Iraultza karrikan zegoen

Iraultza karrikan zegoen

Edurne Elizondo

Gaizkiletzat. Halakotzat hartzen zituen homosexualak Alferren eta Gaizkileen Legeak. Hitzaren erabilera horri buelta eman nahi izan dio Patricia Arangurenek Maleantes. Genealogía de la lucha LGTB en Navarra (Gaizkileak. Nafarroako LGTB borrokaren genealogia) izenburuko proiektuan. Memoria historikoa lantzeko ekinaldi bat da; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan LGTB kolektiboak Nafarroako karriketara eraman zituen leloak eta aldarrikapenak gogora ekarri nahi ditu, eta orduko lan egiteko moduak aztertu. Egindako bidean atzera begiratu nahi izan du Arangurenek, orain arteko urratsek protagonista izandakoen ekarpena mahai gainean jartzeko.

“Aspaldi nuen LGTB kolektiboaren borrokaren historian murgiltzeko asmoa, eta, azkenean, ikasketek eman didate aukera”. Iruindarra da Aranguren (1994), baina Madrilen da orain, transmedia dokumentaleko masterra egiten. Ikasgai baterako lan gisa web dokumental bat egin behar izan zuen, eta LGTB borrokaren gaia jorratzeko baliatu zuen. “Proiektua handituz joan da, halere; nire kabuz jarraitu dut lanean”.

Nafarroako E28 plataformako kide da Patricia Aranguren; LGTB mugimenduko militante, alegia. “Nafarroa osoko jendea bada plataforman, eta belaunaldi ezberdinetakoak”. Kolektiboan aspalditik direnen ahotik entzundako kontuek piztu zioten Arangureni bere proiektua mamitzeko gogoa, hain zuzen ere. “Kontatzen zutenak ez zuen zer ikustekorik jende anitzek mugimenduari buruz uste duenarekin, eta horrek harritu ninduen”. Arangurenek uste du anitzentzat jai giroko mugimendu bat dela, batez ere, LGTB kolektiboarena. “Postmodernotzat eta berekoitzat hartzen da, neurri handi batean”.

Irudi horrek errealitatea urrun duela argi du Arangurenek: “1980ko eta 1990eko hamarkadetako borroka hagitz politikoa zen, hagitz soziala, eta transbertsala; LGTB kolektiboak harreman handia zuen bertze hamaika mugimendurekin, intsumisioaren edo okupazioaren aldekoekin, bai eta feminismoarekin ere. Kolektiboa hagitz subertsiboa zen, iraultzailea”, nabarmendu du Arangurenek.

Maleantes proiektuaren egileak erantsi du izaera politiko eta iraultzaile hori ez duela galdu egungo mugimenduak. “Ni kolektiboko militantea naiz, eta nik ezagutzen dudan mugimendua, argi eta garbi, mugimendu autonomo, antikapitalista, feminista eta antifaxista da; karrika dugu lan esparru, eta ez dugu klase ikuspegia galdu”.

“1980ko eta 1990eko hamarkadetan karrikan ziren nerabeek kolektiboan jarraitzen dute, finean”, gaineratu du. Arangurenek onartu du, halere, existitzen dela erakundeetatik gertuago dagoen bertze mugimendu bat. “LGTB kolektiboko jendea arlo publikora eta politikora ailegatzen hasten den unetik gertatzen da hori”. Hedabide nagusiek “politikaz hustutako” erreferenteak zabaltzen dituztela uste du Arangurenek, baina errealitatea bertzelakoa dela berretsi du.

Ordenatu eta digitalizatu

Patricia Arangurenek webgune baten bidez eman dio forma LGTB borrokaren memoria lantzeko proiektuari(https://maleantes. atavist.com/maleantes). Kolektiboan aritu zirenen eta ari direnen laguntzarekin, azken hamarkadetako materiala jaso du, nahi duenaren esku jartzeko. “Material anitz dago; fanzineak, kartelak, prentsa oharrak eta egunkarietan argitaratutako artikuluak, bai eta zintetan gordetako irrati saioak ere. Digitalizatu eta ordenatu gabe dago material hori, ordea”. Arangurenen asmoa hori da, hain zuzen ere: materiala digitalizatzea eta gordetzea, landu eta kontsultatu nahi duenak egin ahal izateko.

Arangurenek Elizaren aurka egindako kanpainen inguruan dauden materialak nabarmendu ditu, bertzeak bertze. “Nafarroan Opus Deiren eragina handia da, eta sumatzen da. Ondorioz, kolektiboak egindako kanpaina anitzek izan zuten Eliza jomugan”. Performanceak egin zituzten, adibidez, Opus Deiren unibertsitateko campusean. Eta apostasiaren inguruan egindako kanpaina ere gogoratu du Arangurenek. “Sekulakoa izan zen. Nafarroan apostasia egitea lortu zuten, eta estatu osoko jendea erakarri zuten, ondorioz, horretara”. Hiesaren prebentziorako egindako lana ere nabarmendu nahi izan du Maleantes proiektuaren egileak. “Kanpaina handiak egin zituzten, erakunde publikoak betetzen ari ez ziren esparruetara ailegatzeko”.

Nafarroako LGTB kolektiboaren jarduerak, noski, Iruñean izan zuen indar gehien. Herrietan egindako lanari ere egin dio so Arangurenek, halere. Nafarroako homosexualentzako lehendabiziko taberna, adibidez, Erriberrin zabaldu zutela gogoratu du, eta Tuteran egin zutela, ustez, Euskal Herriko Ekainaren 28ko lehendabiziko manifestazioa. “Estatuan Bartzelonakoa izan zen aurrenekoa, 1978an; hurrengo urtean edo handik bi urtera egin omen zuten Tuterakoa. 1970eko hamarkadaren amaieran talde feminista indartsu bat sortu zuten han; kide gehienak lesbianak ziren”.

Garai horretako errepresioa aipatu nahi izan du Arangurenek, hain zuzen ere: 1970eko hamarkadaren amaieran eta ondorengo urteetan LGTB kolektiboko kideek sufritu zuten errepresioa. “Guri bertzelako kontakizun bat ailegatu zaigu; trantsizioaren kultura kontatu digute, baina errealitatea da, 1978tik aurrera, aurretik Alferren eta Gaizkileen Legea erabiltzen zuten polizia beren jazarpena jasan zuela mugimenduak”.

LGTB kolektiboak urrats anitz egin ditu Nafarroan. Harrotu eta Kattalingune zerbitzuak martxan daude, adibidez, eta indarrean lege berri bat. Karrika, hala ere, borroka esparru da oraindik ere. Borrokarako eta iraultzarako toki.