“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

E. Elizondo

Euskalgintzak euskararen plan gidaria moldatzeko eskatu die Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta gobernuari. NUPek hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik (Arbizu, 1962).

Zaharrak berri NUPen?

Bai; zaharrak berri irakaskuntzan. Gure plataformak jorratu du haur eskolen gaia Iruñerrian, eta orain bat egin dugu, berriz ere, NUPen dagoen egoera salatzeko. Agerian gelditzen da zailtasunak badirela. Hamar urte joan dira azken plana egin zenetik, eta berriak zerbait ekarriko zuen esperantza bazen. Baina eskas gelditzen da.

Alfonso Karlosena errektorearen eskutik egoerak hobera eginen zuela espero zenuten?

Bai. Plana eginen zutela iragartzea egokitzat jo genuen. Gertatu dena da ezagutu eta gero konturatu garela gabeziak badituela. Larriena da ez duela gradu oso bat euskaraz eskaintzeko apusturik egiten. NUPek 30 urte bete ditu; bi gradu baino ez ditu eskaintzen euskaraz, baina horiek ez dira unibertsitate horrek sortutakoak, lehenagotik baitzeuden. Beraz, 30 urtean ez dute euskarazko graduen aldeko urratsik egin. Bagenuen esperantza orain, baina zapuztu egin da. Hori da gabezia nagusia.

Karlosenak erran du ez dutela gradurik euskaraz eskaintzeko asmorik, bideragarria ez delako. Zer deritzozu?

Bideragarria ez da izanen horren aldeko apustua egiten ez duten bitartean. Planaren sarreran aipatzen da unibertsitatea estrategikoa dela euskararentzat nahi dugun paradigma berriaren eraikuntzan. Baina helburu zehatzen arloan aipatzen du unibertsitateari ez dagokiola helburu estrategiko berriak zehaztea. 30 urtean jendartea aldatu da; duela hainbat urte, sei ikasletik bat bazen euskalduna; gaur egun, hirutik bat bada.

Bideragarritasuna aipatzen du Karlosenak. Eskubideen diskurtsorik ez da NUPen?

Eskubideak ez dira aipatzen. Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren arabera, ordea, Nafarroako Gobernuak ditu hezkuntzaren arloko eskumenak, eta hari dagokio, beraz, itun horretan jasotakoak betearaztea. Eta jasota dago hizkuntza unibertsitatean ezartzeko konpromisoa. Espainiako Gobernuak bat egin zuen eta berretsi zuen itun hori. Beraz, bete beharko luke eskumena duenak.

Gobernuak ere huts egin du NUPen?

Irakaskuntza publikoaz ari gara. Unibertsitatea aparteko erakunde bat dela badakit, baina gobernuak ezartzen eta arautzen ditu han eskaintzen diren zerbitzuak. Baliabide publikoak dira.

Salatu duzue planarekin ez dutela behar den diagnostikoa egin, helbururik ez dutela ezarri.

Hala da. Ez dago helbururik, ezta eperik ere. Plana irakurrita, ematen du euskararen tokia sinbolikoa dela NUPen. Bat-batekotasuna sumatzen da. Ematen du euskarazko eskaintza dela egun dauden baliabideen araberakoa. Harago joateko asmorik ez da.

Erizaintzako ikasketen adibidea nabarmendu duzue; ikasleen erdiak euskaldunak dira, baina ez dute euskaraz ikasteko aukera.

Hala da. Kontuan hartu behar dugu erizainak herritarrak artatzen ariko direla gero. Profesional euskaldunik ez dagoela esaten dugu. Sare publikoan bada profesional horiek prestatzeko aukera, baina ez dugu baliatzen.

Plana moldatzeko eskatu diozue NUPi. Bilerarik egin duzue?

Eskatu zen, plana osatzen ari zirenean. Ez zen egin. Plana abuztuan aurkeztu zuten. Abenduan aurkeztuko dugu NUPen euskara bultzatzeko dinamika. Lanean jarraitu behar dugu.