Edurne Elizondo
Hamabi urte zituen Maribel Sembroizek Felix aita ezagutu zuenean. Irundik zeharkatu zuen muga, Hendaiara joan, eta aitarekin lehendabiziko aldiz bat egiteko. Felix Sembroizek 1936an ihes egin zuen Erriberri sorterritik. Emaztea eta zortzi hilabeteko alaba utzi zituen etxean. “Frontera joan zen, hiru anaiarekin; 1976. urtera arte ez zen itzuli”. Gursen (Okzitania) izan zen Sembroiz. “Errefuxiatuentzako esparrua zen, baina beti aske izandako haiek preso sentitu ziren han”.
1939tik 1945era egon zen zabalik Gurseko kontzentrazio esparrua. 1936ko gerratik ihesi joandako 6.000 euskal herritar pasatu ziren handik, tartean ia bostehun nafar. Frantziak errefuxiatu gisa hartu zituen, baina baldintza gogorrak pairatu zituzten, batez ere herri hori alemaniarren esku gelditu zenean.
Behartutako erbestera joan, eta historiak isiltasunera kondenatu ditu gerrak etxetik botatakoak, neurri handi batean. “Inork ez daki han zer gertatu zen, inork ez daki gure senideak han izan zirela”, erran du Sembroizek. Nafar haien berri eman nahi du gobernuak orain, eta “aspaldiko zorra” kitatu. Horixe nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Zor hori kitatzen hasteko, Gursen egondako nafarrak omenduko ditu gobernuak bihar, kontzentrazio esparruan bertan. “Berandu gatoz, baina egin beharreko urratsa da”. “Biziki” eskertu du Sembroizek keinua: “Eginen diguten aitortzak indartuko gaitu”.
Maribel Sembroizek gorde du erbestera joandako aitaren memoria. Senideek urte luzez egindako lana eskertu du Ollo kontseilariak, hain zuzen, baina nabarmendu du gizarteak duela ardurarik handiena. “Memoria ezin da bakarrik senideen artean gelditu; memoria kolektiboa behar dugu”. Horregatik, Gursekoak “gizarte osoaren omenaldia” izan behar duela argi utzi nahi izan du.
Goizeko hamaiketan eginen du gobernuak bere omenaldia. Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek, Nafarroako Parlamentuko buru Ainhoa Aznarezek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azkonak parte hartuko dute, bertzeak bertze. Arratsaldean bertze ekitaldi bat antolatu dute; Nafarroako agintariekin batera, Eusko Jaurlaritzakoak eta Akitania Berrikoak ere izanen dira bigarren horretan.
Orain, baso
Senideak izanen dira protagonista, halere. 200 inguru joanen dira Nafarroatik. Tartean izanen da Sembroiz, bai eta herri bereko Itziar Munarriz ere. Erriberriko memoria historikoaren aldeko taldean hasi zuen bere bidea Munarrizek, senarraren aitona eta haren anaia Gursen izan zirela jakin eta gero. Bideko Mitxingorria elkarteko kide ere bada. Gursen egona da jada Munarriz. “Kontzentrazio esparru izandakoa baso bat da orain”. Gerratik ihesi joandakoek ezagutu zuten Gurs hura irudikatzeko, halere, esparrua osatzen zuten barrakoietako baten erreplika zutik da, Oloroeko (Okzitania) Terres de Memoires et de Luttes elkarteko kideen lanari esker. “Hunkitzen zaitu han sartzeak; han izan zirelako gure senideak, baldintza hagitz gogorrak sufritzen. Lokazti batean eraiki zuten esparrua”.
Munarrizen amaginarreba da Saturnina Txibite; haren aita Sebastian Txibite ez zen inoiz itzuli Nafarroara. “Alabak behin baino ez zuen ikusi, mugan”. Sebastianen anaia Tomas Txibitek, berriz, Txilerako bidea hartu zuen. “Erriberriko zinegotzia zen gerrak eztanda egin zuenean. Winnipeg ontzian egin zuen Valparaisorako bidaia”. Bere familiarenaren gisako bertze hamaika “istorio izugarri” utzi zituen erbesteak, Munarrizen hitzetan, eta istorio horiek zabaltzeko lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du. “Egia, justizia eta ordaina eskatzen ditugu, baina oraindik ez dakigu zer gertatu zen ere; datu anitz falta zaigu”.
Erbesteari buruzkoek, hain zuzen ere, gutxi ikertutako adarra osatzen dutela argi du Fernando Mendiola historialariak. “Zenbait herritar Kataluniara joan ziren, eta, errepublikaren aldeko borroka guztiz amaitu zenean, Gursera eraman zituzten; oraindik ez dakigu, halere, zenbat jendek ihes egin zuen Nafarroatik lehen asteetan”. Mendialdetik, batez ere, anitzek kanporako bidea hartu zutela jakina da, baina errealitate horri buruzko datu zehatzik ez dela azaldu du Mendiolak.
“Erbesteko eguneroko hori ez da hartzen herrialdean gertatu zen errepresioa bezain gordintzat; horrek ekarri du, hilketen aurrean, bestelako errepresio motak bigarren mailan gelditzea”, erantsi du historialariak. Hainbertze ikertu ez diren errepresio mota horietako bat da indarkeriaren mehatxuaren ondorioz alde egin behar izan zutenen erbestea, baina badira bertze hainbat, Mendiolak nabarmendu duenez: “Bortxaz lanean aritu zirenak, genero indarkeria, errepresio ekonomikoa…”.
Adar horietan sakontzeko beharra berretsi du historialariak. Gursi buruz, Nafarroako historiak zor bat baduela argi du Mendiolak. Auzia anitzez ere zabalagoa dela gaineratu du, gainera. Izan ere, euskal herritarrak ez ziren izan Gursen egondako bakarrak. “Alemaniatik ekarri zituzten juduak Gursera. Nazien lehen asmoa izan zen juduak Alemaniatik ateratzea; gerrak aurrera egin ahala, juduen herria akabatzea hartu zuten xede. Gursera ekarritakoak, ondorioz, berriz ere eraman zituzten haiek hiltzeko esparruetara. Gurs hain hurbil izanda, jakin beharko genuke han zer gertatu zen”.
Memoria lantzeko eta historiak dituen hutsuneak betetzeko lan horretan aspaldi murgildu zen Mendiola. Bide berean urratsak egin dituzte hainbat elkartek, azken hamarkadetan. Mendiolak txalotu nahi izan du, hala ere, oraingoan ekimena Nafarroako Gobernuarena izatea; erakunde horrek antolatu izana Gursen izan ziren nafarren aldeko omenaldia. Esker ona agertu du, halaber, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Jokin de Carlosek. “Guk egin izan ditugu omenaldiak Gursen, baina behar zen gobernuak hartzea zeregin horren ardura”, nabarmendu du.
Gursen bezala, bertze hainbat kontzentrazio esparrutan ere nafarrak izan zirela gogoratu du De Carlosek. Mendiolarekin bat egin du, ordea, eta onartu du, oraindik ere, gutxi jakin dela herrialdetik urrun joan zirenei buruz. “Historialariek lanean jarraitu behar dute”. Gobernuak ere zer egin baduela argi du fusilatuen senideen elkarteko buruak. Ontzat jo du fusilatuen gorpuzkiak lur azpitik ateratzeko egindako ahalegina, bai eta DNA bankua osatzekoa ere.
Eskoletan landu
“Hamaika gauza badira egiteko, baina denbora kontra dugu, eta hobiak bilatzea eta zabaltzea hartu dugu lehentasuntzat”, azaldu du Ana Ollo kontseilariak. Aitortu du iaz Olaben egindako indusketetan egoteak “hunkitu” egin zuela. Ezkabatik ihes egindako hamalau preso fusilatu eta lurperatu zituzten herri horretan. Aranzadiko kideek aurkitu, eta lur azpitik atera zituzten gorpuzkiak. “Hezurrak agertu ziren, baina ez bakarrik; botoiak, arkatz bat… bizitza baten arrastoak ziren. Norbaitek esan zuen 18 urte zituztela. Gaizto izateko denborarik ere ez zutela izan pentsatu nuen. Gogorra izan zen”.
Horren berri eman behar dela argi du Ollok. Garrantzitsutzat jo du, ondorioz, memoria historikoa lantzeko institutuetan hasitako lana. Programa horren bidez, hain zuzen, Gursen izan dira, adibidez, Iruñeko Iturrama eta Barañaingo Alaitz zentroetako ikasleak. Bihar, 200 nafar izanen dira Okzitaniako kontzentrazio esparru horretan. Han izan ziren nafarrak gogoratzen. Erbesteko memoria osatzen. Ezagutzen.