Iritzia: Erranen diegu

Jon Barberena

Erran izan zieten emakumea isila, garbia eta langilea izan behar zela; gizartearen arauen moldean sartzen zen horietakoa. Erran izan zieten gizonek ezin zutela publikoki negarrik egin. Erran izan zieten ilun-ezkilak jotzerakoan etxeratzen ez zirenak, desordutan eta deslekutan zebiltzala.

Erran izan zieten ohiturak bere horretan hartu behar zirela, nahiz eta norbere askatasuna eta nortasuna urratuak izan, onartu beharrekoak zirela. Erran izan zieten masturbatzeak pikorrak ateraraziko zizkiela aurpegian eta haragia bekatarien galbide eta tentazio zela. Erran izan zieten Antonio Machado Frantziara bere familiarekin borondatez joan zela eta Lorca bat-batean hil zela. Baina gogoz kontrako borondaterik ez dago eta hiltzetik erailtzera, h-aren galera baino zer edo zer gehiago dago.

Erran izan ziguten 1512an ez zela gurean konkistarik izan, anexioa baizik; Fernando Katolikoak eskubide osoz bereganatu zuela Nafarroa Gaztelarendako. Urte batzuk geroago, erran ziguten konkistaren 500. urteurrenaren harira, konkista ez zela bereziki odoltsua izan (behinik behin konkista hitza erabili zuten). Erran izan ziguten Gerra Zibila 1936. urtean hasi eta 1939. urtean akitu zela eta buruz ikasi genituen datak, baina inork inoiz ez zigun erran Matilde Landa andaluziarrak zergatik egin zuen bere buruaz bertze eta nork eta nola hil zuten Maravillas Lamberto nafarra.

Erran izan zigun Jose Iribasek, Hezkuntza kontseilari ohiak, zein liburu erabili behar genuen Nafarroako D ereduko ikastetxe eta eskoletan. Euskal Herriko mapa bat agertzea nahikoa zen liburu horren erabilera galarazteko. Hau ez zen XVII. mendean pasatu, 2013. urtean baizik.

Erran izan digu, LOMCE erreformak, libreki adierazteko eta hausnartzeko bide ematen diguten ikasgaiek ez dutela lekurik gurean. Musikak, Arte Plastikoek eta Filosofiak ez omen dute baliorik egun. Enpresen mundurako hezi nahi dituzte gazteak, denak berdin. Pentsamendu kritikoari, adierazteko bideei eta aberastasunari ateak itxiz.

Berriki erran digute Telleria eta gero zer? liburua D ereduko zenbait ikasle talde adoktrinatzeko tresna izan dela. Baztanen indarrean dagoen (H)ilbeltza ekimenarekin bat eginez hiru nobela beltz proposatu zaizkie ikasleei ikastetxe batean eta horietako bat izan da Pratek idatzitako hau. Nobela beltza hauspotzea eta irakurzaletasuna indartzea izan dira fikziozko nobela honen bidez erdietsi nahi izan diren helburuak, baina UPNko hautetsiek mamuak marraztu nahi izan dituzte matrikulazio kanpaina hastear zela.

Nafarroan eta, oro har, Euskal Herrian bizi den egoera politiko berria dela medio, diskurtsorik gabe gelditu dira UPNko agintariak, eta arriskurik ez egonagatik, beldurra elikatzea eta jendea larritzea hartu dute beren helburu. Errealitatea distortsionatzen duen eskizofrenia hedatu nahi dute.

Erran izan zieten, erran izan ziguten, erraten digute… baina guk ere erranen diegu ez dugula inor adoktrinatzen eta ez dugula inor adoktrinatu nahi.