Aurrera

Lur Albizu Etxetxipia

Txarrenari onena atera diozu. Zaurietan musu, ezerezean zu. Minari aurpegia, gezurrari egia. Aurrera Altsasu!”.

Ez gara ohitu zuek gabe bizitzera. Ez gara ohitu bata bestearen atzetik berri txarrak jasotzera (zenbat kolpe izan dira iazko urritik hona?). Harritzeko gaitasuna, behintzat, ez digute lapurtu. Duela urtebete eta hamar egun lapurtu zizkiguten Altsasuko gazteak, eta hiruk barruan jarraitzen duzue oraindik. Lapurtu zituzten lagunak, ametsak, bizitzak. Erauzi zituzten gazteak herritik, Altsasutik. Kriminalizatu nahi izan dute herriko eta Sakanako gazteria. Ez dira gutxi izan muntaia polizialak ekarri dituen ondorioak. Urte oso bat pasa da. Erraz esaten da. Baina ez dago asterik zuetaz oroitzen ez garenik.

Altsasuk gauza asko irakatsi dizkigu hamabi hilabete baino gehiagoko bide luze honetan. Ilunpera kondenatu nahi izan dute herria, baina argia ematen, iluntasuna argitzen jarraitzen dute bertan. Minari aurpegia, gezurrari egia. Manipulazioari errealitatea, ilunari argia, muntaiari elkartasuna. Kartzeletara maitasuna.

Zenbat ekimen egin dira urte bakar batean?

“Ez bagenu izanen dugun bizi grina; ez bagenu arnasarik, jaio ez bagina”. Elkarretaratzeak, manifestazioak, agerraldiak, atxikimendu-bilketak, dantzaldiak, abestiak, udako hiriburuetako elkarretaratze masiboak, Euskal Herri osora zabaldu diren kamisetak, ardoa, hitzaldiak, bideoak, gutun bidalketa, irakurraldiak, bidaiak, martxa kartzelara. Entzun Altsasu, gurasoak, eragile eta kolektiboak, gaztetxea, herria. Itsasoa osatu duten milaka tanta. Haserrea, harridura, amorrua, malkoak. Duintasuna, maitasuna, askatasun-egarria, justizia-gosea.

Muntaia polizial, judizial, politiko eta mediatikoa izan da eta izaten ari da Altsasukoa. Auzitegi Nazionala salbuespenezko epaitegia besterik ez da, frankismoaren aztarna; epaiketa handik etorriko zela jakin genuenean bagenekien asko okertuko zela kontua. Auzitegi Nazionala eta justizia ez dira elkarrekin joan inoiz. Orain zertxobait gehiago ezagutzen dugu Lamela epailea ere; duela urte bat Altsasuko auziagatik ezagutzen genuen. Zerrenda handitu egin da hilabete gutxian. Erraz esaten da 375 egun pasa direla. Hirurehun eta hirurogeita hamabost. Eta ezin ditugu onartu kartzela-eskaerak, ez mahai gainean daudenak ez beste ezein; zigor bidegabea betetzen ari dira gazteak, baita senideak, lagunak, kideak, herria eta Sakana ere.

Hau ezin da gehiago luzatu. Oztopoak oztopo, bideak biderkatuko ditugu zuek etxean egon arte. Euskal Herritik ateratzen den garrasia ozen entzun dadila ehunka kilometrora dauden zuloetan. Oihan. Jokin. Adur. Zuen izenak idazten ditugun hurrengoa, Altsasuko hamaika gazte aipatzen ditugun hurrengo aldia, izan dadila askatasuna berreskuratu duzuelako. Bitartean, zuen askatasunaren alde oihukatzen jarraituko dugu.

“Neguak ernaldu du haritzen herria. Noiz loratu da horren oparo urria”.

Maite zaituztegu. Altsasukoak aske.