Iritzia: Eskubidea edo pribilegioa?

Jon Barberena

Zerrenda hitza ez dut maiteenetako bat. Oroitzen naiz futbol partiduaren bezperan, entrenatzaileak paratzen zuen zerrenda idatzian, ni bezalako mutiko melengen izenik ez zela ageri han. Saminez oroitzen naiz, bozkatu arren, beti legez kanpoko izendatzen zuten zerrendaren baliogabetzea. Eta buruan iltzatua dut, irakasle gisa zerrendako azken muturrean egonik, sekula santan ailegatzen ez zen lanpostuaren kokapen geografiko perfektua. Zerrendak zerrendatuz bizitzaren ibilbide kronologikoa marrazten dugu, eta horretan gabiltza!

Orain Hezkuntzako zerrenden inguruko burrunba hedatu da gurean, eta ematen duenez, anitz jakitea ez da errentagarria Nafarroan. Ez behinik behin irakasle edo maisu-maistra euskalduna bazara. Ondokoak baino gehiago jakiteak bekaizten du barride elebakarra etxe honetan. Hala ere, anitz eta gehiago jakitea ez da sobera jakitea. Euskaldunak gara eta harro gaude, baina ez gara batzuek uste bezain harroak. Ikasteko eta hobetzeko prest gaude!

Valentzian, Balear Irletan, Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Katalunian, errate baterako, bi hizkuntzak menperatzen dituenak aukera du nahi duen hizkuntzan eskolak emateko. Doike! Normala da! Pertsona elebiduna ez ote dago gaitua bi hizkuntzetan eskolak behar bezala emateko? Nafarroan ematen duenez ez! Gehiago jakiteak aukerak murriztu egiten ditu. Gurean deus ez baita normala. Nonbait, Joseba Sarrionandiak erran bezala: “Euskeraz egitea normaltasunaren kontra egitea da”.

María Solana kontseilariak duela guti zerrenda bakarra sortzeko erabakiaren aldeko keinua egin du eta alimaleko kalapita sortu du horrek. Nafarroan UPNren agintaldi luzeko papurrak mahai gainean ditugu oraindik. UPN, PP, Afapna, PSN, UGT eta CCOO euskaldunon itzalaren beldur eskizofrenikoa elikatzen dabiltzan bitartean, Ahal Dugu eta Ezkerra zalantza ulergaitzetan harilkatuak ditugu.

Oposizioak daudelarik, euskarazko eta gaztelerazko zerrendak ditugunez, ordu berean egiten dituzte bi azterketa frogak. Elebidunok behartuak gaude gaitegi bera izanagatik ere hizkuntza batean edo bertzean azterketa egiterat. Nahiz eta gaituak eta eskatzen diren ezaugarri guzti-guztiak bete, uko egin behar diogu bietako zerrenda batean egoteari. Normala ote da? Nafarroa da kontratazio zerrenda publikoak hizkuntzen arabera banatzen dituen bakarra.

Pribilegiatuak omen gara; zorionekoak! Medikua %100ean euskalduna dugun eremu batean bizi gara gu, unibertsitateko ikasketa guzti-guztiak euskaraz egin ditzakegun leku bukoliko batean eta administrazioak beti euskaraz erantzuten duen lurralde madarikatu batean. Zorionekoak gu, bi hizkuntza menderatuagatik, deialdi publikoetan bietako batean aurkezteari uko egin behar diogun sasoi honetan. Pribilegioa irakasle eta maisu-maistra elebakarrena da, ez gurea, gaztelerazko lanpostuen aukera beraiendako baita osorik gu bertan egoteko gaituak egonagatik ere. Ahal Dugu eta Ezkerrako zenbaiten zalantzak argitzeko erranen dut elebidunak garen irakasleon kontrako diskriminazio ikaragarria dela hau.

Ez dugu barkamenik eskatuko euskaldunak izateagatik, euskaraz bizi nahi izateagatik. Gure eskubideak ez dira pribilegioak, eta ulertzen ez duzuen bitartean, normaltasunaren kontra egiten segituko dugu normaltasuna Nafarroarat ailegatu artio.