Edurne Elizondo
Gehiago espero zuten. Baina pareta baten kontra egin duten sentsazioa dute. Bidea ia hasi bezain pronto amaitu dutela. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko dauden aukerak uste baino urriagoak direla konturatu dira. NUP, finean, “gizarteak uste baino erdaldunagoa” dela. “Unibertsitateak beti saltzen du gora baino ez duela egiten euskaraz eskaintzen dituen ikasgaien kopuruak; baina ez da egia. Errealitatean, euskara ez da, inondik inora, lehentasun bat”.
Horixe nabarmendu eta salatu dute NUPen ari diren lau ikaslek. Unibertsitate publikoak abuztuan onartu zuen euskararen plan gidaria, eta agiria “eskasa” dela agerian utzi dute berriki euskalgintzako hainbat eragilek. Ikasleek ere bai. NUPek 2016ko apirilean onartu zuen 2019ra bitarteko plan estrategikoa, eta han jaso zuten euskara plana egitea. Lehendabizikoa izan da, hamar urtean. Baina ez ditu sortutako esperantzak bete, inondik inora.
Gurutze Etxezabalek 23 urte ditu, eta gradu bikoitza ikasten ari da: Zuzenbidea, eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza. “Bosgarren maila egiten ari naiz; urteotan lau ikasgai izan ditut euskaraz. Gehiago izanen nituela uste nuen hasi nintzenean”.
Eneko Espartza Soziologiako hirugarren mailan ari da. 20 urte ditu, eta Igantzikoa da. Euskaraz bizi izan da beti, baina NUPen ez du euskaraz ikasteko aukera izan. “Lehendabiziko mailan bai; zazpi ikasgai izan nituen euskaraz. Haietako bost, halere, irakasle ikasketekin eta gizarte lanekoekin batera genituenak ziren, ez berez Soziologiakoak”. Gero, deus ez. “Hasi nintzenean, mailetan gora egin ahala euskarazko ikasgai gehiago izanen nituela uste nuen, baina ez da hala izan”.
Antzekoa da Asier Ganboak ezagutu duen egoera. 20 urte ditu, eta Ingeniaritza Agronomoko laugarren maila ikasten ari da. “Lehendabizikoan ikasgai guztiak euskaraz izanen nituela uste nuen. Hasi eta berehala, irakasle batek gaixo-agiria jaso eta lana utzi behar izan zuen, eta gaztelaniazko taldera bidali gintuzten. Hiru urte pasatu dira, eta jarraitzen dute ikasgai hori eman gabe. Eskaintzan jasotzen dute, baina irakasle horren ordezkorik ez da. Ezin da euskaraz egin”. Laugarren mailan ez du ikasgai bakar bat ere euskaraz.
Lorea Lizarreta 18 urteko baztandarrarentzat gogorra izaten ari da gaztelaniaz ikastea. Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako ikasketak egiten ari da. Lehendabiziko mailan hasi da aurten. “Ez nekien zer egin; irakasleek animatu ninduten, eta izena ematea erabaki nuen. Nirea NUPeko graduen artean erdaldunenetakoa da. Lau urtean lau ikasgai ditugu euskaraz. Ingelesezko taldeak, berriz, ia ikasgai guztiak egiten ditu hizkuntza horretan”. Irakaslearen eta gelakideen aurrean aurkezpen bat gaztelaniaz egin behar izan zuen lehen aldia du gogoan. Orduko urduritasuna. “Eztabaidetan nola defendatuko ditut nire argudioak nire ama hizkuntza ez den batean?”, erran du.
Irudia eta errealitatea
NUPek kanpora begira “saltzen” duen irudiak ez duela unibertsitate barruko errealitatearekin bat egiten argi dute ikasleok. “Eskaintzaren tranpa” aipatu du Ganboak. “Unibertsitateak errepikatzen du behin eta berriz gero eta ikasgai gehiago eskaintzen dituela euskaraz, baina egunerokoan ustez euskaraz diren horietako hainbat ere ez dira gure hizkuntzan”.
Gaur egun, graduko 1.300 kreditu eskas eskaintzen ditu euskaraz NUPek; kredituen %20 egin daitezke euskaraz, beraz. Parekoa da ingelesezko eskaintza: kredituen %18. Kimikako ikasgaian gertatu zitzaiona aipatu du Ganboak: “Euskaraz egiteko sei ikasle zeuden, eta ez zuten taldea sortu; ingelesez, ordea, hiru besterik ez ziren, eta lortu egin zuten”.
NUPek euskaraz kreditu gehiago eskaintzeko asmoa jaso du bere plan gidarian; “gutxienez” 200 gehiago, 2019ra bitarte. Ez du zehaztu, halere, zer arlotan eta noiz handituko duen euskarazko eskaintza. “Asmoak jaso dituzte, baina ez dute deus zehaztu”, salatu du Etxezabalek.
Etxezabal eta Lizarreta NUPeko euskara taldeko kide dira, egun. Espartza eta Ganboa ere izan ziren. Beharrezkotzat jo dute unibertsitate barruan euskararen alde lan egitea. Arazoa, halere, gizarte osoarena dela argi eta garbi dute laurek. Gizarte osoarena dela NUP euskalduntzeko lanaren ardura. “Bada garaia auzia hezkuntza komunitateaz harago eramateko; finean, hemendik ateratzen dira gero herritarrak artatzen dituzten erizainak eta irakasleak, adibidez”, erran du Ganboak.
NUPen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak egin daitezke, osorik, euskaraz. Erizaintzan, berriz, bi ikasgai baino ez daude euskaraz, ikasleen erdiak euskaldunak izan arren. NUPen, oro har, ikasleen herenak dira euskaldunak.
Alfonso Karlosena da ikasleon errektore. Kargua hartu zuenean, euskararen egoerak hobera eginen zuela pentsatu zuen Etxezabalek. “Jarraitu nuen haren kanpaina, eta euskara taldeko kide gisa ere egin genuen bilera harekin. Jarreran, behintzat, aldaketa bazela sumatu nuen. Baina kargua hartu, eta ateak itxi ditu”. Hasierako ilusioak zapuztu zaizkio Etxezabali. Espartzak ere bazuen aldaketarako “esperantza txiki bat”. Ez, ordea, Ganboak. “Bat edo beste egon, argi nuen egoerak bere horretan jarraituko zuela. Interes falta da kontua”.
Ikasle dira Etxezabal, Lizarreta, Espartza eta Ganboa; ikasketen arloaz harago ere zer salatu badela argi dute, halere. “Zerbitzuetan ere euskarak ez du behar duen tokia. NUP dena baino euskaldunagoa dela uste du gizarteak”. Kafetegian, adibidez, orain langile euskaldunik ez dela azaldu dute. “Administrazio zerbitzuetan, berriz, langileren bat bada, baina hark artatzea loteria baten gisakoa da”. Euskarazko zerbitzua ez dagoela bermatua agerian utzi dute ikasleek.
Euskara taldea bera NUPek egin beharko lukeen lana egiten ari dela erantsi du Ganboak. “Euskara eskolak eskaini ditu, doan, ikasleentzat eta langileentzat”. NUPeko agintariek aipatzen duten bideragarritasunik eza aitzakia bertzerik ez dela argi du, euskararen aldeko apustua egin nahi ez izatea dela arazoa. Bat egin dute bertze ikasleek. Atzetik etorriko direnentzat NUP euskaldunago bat uzteko lanean jarraitu nahi dute. Gizartearekin bat.