“Ezin dugu ahaztu eskubideez ari garela, justiziaz eta orekaz”

“Ezin dugu ahaztu eskubideez ari garela, justiziaz eta orekaz”

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako zerrenda bakarraren alde egin duen apustuak hautsak harrotu ditu laukoan. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak (Getxo, Bizkaia, 1971) txalotu egin du erabakia.

Zergatik erabaki duzue karrikara ateratzea?

Iaz ekainean manifestazioa egin genuen Iruñean, eta argi utzi genuen ez zela inoren kontrako protesta. Gobernuari esan nahi izan genion hizkuntza eskubideak bermatzeko urrats eragingarriak eginez gero gu hor egongo ginela babesten. Zerrenda bakarraren aferarekin hori gertatu da. Egia da Jose Luis Mendoza aurreko kontseilariak erdiko bidea hartu zuela, eta guretzat ez zela egokia, elebiduna zigortzen jarraitzen zuelako. Baina orain, azkenean, justizia egin da. Txalotu dugu oraingo kontseilariaren erabakia, eta, ikusi genuenean hainbat sektorek ez zutela horren alde egingo, egokitzat jo genuen gure babesa agertzeko manifestaziora deitzea. Kalea da-eta babesa adierazteko tokirik egokiena.

Harritu zaitu Ezkerrak zerrenda bakarraren aurka agertu duen jarrerak?

Ez genuen zalantzarik UPNk, PSNk eta PPNk kontra eginen zutela. PSNren kasua bitxia da. Mendozak bi azterketa egitea proposatu zuenean, bi egunetan, sozialistek leporatu zioten “ezkutuko zerrenda bakarra” prestatzea. Eta, orain, hori proposatzen duen legea nahi du PSNk. Ezkerrari buruz, esan behar dugu harritu gaituela haren jarrerak, baina neurri batean bakarrik. Euskararen gaiarekin ez dute jarrera ona izan legegintzaldi osoan. Azken egunotan sare sozialetan zabaldu dituzten argudioek, halere, kezka eragin digute.

Zein da zuen kezka?

Bi azterketa egiteak eta bi programazio prestatu behar izateak hautagai elebidunari aukera gehiago ematen dizkiola esan dute, adibidez. Nork bere iritzia izan dezake, baina halakoak ezin dira esan. Ez dezagun ahaztu bi zerrendena UPNk euskaldunak zigortzeko abian jarritako sistema dela. Bi urte eta erdi pasatuta, gobernuak, behingoz, amaiera eman nahi izan dio bidegabekeria horri.

Zerrenda bakarrak euskaldunei mesede egiten diela zabaldu nahi dutela uste duzu?

Ideia hori saldu nahi dute. Auzitan jartzen dituzte oinarrizko gauzak. Are gehiago, PSNko hainbat kidek iradoki izan dute euskarazko azterketetan nota onak oparitzen dituztela. Eta hori amorragarria da. Zuk justifikatu beharko duzu zergatik hartzen dituzun hartzen dituzun erabakiak, baina errealitatea ahaztu gabe. Esan nahi dute euskaldunek iruzur egiten dutela? Azterketetako emaitzak oparitzen dizkietela? Hau estrategia bat dela administrazioa euskaldunez betetzeko? Halako argudioekin hasten direnean… gaizki. Oraindik ez dut entzun zerrenda bikoitzak herritar guztien eskubideak bermatzen dituela justifikatzen duen argudiorik. Ez baitago.

Gehiengo sindikalak ere bat egin du gobernuaren erabakiarekin. Zer deritzozu?

Zerrenda bakarrarekin amaiera eman zaio UPNk euskaldunak zigortzeko ezarritako sistemari. Hori da kontua. Eta gehiengo sindikalak esan du hau dela bidea orain arteko bidegabekeria bertan behera uzteko. Nik uste dut kontra direnek entzun egin beharko luketela gizartea esaten ari dena. Hau da modu bat urte luzez izandako bidegabekeria behingoz bazter uzteko.

Nola azaltzen duzu Ezkerra euskararen inguruko gaietan erakusten ari den jarrera?

Gobernua babesten duten taldeen artean, noski, bakoitzak bere interesei egiten die so. Beren arteko negoziazioetan ere nork bere ideologiari eutsiko dio. Euskararen gaiarekin harritu nau Ezkerraren jarrerak. Ikusi dugu euskararen legearekin zer gertatu zen. Duela gutxi, UPNko Iñaki Iriartek huts egin zuen parlamentuko saioan, eta, horri esker, aurrera egin du zonifikazioaren gaia jorratzeko batzordea osatzeko proposamenak. Ezkerrak ez zuen alde egin. Nork bere parrokia du, eta nork bere parrokiari begiratzen dio. Euskararen gaiarekin erakutsi nahi dute, nire ustez, diferente jokatu nahi dutela. Ez dakit zer beldur duten. Lau talde daude gobernua babesten, eta nork bere ezaugarriak erakutsi behar ditu. Nire irudipena da hizkuntzaren gaiarekin Ezkerrak une oro erakutsi nahi izan duela diferente pentsatzen dutela. Pena da euskararen gaia hartu izana horretarako. Ez baita ezberdintasun bakarra hizkuntzarena. Ezin dugu ahaztu hizkuntzaz ari garenean eskubideez ari garela: justiziaz eta orekaz ari gara. Euskara politika da, eskubideak daudelako jokoan; eta gobernuari dagokiolako elkarren arteko berdintasuna bermatzea eta oreka sozialari begirako politikak martxan jartzea; hizkuntzaren gaian ere bai.

Onartu behar da politika horiek eraginak izanen dituztela?

Argi eta garbi. Hizkuntza eskubideak bermatzeko politiketan ezin dira erabakiak hartu modu neutro batean. Esan nahi dudana da beti izanen dutela eragina politika horiek hegemonian edo hizkuntza hegemoniko horretan.

Oinarrian dagoen auzia, finean, ofizialtasunarena da?

Bai. Argi esan behar dugu Damoklesen ezpata dugula gainean. Legeak irakurketa positiboagoak izan ditzake? Bai. Baina negatiboagoak ere bai. UPNren gobernuak 2003tik aurrera martxan jarri zuen politika glotofobo hura euskararen legearen babespean egin zen. Lege horrek ahalbidetu zuen 2003ko dekretua martxan jartzea, eta ahalbidetu zuen zerrenda bikoitza martxan jartzea. Gogoratu behar dugu hizkuntza eskubideekin gertatzen dela lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela.

Zonifikazioaren inguruko batzordeak zerbait emanen duela uste duzu?

Ikusi beharko dugu. Ea zer lor daitekeen. Nik uste dut garaia dela bidegabekeria hori bazter uzteko. Gero ikusiko dugu plangintza baten bidez nola ezarriko ditugun epeak. Bihar erabakiko balitz euskara Nafarroa osoan ofizial izatea, horrek ez luke ekarriko egun batetik bestera administrazioak zerbitzu guztiak euskaraz ematea. Hizkuntza politika planifikatu bat egin beharko da. Baina, oraingoz, onartu diren planetan eta dekretuetan, euskararen legearen itzala agertzen da une oro.

Berandu dator batzordea?

Uste dut baietz. Laster, alderdiak hauteskundeen dinamikan sartuko dira. Gobernuarekin egindako lehen bileran esan genuen erabakirik ausartenak hasieran hartu behar direla. Ez dute hala egin. Zerrenda bakarraren gaia oso logikoa da, eta sortu den kalapita sortu izanak kezkatu egiten gaitu. Ikusiko dugu.