Kattalin Barber
Uhinez inguraturik bizi gara, eta haien beharra du egungo gizarte modernoak. Haatik, uhin elektromagnetikoak kaltegarriak izan daitezkeela eta, kezka badago. Bereziki, wifiaren inguruan sortu da ardura. Joaquin Sevilla (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1963) fisikan doktorea eta NUPeko irakaslea da; uste ezkorrak ezabatu nahi ditu, eta, Javier Armentia Iruñeko Planetarioko koordinatzailearekin batera, hitzaldia emanen du hilaren 27an, Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan.
Arriskutsuak dira komunikazio sistemen uhinak?
Wifiaren uhinak kaltegarriak direla esan zuten Ingurumen Heziketarako Museoan antolatutako hitzaldi batean, duela hilabete batzuk. Armentia eta biok ez gaude batere ados baieztapen horrekin, eta azalpenak eskatu genizkion Iruñeko Udalari. Hitzaldia ematea proposatu ziguten. Gizartean dauden uste ezkorrak ezabatu behar ditugu. Uhinak zer diren azaltzeko, ur putzu baten adibidea jarri ohi da: han harri bat botata uhinak sortzen diren moduan, gure ahotsa eta soinua ere uhinak dira. Uhin mekanikoak dira horiek. Eguzkia, berriz, uhin elektromagnetikoen iturri da. Uhin elektromagnetikoen alorrean, bi mota bereiz daitezke: ionizatzaileak eta ionizatzaileak ez direnak. Lehenak X izpiak edo gamma izpiak izan daitezke, eta materia ionizatzeko gaitasuna dute; horrenbestez, osasunarentzako kaltegarria izan daiteke horien aurrean denbora luzea ematea. Ionizatzaileak ez direnak komunikazio sistemetan erabiltzen direnak dira.
Beraz, uhin kaltegarriak eta erabilgarriak daude?
Nik ez nuke esanen X izpiak txarrak direnik. Kontua da albo-ondorioak dituztela, eta ongi erabili behar direla. Medikuntza asko aurreratu da X izpiei esker. Gizartearen arazoaren jatorria terminologia nahasi horretan sortzen da.
Gaur egun, uhin elektromagnetikoz inguraturik bizi gara.
Bai, baina ez bakarrik gaur egun. Betidanik bizi izan gara horrela. Argia uhina da, eta eguzkia, uhin elektromagnetikoen iturria. Komunikazio sistemetan ere uhin asko daude: irratiaren uhinak, sakelakoa, telebista, wifia… Azken horren inguruan polemika dago azkenaldian, baina esan beharra dago wifiaren seinalea irratiaren seinalearen ia parekoa dela. Irratiak ez du inolako kalterik sortu urte hauetan guztietan, ezta alarma sozialik ere.
Batzuek minbiziarekin, migrainekin eta beste gaixotasun batzuekin erlazionatzen dute wifia. Zer dakigu haren arrisku errealaren inguruan?
Ez dago inolako ebidentzia zientifikorik. Minbizia sortzeko uhinek indar oso handia izan behar dute. Ikusgarria den argiak, guk dakigula, ez du minbizirik sortzen; aitzitik, izpi ultramoreek bai, eta horregatik babesten gara. Uhin ultramoreek baino uhin luzera laburragoa dutenek indar handiagoa dute; beraz, molekulak aldarazi eta minbizia sor dezakete. Uhin luzera luzeagoa dutenek ez dute indar nahikorik. Horien artean daude irratia eta wifia, adibidez. Ikerketa epidemiologikoak egin dira, eta esan dezakegu ez dagoela inolako loturarik wifiaren eta gaixotasunen artean. Existitzen den ebidentzia zientifikoak dio ez duela inolako arazorik sortzen.
Orduan, zergatik iruditzen zaizu gizartearen zati batek uste duela arriskutsuak direla?
Ni fisikaria naiz, eta ez dakit behar bezala erantzuten. Nire iritzia eman dezaket, baina ez naiz aditua. Erantzuna jakitea gustatuko litzaidake, arazo honen gainean neurriak hartzeko. Hauxe da arazoa: gizarteak erabakiak hartzen ditu ezagutza zientifikoarekin bat etorri ez arren. Horregatik uste dut garrantzitsua dela dibulgazioa eta hitzaldiak ematea. Modu batean, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, gizarteak konfiantza handia zuen garapenean. Adibidez, lehen zentral nuklearrak egin zirenean ia ez zen egon oposiziorik. Arazoak gero etorri ziren: ingurumena, kutsadura… Hortaz, orain kontrakoa gertatu da: teknologia berriek mesfidantza sortzen dute. Izan daiteke arrazoia.
Zer egin daiteke?
Pertsona batek erabaki dezake wifirik nahi ez izatea, eta oso ongi iruditzen zait. Hori uler dezaket, baina, erabakiak hartzen dituztenean, froga zientifikoak kontuan hartu behar dituzte, ez beldurrak. Zientifikoki oinarririk ez duten arrazoiak ematea uste dut ez dela bidea. Arazoa da hainbatek honi guztiari probetxua ateratzen diotela, eta etekina ateratzen dutela. Beldurra sustatzen dute. Zientziak eta pseudozientziak bereizi behar ditugu, bai eta tartean egon daitezkeen aukera politikoak ere. Norbaitek esan dezake: wifia ez da txarra, baina gizarte honetan ez dugu nahi. Hori zilegizko aukera bat da, baina ez, ordea, arrazoi faltsuak ematea.
Joan den urtetik NUPeko ezagutzaren zabalkundearen arduraduna zara. Zer lan egiten ari zarete zientzia gizartean zabaltzeko?
Orain dela urte asko egiten da lan hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ezinbestekoa da ezagutza zientifikoa zabaltzea. Bai zientzia orokorra, bai eta unibertsitateko laborategietan egunero egiten den zientzia ere. Gure egitekoa hori da. Jarduerak egiten ditugu zientzia ezagutzera emateko eta zabaltzeko. Zaharkitua dago zientzialari bakartiaren ideia: pentsatzen duena bakarrik laborategian egotea dela bere lana. Ez gara horrelakoak. Egia da batzuetan kosta egiten zaigula lengoaia egokia aurkitzea, baina saiatzen gara. Horixe baita gure lana,egiten duguna gizarteari ezagutaraztea.