“Iruindar guztien aurkakoa izan zen 1978. urteko erasoa”

“Iruindar guztien aurkakoa izan zen 1978. urteko erasoa”

Edurne Elizondo

Trantsizioari buruzko jardunaldiekin hasiko da 78ko Sanferminak Gogoan ekinaldiak prestatutako egitaraua, hilaren 20an. Plataformako kide dira Amaia Kowasch (Iruñea, 1990) eta Sabino Cuadra (Amurrio, Araba, 1949).

Noiztik ari da 78ko Sanferminak Gogoan plataforma lanean?

SABINO CUADRA: Taldea, berez, 1978ko sanferminetakoa gertatu eta berehala sortu zen. Hasieran, halere, egitura juridikorik ez zuen. Hasi ginen biltzen lagunak, LKIko jendea, Germanen kuadrillakoak… Urtero egiten genuen zerbait. Hasieran, ekitaldi xumeak ziren. Hilarria jarri genuenean, hasi ginen urteroko omenaldia han egiten. Egungo egiturarekin, elkarte gisa, 2007. urtetik dago martxan plataforma.

Zuk noiz egin zenuen bat ekinaldiarekin?

AMAIA KOWASCH: Nik bat egin nuen duela hiru urte inguru. Omenaldietan parte hartzen hasi nintzen orduan. Oraingo jarduerak prestatzeko betean lanean, berriz, duela urtebete luze hasi nintzen.

German Rodriguezen heriotzaren 40. urteurrena betetzen da aurten. Urteroko omenaldiaz harago joateko aukera ematen du datak?

S. C.: Bai. Izan dira beste urteurren berezi batzuk ere. 20. urteurrena bete zenean, kanpaina handi bat egin genuen, eta ekitaldi berezi bat Labrit pilotalekuan. Antzekoa gertatu zen 30. urteurrenean. Bertzeak bertze, erakusketa berezi bat egin genuen Burlatako kultur etxean.

A. K.: Nik uste dut 40. urteurren honek berezi edo ezberdin duela, aurrekoekin alderatuta, erakundeei begira egin dugun lana. Asko aldatu da egoera. Iruñeko Udalak, adibidez, osoko bilkuran onartu zuen egiaren batzorde bat sortzea. Erabaki du, gainera, jarriko dugun monumentuaren auzian laguntzea. Gure manifestuarekin ere bat egin du udalak. Ez bakarrik Iruñekoak; beste hainbat ere hasi dira orain atxikimendua adierazten. Parlamentuan, berriz, 1978ko sanferminetako gertakariei buruzko agiriak desklasifikatzeko eskatu genuen. Berriki egin dio parlamentuak berak eskaera hori Espainiako Gobernuari. Europako Parlamentuarekin ere hasi gara harremanetan.

Oraindik gauza anitz badira argitzeko German Rodriguezen heriotzaren eta egun hartako gertaeren inguruan?

S. C.: Agiri eta informazio asko dago argitu gabe. Garai hartan ireki ziren sumario guztiak artxibatu zituzten. Epaiketarik ez zen izan: inor ez zen eseri akusatuen eserlekuan. Asmoa da sumarioa berriz ere irekitzea, eta froga berriak biltzea. Horregatik, oso inportantea da egiaren batzordea. Espainiako Kongresuan ere bada zer egin. Rodriguez hil eta lehenengo egunetan, Martin Villa agertu zenean Barne Batzordean, esan zuen ikerketa sakonak egingo zituztela, hainbat txosten irekiko zituztela. Gezur hutsa izan zen dena. Guk nahi dugu Espainiako Barne Ministerioan dagoen informazio guztia zabaltzea. Espainiako Gobernuari eskatuko diogu, halaber, onar dezala estatuak duen erantzukizuna, eta eska dezala barkamena.

Zer ekar dezake sumarioa berriz irekitzeak?

S. C.: Irekitzea lortuko bagenu, asko izanen litzateke. Guk egia, justizia eta ordaina nahi ditugu. Egia judiziala nahi dugu, epaile batek esatea zer gertatu zen. Horregatik, inportantea da epaitegietako ateak zabaltzea. Justiziarik ez bada, ordainik ere ez.

Garrantzitsua da 78ko sanferminen memoria berreskuratzea egungo belaunaldiekin lotzeko?

A. K.: Bai, horregatik antolatu dugu programa zabala datozen hilabeteotarako. Hil honetan, trantsizioari buruzko jardunaldiak eginen ditugu; martxoan, zinema ziklo bat; apirilean, antzerkia; maiatzean, erakusketa bat; eta, ekainean, azkenik, hip hop jaialdi bat. Belaunaldi berriak ere erakarri nahi ditugu gure egitasmora.

Ezagutzen dute German Rodriguez gazteek? Badakite zer gertatu zen 1978ko sanferminetan?

A. K.: Nik uste dut, oro har, ezagutzen dutela, baina, agian, ez dakitela ongi zer gertatu zen Iruñean egun hartan. Eraso gogor bat izan zen, eta uste dut horren berri ez dela hainbeste zabaldu.

S. C.: Guk German Rodriguezen heriotzaz harago jo nahi dugu. Iruñeko biztanle guztien aurkakoa izan zen egun hartako erasoa. Nafarroaren aurkakoa. Herri bat kolpatu zuten. Aurretik prestatutako eraso bat izan zen; ez dugu guk esaten hori: garai hartako udalak eta talde politikoek eta sindikatuek esan zuten.

Dora Salazar artistak egindako eskultura jarriko duzue ekainean. Zein da asmoa?

A. K.: Eskultura horren bidez, irudikatu nahi dugu 1978. urtean hiri osoari egin ziotela eraso. Eskultura iruindar guztiena izan dadin nahi dugu, eta horretarako diru bilketa hasiko dugu datorren astean, behar ditugun 23.000 euroak lortzeko. Ekainean eginen dugu inaugurazioa. Jendearen monumentua izatea nahi dugu guk, denona izatea.