Langileak epaitegira

Langileak epaitegira

Edurne Elizondo

Ez dago egun onik kaleko saltzaile garenontzat”. Lamine Bathilyk erran zituen hitz horiek, Iruñean, joan den martxoaren 22an, SOS Arrazakeria erakundeak antolatutako jardunaldietan. Bartzelonan sindikatua sortu dute kaleko saltzaileek, bat egin, eta beren jardueraren kriminalizazioari aurre egiteko, eta elkarte horretako kide da Bathily. Nafarroan ez da gisako erakunderik. Egia da Bartzelonan baino kaleko saltzaile gutxiago aritzen direla herrialdean, baina aritzen direnentzat ere, hangoentzat bezala, egun onik ez dago. Bathilyk mahai gainean jarritako errealitatea bera da kaleko saltzaile guztientzat, eta errealitate hori salatu nahi izan du Paperak eta Eskubideak Denontzat plataformak, Iruñean, Senegalgo bi kaleko saltzaileren aurka egindako epaiketaren egunean: protesta egin du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Joan den ostiralean deitu zituzten Bilbon bizi diren bi kaleko saltzaileak Nafarroako auzitegira. 2013. urtean, Lizarrako bestetan izan ziren, eta han atzeman zituen Poliziak. Ostiralean, hainbat herritarren babesa jaso zuten. Urduri ailegatu ziren senegaldarrak epaitegira, eta nahiago izan zuten adierazpenik ez egin. Behin eta berriz eskertu zuten, hala ere, jasotako elkartasuna eta berotasuna. “Eskerrak eman bertzerik ezin dugu egin”, erran zuten biek, epaitegitik atera zirenean.

Sententziaren zain gelditu da beren auzia. 1.500 euroko isuna eskatu du fiskalak saltzaile bakoitzarentzat. “Hasiera batean, markentzako kalte-ordaina ere eskatu nahi izan zuen, baina hori bertan behera gelditu da, azkenean, zorionez. Kontua da perituak dendako produktuen salneurria hartzen duela kontuan saltzaileon aurkako auzietan, eta, ez, ordea, karrikan duena”, azaldu zuen SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek, Iruñeko joan den ostiraleko epaiketa amaitu eta gero.

Kaleko saltzaileen aurkako “jazarpena” salatu du behin eta berriz SOS Arrazakeriak, hain zuzen ere, eta, senegaldarren aurkako epaiketa dela-eta, babesa eta elkartasuna agertu nahi izan die erakunde horrek karrikan aurrera egiten ahalegintzen diren langile guztiei. Ostiraleko epaiketa salatzeko egindako elkarretaratzean parte hartu zutenek argi utzi zuten tokikoak bertakoak eta kanpokoak, denak direla langile, eta, ondorioz, langile borrokatzat jo zuten karrikako saltzaileen aldeko aldarria ere.

Jarduera horren “kriminalizazioa” salatu du Villahizanek. “Kaleko salmenta da paperik ez dutenentzako aukera bakarra, kasu anitzetan; haien kontra egiten du sistemak, ordea, eta ez da bidezkoa”. Zigor kodearen erreformak berez zaila zen egoera are zailago bilakatu duela erantsi du SOS Arrazakeriako kideak, gainera. “Gogorragoa da”. Iruñeko epaiketan erreformaren aurreko legedia izan dute kontuan, 2013an atzeman zituztelako kaleko saltzaileak; erreforma hori egin aurretik, alegia.

Epaiketaz harago, kaleko saltzaileen egunerokoa jarri nahi izan du SOS Arrazakeriak erdigunean. “Guztiok dugu gure eskubide guztiak bermatuta lan egiteko eta bizitzeko eskubidea; kaleko saltzaileen jarduera arautzeko ordua da”, eskatu du Villahizanek.

Zigorraren ondorioak

Kaleko saltzaileen jarduerak jaso dezakeen zigorra epaileak agintzen duenaz harago doala nabarmendu du SOS Arrazakeriak. “Zigor aurrekariak izateak ondorio larriak ekartzen ahal ditu migratzaileentzat; gerta daiteke paperik ez dutenek beren egoera erregulatzeko aukerarik ez izatea; paperak dituztenek ere horiek berritzeko aukera gal dezakete”, nabarmendu du SOS Arrazakeriako kideak.

Errealitate horrek pertsonen oinarrizko eskubideak bazter uzten dituela salatu du erakunde horrek, eta egoerari “behingoz” aurre egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzela, kalean saltzeagatik epailearen aurrera joan behar izaten duten migratzaileek kanporatzeko agindua jaso dezakete; babesgabe gelditu daitezke, “erabat”. “Kanporatzeko aginduaren mehatxua ezin dugu onartu; ezta pertsona horiek atzerritarrentzako zentroetan ixtea ere”, nabarmendu du Villahizanek.

Senegalgo saltzaileen auzia sententziaren zain gelditu da. Absoluzioa eskatu du haien abokatuak, eta absoluzioa espero dute saltzaileek eta SOS Arrazakeriako kideek ere. “Ez dezagun berez zaila den egoera bat are zailago eta gogorrago bilaka”, erran du Beatriz Villahizanek. Epaitu dituzten biak eta kaleko gainerako saltzaileak ditu gogoan. Langileak.