Edurne Elizondo
Haztea da kapitalismoaren premisa nagusia. Hori du ardatz eta xede. Eta, horregatik, hain zuzen ere, kolapsoa da haren patua. Hazi eta hazi, lehertu arte. Horixe nabarmendu du Antonio Aretxabalak Iruñean, eta, horregatik, argi utzi du, CNT sindikatuak antolatutako hitzaldian, kapitalismoa ezin dela izan egungo krisiaren konponbide. “Gizartearen erabateko aldaketa behar dugu; hori egiteko aukera gure esku dago. Elkarri laguntzea funtsezkoa izanen da aurrerantzean”.
Geologoa da ofizioz Aretxabala. Nafarroako Unibertsitateko irakasle izan da 25 urtez; Esako urtegia handitzeko lanen aurka egiteagatik bota zuten arte. Erregai fosilen auzia ongi ezagutzen du. Azkenaldian, haustura hidraulikoaren kontura aritu da teknika horren aurkako taldeen aholkulari; bertzeak bertze, Kantabrian (Espainia), sorterrian.
Haustura hidraulikoaren auzia petrolioaren krisiarekin lotu du Aretxabalak. Izan ere, 2010-2011 urteetan “arazo guztiak konponduko zituen teknika” balitz bezala “saltzen” zuten, geologoak nabarmendu duenez. “Errealitatea bertzelakoa da”, erran du, argi eta garbi. Gakoa da energia anitz gastatzen dela haustura hidraulikoaren bitartez erregaiak lortzeko. “Porrot nabarmena da fracking-arena; teknika horri lotutako enpresek porrot egin dute. Nafarroan, lortutakoa baino energia gehiago gastatu izanen genuke”.
Erregai fosilen abantaila nagusia horixe izan da, hain zuzen ere. “Gastatutako energia unitate bakoitzeko ehun eman dizkigute”, nabarmendu du Aretxabalak. “Produkzio kosturik ez da”, erantsi du, “planetan milioika urtez lurperatuta egon den eguzkiaren energia fosilizatua” baita erregai horien oinarri. Baina ez dira betiko. Badute muga. “Iturri onenak agortu ditugu; eta gelditzen direnak gero eta zailagoak dira lortzeko”. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak 2010. urtean erran zuena ekarri du Aretxabalak gogora: petrolioaren produkzioak 2006. urtean jo zuela goia, alegia. Maldan behera da jada.
Konponbidea, edonola ere, ez dago gelditzen den hori lurretik ateratzeko balizko bideetan, Aretxabalaren hitzetan. Eta konponbidea ez da hazten jarraitu nahi izatea, “inondik inora”. “Bide horrek kolapsoa du amaieran”, berretsi du. Ez litzateke lehendabizikoa izanen, geologoak gogoratu duenez: “26 adibide utzi dizkigu historiak; horietako guztietako protagonistek bazuten nora jo, ordea; bazuten mugitzeko bertze toki bat. Orain, denok batera kolapsatzeko aukera dago mahai gainean”. Ez dago bertze planetarik ihes egin ahal izateko.
Energia, benetako arazoa
“Hazten jarraitu nahi izateak ez du inolako zentzurik; are gehiago, ezinezkoa da!”. Oinarrizko ideia horri eutsi dio Aretxabalak, oraindik ere anitzek bide horretatik aurrera egin nahi dutela salatzeko. “Nafarroako Gobernuak, bertzeak bertze, hazkundearen aldeko diskurtsoa du, eta Manu Aierdi da ideia horren defendatzaile sutsua”.
Gaur egun, munduan kontsumitzen den energiaren %92 da erregai fosilena. Industrializazioak ekarri du energiaren kontsumoak gora egitea, eta, gaur egun, eskari horri erantzutea da arazo nagusietako bat. “Hazkundeak ekarri gaitu gaur egun dugun egoerara”, azaldu du Aretxabalak. Francisco Gonzalez Paredes adituak errandako hitzak ekarri ditu geologoak gogora: “Hark erran zuen, argi eta garbi, egungo sistemaren krisian energiarena dela benetakoa arazoa”. Bat egin du Aretxabalak, baina erran du arazo horri ez zaiola modu egokian heldu: “Energiaren faktura etengabe ari da gora egiten; marrak grafikoa gainditu du jada! Eta, hala eta guztiz ere, saltzen digute konponbidea hazten jarraitzea dela; konponbidea dela Esa, Itoitz edo Nafarroako ubide gehiago eraikitzea”.
Petrolioaren aroaren gainbeherak “hainbat jokaleku” jartzen ditu mahai gainean, Aretxabalaren hitzetan, eta, horien aurrean, “erabakiak hartzeko ordua” da. Batetik, teknokapitalismoaren hautua hazten jarraitzea dela azaldu du geologoak; bigarren jokalekuak nolabaiteko egonkortasun teknoberdea eskaintzen du; hirugarrenak, berriz, kolapsora darama egungo gizartea. Laugarrenak trantsizioaren aukera proposatuko luke, desazkundearen eta aldaketa sozialaren bitartez.
Aldaketa sozial horrek ezinbertzean ekarri beharko du elkarri laguntzea, Aretxabalaren ustez. “Kapitalismoak indibidualismoa ekarri du, baina gizakiak erakutsi du baduela elkarlanerako gaitasuna”, nabarmendu du.
Aldaketa sozial horrek, halaber, landa eremuetara itzultzea ekarriko duela uste du Aretxabalak. Gaur egun, hain zuzen ere, energiaren kontsumoan zuzenean eragiten duten arazo nagusietako bat da herritar gehienak hirietan bizi direla. “2010. urtean gauza beldurgarri bat gertatu zen: urte horretan, munduko biztanleen erdiak baino gehiago hirietan bizi ziren. Ikaragarria da”, erran du geologoak.
Gutxiagorekin bizitzen ikasi bertze erremediorik ez dugula argi du Antonio Aretxabalak. Bide hori dela aurrean dugun bakarra. “Bide hori hartzera eramaten gaitu, ezinbertzean, geologiak. Gutxiagorekin hobeki bizitzeko aukera, finean, ez da hautu bat, inposizio geologiko bat baizik. Ez dago bertzerik”.
Aretxabalak diziplina anitzeko elkarrizketaren alde egin du, halaber. Uste du “funtsezkoa” dela fisikari, soziologo, hirigile eta abarrekin hitz egitea, desazkundearen bideko gizarte horren alde urratsak egiteko. Politikariekin hitz egiteko beharra, ordea, ez du batere argi geologoak: “Ez dut uste haiekin hitz egin beharko genukeenik; azken finean, ez du deustarako balio”, onartu du.
Erresilientzia aipatu du Aretxabalak. Eusteko ordua dela nabarmentzeko. Elkarri laguntzekoa, eta elkarri lagunduz gizarte berri bat eraikitzekoa. Ez baitago bertze planetarik ihes egiteko. “Aldatzeko ordua da, lehertu baino lehen”.