Kattalin Barber
Urte asko egin ditu Peio J. Monteano Nafarroako Artxiboko goi teknikariak (Atarrabia, 1963) euskararen gaia aztertzen eta jorratzen. XVI. mendean Nafarroako biztanleriaren %80 euskaraz bizi zela ondorioztatu du El iceberg navarro, euskera y castellano en la Navarra del siglo XVI (Nafar izozmendia, euskara eta gaztelania XVI. mendeko Nafarroan) izenburuko bere azken liburuan (Pamiela, 2017). Lan horretan jasotakoez egin du gogoeta.
Euskara Nafarroako hizkuntza hegemonikoa zela nabarmendu duzu liburuan. Zer ekarri zuen horrek?
Biztanleen ia %80k hitz egiten zuten euskaraz, Nafarroan. Orain dela sei urte hasi nintzen ikerketa honekin, baina liburua momentu sentikor batean iritsi da; izan ere, sentsibilitate sozial handia dago, orain, Nafarroan. Badirudi enkarguz egin dudala lan hau, baina ez da horrela. Liburuan garrantzia eman diet egun euskaldunak ez diren eremuei.
Eta horrela egiaztatu duzu eremu horietan euskaraz hitz egiten zutela. Batzuentzat errealitate deserosoa dena agerian utzi duzu zure azken lan horren bidez?
Izan daiteke. Argi dago Ebro inguruan erromantzea hitz egiten zela, baina uste dut liburu honek balio duela nafarrek haien iragana hobeto ezagutzeko eta euskarak izan zuen pisu handia baloratzeko. Nik adreiluak jarri ditut, gero nork bere etxea eraiki dezala adreilu horiekin. Baina egia da beste helburuetako bat mitoak bertan behera uztea izan dela. Politikarien artean tontakeria handiak entzun ditugu azkenaldian, euskararen inposizioaz hitz egin dutenean, adibidez. Bestalde, liburuaren bidez, frogatu dut Nafarroako konkistak ez zuela ekarri kolonizazio linguistiko-kulturalik. Konkista gertatu eta mende eta erdi geroago ere euskarak indarra erakusten jarraitzen zuen Nafarroan.
Zer dela-eta hasi zen euskararen gainbehera Nafarroan hurrengo mendeetan?
Nik XVI. eta XVII. mendeak ikertu ditut, eta hurrengo mendeak gakoak dira gertatu zena ulertzeko. Batetik, XVIII. mendeko prozesu politikoek —zentralizazioak, batik bat—, eta, bestetik, hezkuntza prozesuek zerikusia izan zuten euskararen galtzean. Alfabetatzea zabaltzen den heinean, argi eta garbi gaztelaniaren aldekoa da joera. Euskaldun elebakarrak ikertu ditut liburuan. Elebakarrek hizkuntza bat ikasi behar izan zuten, haiena ez zelako idazten, ezta irakurtzen ere. Ondorioz, euskara azkar galdu zuten.
Liburuan esaten duzu biztanleen erdiek baino gehiagok euskaraz bakarrik zekitela.
Ezuste handia izan da horretaz ohartzea. Gainera, elebakar gehienak emakumeak ziren, eta horrek ondorioak izan zituen garai hartako gizartean. Emakumeak direlako emazteak, neska-lagunak, alabak, amak… eta beraiek hartzen zutelako beren gain umeen sozializazioa. Horrek esan nahi du eguneroko bizitza euskaraz egiten zela. Gaztelania, berriz, hizkuntza instrumentala zen, administraziorako, lanerako eta merkataritzarako erabiltzen zen hizkuntza, alegia. Erronkarin, adibidez, XVI. mendean, emakumeen %99 elebakarrak ziren; gizon gehienek, berriz, ulertzen zuten gaztelania. Zergatik gertatzen zen hori? Transhumantziagatik.
Administrazioko iturriak jorratzeaz gain, zertan oinarritu zara ikerketa aurrera eraman ahal izateko?
Nire oinarriak, gehienbat, prozesu judizialetako galdeketak izan dira. Baina agirien atzean dagoena begiratu dut nik; ikusi dut zein testuingurutan egin ziren dokumentu horiek. Nola ikertu idazten ez den hizkuntza baten historia idatzizko dokumentuen bidez? Kontraesana dirudi, baina, kasu honetan, harago joan naiz. Galdeketetan ikusi ahal izan dut zein hizkuntzatan ematen zuten testigantza lekukoek. Ez dakigu zergatik, baina 1570. urte inguruan Nafarroako hainbat eskribau dokumentutan aipatzen hasi ziren zein hizkuntzatan ematen zuten lekukotasuna prozesu judizialetan parte hartzen zutenek. Hori gakoa izan da niretzat. Elebakar batek galdeketan itzulpena behar izan badu, horrek agerian uzten du prozesura eraman duen egoera hori euskaraz entzun duela. Iruñeko Ospitale Nagusiko estatutuen kasua ere bitxia da, bestalde. Ordenantzak dio gauero euskaraz irakurri behar zituztela argibideak langile guztiak jakinaren gainean egoteko. Nafarroara ailegatzen ziren bidaiariek ere oso argi esaten zuten hemen zeudenean hizkuntza oso arraroa entzuten zutela.
Horrelako aurkikuntzarik espero zenuen liburua osatzen hasi zinenean?
Konkista ikertzen ari nintzenean bi dokumentu garrantzitsu aurkitu nituen, eta agiri horiek abiapuntu izan dira ikerketa honetarako. Batetik, Nafarroako Artxibo Nagusiko agiri batean erreinuaren banaketa linguistikoa aurkitu nuen. Bestetik, Valladolideko [Espainia] Simancas artxiboan aurkitu nuen beste agiri bat; hain zuzen ere, Nafarroako funtzionarioek itzulpenak egiteko eta lekukoak ulertzeko zituzten zailtasunak eta arazoak azaltzen zituzten agiri horretan. Orduan konturatu nintzen Nafarroako administrazioa itzulpen makina handi bat zela.
Zer dela-eta hasi zinen ikertzen, zer helbururekin?
Historialariaren funtzioa, neurri handi batean, funtzio soziala da, nire ustez. Historialariak erantzunak eman behar dizkie gizarteak gaur egun iraganari buruz egiten dituen galderei; eta esan behar da Nafarroako gizarteak galdera asko egiten dituela bere iraganaren inguruan. Hortaz, kasu honetan, nik uste dut liburuak erantzunak ematen dizkiola gaurkotasun handia duen eta iritzi ezberdin handiak eragiten dituen gai bati. Izan ere, historia ez da gertatu dena; historia da gaur egungo belaunaldi batek bere iraganean garrantzitsutzat jotzen duen hori, hain zuzen ere.
Liburu honen bidez, gainera, dagokion lekuan jarri duzu euskara?
Bai. XVI. mendeko testuinguru horretan Nafarroa euskal munduaren ardatza zen, eta Iruñea, berriz, euskal hiriburua. Gainera, nik egindako ikerketak balio du beste galdera batzuei erantzuna emateko ere. XVI. mendean euskara hizkuntza hegemonikoa zen. Hori horrela izanik, zer-nolako egoera zegoen Erdi Aroan, adibidez? Dokumentazio gutxi dago horri buruz, bakarrik eskriturak eta fakturak, eta horiek, gainera, ez dute islatzen eguneroko bizitza soziala. Baina ondoriozta dezakegu Erdi Aroan ere euskara oso garrantzitsua izan zela, ez zela beste hizkuntza bat gehiago, baizik eta hemengo hizkuntza zela.