderatzen ditugu. Baina bizitzak, errealitateak, ez du zerikusirik telesailekin. Ez doaz bide beretik. Bizitza ez da hain intentsua, ez da hain fantasiosoa… Bizitza beste zerbait da. Uste dugu zoriontasuna emanen digula telesailetan agertzen denak, baina faltsua da. Ez zoriontasunik, ezta ongizaterik ere. Genero egitura ez da inorentzat onuragarri.
Zenbateraino baldintzatzen dituzte ikusten ditugun telesail eta filmek momentu erromantikoak?
Eskutik helduta doaz kapitalismoa eta utopia erromantikoa, azken finean. Zergatik da hain erromantikoa norbaiti maiteminduta zaudela esatea, jatetxe batean eta kandelaz inguraturik? Horrela eraiki delako, erromantizazioa sortzen da. Eta oso garrantzitsua da ohartzea zenbat gauza ditugun gure bizitzan produktu erromantikoekin lotuta. Ez baitira bakarrik otsailaren 14aren ingurukoak.