Plaza bat, hiri erdian, tokiko ekoizleentzat

Kattalin Barber

Tokiko ekoizpenarentzat erreferentziazko plaza bat eskaintzea izan da hasieratik asmoa. Eta bide horretan ari da urratsak egiten Iruñeko Udala: Geltoki proiektuaren bidez, ekonomia sozialari bultzada eman nahi dio, bai eta kultur jarduerei ere. Asmo hori gauzatzeko, Iruñeko autobus geltoki zaharra bilakatu da herritarrentzako plaza, eta ekonomia sozialaren eta tokiko produktuen bilgune izanen da, aurrerantzean.

Egun, haurrentzako jolasgune bat du eraikin zaharrak, baina, horrekin batera, azokak, erakusketak, hitzaldiak eta kultur jarduerak izanen dira geltokian hilabete honetatik aurrera. “Nafarroako ekoizleen plaza izatea nahi dugu”, nabarmendu du Patricia Perales Iruñeko Udaleko Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotziak.

Lehenengo ekitaldia hilaren 13an eta 14an izanen da, autobus geltoki zaharrean eginen baitute Ame & Art Market arte, diseinu eta sorkuntzaren VIII. azoka, hain zuzen ere. Kontsumitzaileen eta Nafarroako ekoizleen arteko zubia ere izanen da Geltoki proiektua, Peralesen arabera. Ekitatea, ingurumen iraunkortasuna, elkarlana, irabazi asmorik eza eta ingurunearekiko konpromisoa dira Geltokiren oinarri filosofikoak. “Horregatik, oinarri horiek betetzen dituen edozein elkartek erabili ahalko du autobus geltoki zaharra”. Erreferentziazko ekonomia sozialeko eta kultur gune bat izan dadin lanean ari da udala.

Sei hilabetez egokitze lanak egin ostean, dagoeneko prest dago geltoki eraberritua. Erdiko espazioa, hamalau leihatila, bi denda, komunak, biltegiak, bulegoa eta kafetegia moldatu dituzte. “Beste eredu ekonomiko eta sozialak daudela erakutsi nahi dugu Geltoki proiektuaren bidez, hain zuzen ere. Ideiak eta proiektuak elkarrekin banatzeko, tokiko produktuak sustatzeko eta kultur jarduerak egiteko gunea izanen da, nafar guztien eskura egonen dena”, baieztatu du.

Oliveto Kondearen etorbidean egonen da sarrera nagusia, lehen bezala, eta, horrez gain, Tutera kaletik sartzeko ate bat gehitu diote eraikinari. Kafetegia beheko solairuan egonen da, eta horren sarrera, Oliveto kondearen etorbidean. “Oraindik adjudikatuta ez badago ere, kafetegia egunero irekitzea da asmoa, eta tokiko produktuek eta produktu ekologikoek izanen dute lehentasuna”.

Moldaketa lanak egin dituzten bitartean, haurren jolastokiak bere horretan jarraitu du, lanak antolatu baitira jarduera hori eten gabe egin behar zirela aintzat hartuta. Eremu horri eutsi eginen diote, baina Iruñeko Udalaren proiektuak bultzada eman nahi dio eraikin osoari. “Erabilerarik gabe egon da urte luzez, eta arduragabekeria iruditzen zitzaigun”, azaldu du.

“Toki ezin hobean dago, eta herritarrei eskaintzea kultura eta ekonomia soziala sustatzeko erabilera egokiena da”, erantsi du Patri Peralesek. Zinegotziak azaldu du proiektuak harrera “ona” izan duela, eta, gainera, dagoeneko eskaerak jaso dituztela azokak eta jarduerak antolatzeko. Ame & Art Market jaialdiaz gain, hilaren 19an, 20an eta 21ean eginen da bertan Nafarroako II Azoka Ekologikoa Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak antolaturik.

Lau gune

Zinegotziak azaldu duenez, leihatila gunearen eta tabernaren diseinuan hainbat eragilek aurkeztutako proposamena aintzat hartu dute, eta lau gune ezarriko dituzte: kultura eta gizarte gunea, alternatiba ekonomikoei buruzko foro eta kanpainekin; azoka sozialaren gunea, produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta postuekin; sukaldaritza gunea, tokiko elikadura eskola artisau eta ekologiko batekin eta bidezko merkataritzarekin; eta, azkena, jarduera eta azoka gunea, izaera soziala, ekonomikoa eta kulturala duten egitasmoekin. Kudeaketa lehiaketa publikoaren bidez adjudikatzea aurreikusi da. “Ekonomia soziala zein ekonomia solidarioa bultzatzea eta autosufizientzia ekonomikoa dira proiektuaren helburuak, produktuen salmentari esker kultur jarduerak finantzatu ahal izanen baitira, baita gizarte ehuna sustatuko duen egitasmo ireki eta plural bat eraikitzea ere”, dio Peralesek.

Geltoki martxan jartzeko, joan den urtean hasi zuen udalak bidea Nafarroako hainbat eragilerekin. Parte hartu dute, besteak beste, REAS Nafarroa elkarteak, Arrea elkarteak, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkarteak, Arte para Todos elkarteak, Artisten Auzoa elkarteak, Nafarroako Fiare elkarteak, Landarek, Slow Food elkarteak, NNPE-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, Gaztelan fundazioak, Emausko Trapuketariek eta Napar Bideak kooperatibak.