Kattalin Barber
Ricardo Urrizolak (Iruñea, 1968) 2.000 izen propio baino gehiago jaso ditu Consejo de Guerra. Injusticia militar en Navarra, 1936-1940 liburuan. 1936tik 1940ra arteko 600 bat auzitan aurkitu ditu izen horiek, Iruñeko Artxibo Militarrean. 1936ko gerraren testuinguruan Nafarroa nolakoa zen eta militarrek gizartean zer-nolako kontrola ezarri zuten aztertu du, besteak beste.
Zer dela-eta hasi zinen auzi horri buruz ikertzen?
Bost urteko lana izan da. Memoria historikoaren legea onartu zenean, artxibo militarretan arakatzeko aukera ireki zen. Txalaparta argitaletxeak eman zidan abisua. Izan ere, ordura arte itxita zeuden armadaren artxibategiak. Baimena eskatu nuen, eta ikertzen hasi nintzen. Ez nuen inolako arazorik izan lana aurrera eramateko. Egia esan, ordura arte ezer gutxi nekien 1936ko gerrari buruz. Artxibo askotan ibilia naiz, baina 1936ko gerra ez dut inoiz ikertu. Bereziki, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako dokumentuekin ibili naiz.
Zer motatako dokumentazioa dago artxibo militarrean?
1936tik 1939ra bitarteko dokumentu guztiak ikertzeko baimena jaso nuen. Auzitegi militarren ohiko jarduna agertzen da, besteak beste. Astean hirutan joaten nintzen, eta nirekin beti soldadu bat zegoen, zer egiten nuen ikuskatzeko. Normalean, artxiboetan ez dizute argazkirik ateratzen uzten, baina horretarako ere baimena jaso nuen. Hortaz, sei hilabete eman nituen bi kamerarekin dokumentu guztiei argazkiak egiten, eta gero ikerketa etxean egin nuen. Esan daiteke artxiboa eraman nuela etxera.
1936ko gerran 3.000 pertsona baino gehiago hil zituzten frankistek Nafarroan; horietatik zuk 38 aurkitu dituzu dokumentuetan.
Bai, hasieratik arreta eman zidan datuak. Hor dauden auzien arabera, militarrek botere guztia bereganatu zuten herritarrak epaitzeko. 38 pertsona hil zituzten, auzitegi militarrek heriotza zigorra ezarri eta gero. Gaztelugibelean fusilatu zituzten. Baina gerran 3.000 hildako baino gehiago egon ziren. Terrorismo hutsa izan zen. Ez zegoen epaiketarik, eta zigorgabe gelditu ziren.
Zein zen giroa urte horietan Nafarroan?
Eguneroko bizitzan erabateko kontrola zuten militarrek Nafarroan, gerraren lehendabiziko egunetik. Altxamendua gertatu eta hurrengo astelehena laneguna zen, eta Fronte Popularrak irrati bidez lanera ez joateko abisua eman zien herritarrei. Militarrek, aldiz, lanegun normal bat izatea eta lanera joatea nahi zuten. Hortaz, militarrak kontrolatzen hasi ziren nor joaten zen lanera eta nor ez. Tabernetan egon ziren zelatatzen, eta hainbat eta hainbat atxilo hartu zituzten. ‘Hemen ez da ezer aldatu, eta bizitzak beti bezala jarraitu behar du’. Horixe zen militarrek zabaldu nahi zuten mezua.
Ia 600 auzi bildu dituzu. Zer-nolako istorioak jaso dituzu?
Denetarik dago. Bakoitza istorio bat da, eta ez du zerikusirik aurrekoarekin. Errepresioa, sententziak, salaketak, zigorrak… Hasieratik, ezkerreko jendeari armak kendu zizkieten eskuineko jendeari banatzeko. Salatari asko zeuden orduan, eta arma batekin harrapatzen bazintuzten bazenekien zein zen ondorioa. Familia susmagarria baldin bazenuen, kartzelara zindoazen.
Herritarrak defendatzen ziren?
Ikertzen ari nintzela, lagunei laburpen moduko bat egin nien. Esan nien 1936ko Iruñean nagusi zirela pistolak, alkohola eta barrabilak. Hiru hitz horiek deskribatzen dute militarren jarduna. Agintzen zuten, eta nahi zutena egiten zuten. Bi tirorekin konpontzen zuten dena, eta herritarrak mehatxatzen zituzten. Beldurra zuten. Senideren bat edo gertukoren bat desagertzen bazen, jendeak ez zuen salatzen. Eta, horregatik, hain zuzen ere, oraindik ere agertzen dira ezagutzen ez genituen kasuak honi buruz hitz egiten dugunean, isilik egon direlako urtez luzez, beldurrez josita.
Inork ez zituen salaketak jartzen?
Aurkitutako informazioaren arabera, salaketa kasu bakarra aurkitu dut. 1937. urtean izan zen. Emakume batek senarraren desagertzea salatu zuen. Altsasuko alkate izandakoa zen; mezan egon, eta gero bi gizonekin bat egin omen zuen etxerako bidean, eta ordutik ez zuten gehiago ikusi. Militarrek salaketari bidea eman zioten, baina ezerezean gelditu zen.
Militarren, falangisten eta erreketeen arteko gatazkak ere jaso dituzu. Nolakoak ziren?
Behin gerra hasita, Iruñeko Dormitaleria kalean prostituzio etxeak irekitzen hasi ziren. Han ere nahi zutena egiten zuten militarrek; auzi asko daude prostituzio etxeetan gertatutakoak. Udaltzaingoarekin liskarrak izan zituzten. Esan daiteke bat egin zutela hasieran altxamendua babestu zuten guztiek, baina, poliki-poliki, botere banaketa dela eta, arazoak sortzen hasi ziren. Militarrak gutxi ziren hemen. Nafarroan karlistak ziren nagusi, eta frontetik itzuli zirenean ikusi zuten militarrek agintzen zutela, baina haien familiak bakarrik zeudela eta lagun asko hil zirela. Falangistekin ere arazoak izan zituzten, karlistentzat oso garrantzitsua baita erregearen figura, baina falangistek ez dute ez jaungoikorik, ez erregerik. Lehia handia zegoen haien artean.
Zer-nolako ekarpena egiten dio zure liburuak memoria historikoari?
Gerrari buruz gehiago jakitea ekarri du liburuak. Azken finean, mapa osatzea. Orain dela 30 bat urte Jose Mari Esparzak argitaratu zuen Navarra 1936: de la esperanza al terror liburua. Lan horrek 3.000 hildakoren berri eman zuen. Hau segida izan daiteke mapa osatzeko bidean. Nik ikertu dut auzitegi militarren ohiko jarduna; eta ikertu ditut, halaber, Nafarroako orduko giroa eta armadak ezarritako erabateko kontrola.