Elkartasuna ehuntzen

Asier Garcia Uribarri

Maiatzaren 6a mugarri bilakatu nahi dute Iruñeko Alde Zaharrean. Egun horretan, sakabanaketa politikaren aurka inoiz egin duten mobilizaziorik handiena egin nahi dute auzokideek. Horretarako, txikitik handira joko dute. Auzokide, merkatari eta elkarteetako kideak kalez kale bildu nahi dituzte sakabanaketaren aurkako argazkia atera dezaten. Ohiko mobilizazioetatik harago, norbanakoen parte hartze zuzena bilatu nahi du sortu berri den Arrazoiak auzo ekinbideak. Ildo berean, sakabanaketa salatzeko sinadura bilketa “erraldoia” martxan jarriko dute apirilaren 24tik maiatz erdialderaino. Helburua argi dute: “Alde Zaharra sakabanaketa politikaren aurkako auzo izendatzea”.

Arrazoiak auzo ekinbideak martxoaren 30ean egin zuen aurkezpen publikoa, Iruñeko Udaletxeko plazan. Dozenaka pertsonak, kolore ezberdinetako oihalak eskuan zituztela, Alde Zaharreko hiru burguak irudikatu zituzten, plaza erdian auzoko bost euskal presoen egoera deskribatzen duten panelak zeudela. “Alde Zaharrean bost euskal preso ditugu, eta hurbilen dagoena 500 kilometrora dago. Gainera, Josetxo Arizkurenek bihotzeko gaitza du, eta Iñaki Beaumontek zigorraren hiru laurdenak beteak ditu”, adierazi du Arkaitz Zudaire Arrazoiak ekinbideko kideak.

Ekinbidea martxo bukaeran aurkeztu bazuten ere, Zudairek dio hilabeteak daramatzatela proiektua lantzen. “Auzoan hutsune bat ikusten genuen euskal presoen gaiarekin, ez zen behar bezala lantzen, eta horrek eragin zezakeen gaiak zentraltasuna galtzea”. Zudaireren aburuz, euskal presoen eskubideak bermatzea gutxieneko bat izan beharko luke, baina, gaur egun, ez da hori ere betetzen. Horrez gain, “gaur egungo fase politikoan gatazkaren ondorioei irtenbide bat emateko” beharra dagoela nabarmendu du.

Faktore horiek kontuan izanda, alor ezberdinetako hainbat kide biltzen hasi ziren, eta hortik sortu ziren lehen bi ekinbideak: elkartasuna kalez kale agertzeko mobilizazioa eta sinadura bilketa. “Proposamenak planteatzen hasi ginenean, bi aukera horiek bururatu zitzaizkigun. Beraz, bata edo beste aukeratu beharrean, biak uztargarriak zirela pentsatu genuen. Sinadura bilketa masiboa egin nahi genuen, eta, hori indartzeko, kalez kaleko ekinbidea eta maiatzaren 6ko eguna antolatuko ditugu”. Egun horretan ez baitituzte soilik sakabanaketaren aurkako argazkiak aterako. Kalez kaleko ekimenaren ostean, Udaletxeko plazan ekitaldia egingo dute, eta, behin hori bukatuta, elkartasun festa antolatu dute: herri bazkari, kalejira, kontzertu eta abarrekin.

Jendearen parte hartzea

Ohiko baliabidea izan ohi da sinadurak biltzea aldarrikapenen bat egiteko. Arrazoiak-ekoek sinadura “kopuru handi bat” lortu nahi dute auzoa sakabanaketaren aurkakoa dela esan ahal izateko. Horretarako, apirilaren 24tik aurrera etxe guztietako postontzietan utziko dituzte sinatzeko orriak. Horrekin batera, auzoko hainbat denda, elkarte eta egoitzatan postontzi bereziak jarriko dituzte jendeak bere sinadura utz dezan. “Sinadura bilketa Aste Santutik bueltan jarriko dugu martxan, eta hilabete iraungo du. Maiatzaren 6a erdian izango da, eta egun hori giltzarri izatea nahi dugu”.

Hori guztia aurrera eramateko harreman sare handia sortzen ari dela nabarmendu du Zudairek. “Kaleetako argazkia koordinatzeko kale bakoitzeko auzokideekin harremanetan jartzen ari gara, euren kaleko argazkia dinamiza dezaten. Kontuan hartzen badugu auzoan 52 kale daudela, gutxienez 52 pertsona behar ditugu ardura batekin”. Era berean, sinadurak biltzeko postontziak jartzeko merkatari, elkarte eta kolektiboen oniritzia behar dute. “Postontzia euren negozioan edo egoitzan jarrita parte hartzen dute”.

Ildo berean, maiatzaren 6ko egunak “auzo izaera” izan dezala nahi du Zudairek. “Ez dugu nahi soilik sektore politiko bateko jendea mobilizatzea, gure ohiko guneetatik harago joan nahi dugu. Horregatik, egun horretan parte hartuko dute auzoko hainbat kultura eta musika taldek”.

Ekinbidea aurkezteko, oihalak eskuetan hartu zituzten auzokideek. Hurrengo asteetan, berriz, elkartasuna da bizilagunen artean ehundu nahi dutena. Lan handia duten arren, pozik dago Zudaire, uste baitu sakabanaketa bukatzeko “arrazoiak egon badaudela”.