Salbatzeko aukerarik ez

Salbatzeko aukerarik ez

Edurne Elizondo

Zain dira Nafarroako Corazon Verde animalientzako babeslekuan. Ebro ibaiak gainezka egin eta gero, ehunka animalia hil dira itota. Gutxi batzuek lortu dute bizirik ateratzea, animalien aldeko ekintzaileek egindako lanari esker, neurri handi batean. 200 boluntario baino gehiago aritu dira beharrean. Aragoin (Espainia) salbatutako ardi bat eta hainbat untxi kume hartuko dituzte Nafarroan. Haien zain dira Corazon Verde babeslekuan.

Bertze ehunka animalia urak azpian hartuta hil dira. Ehunka, edo milaka. “Ezin da zehaztu biktimen kopurua”, salatu du PACMA alderdiak. 2015. urteko uholdeetan 10.000 animalia baino gehiago hil ziren, haztegietan itxita gelditu eta gero. Duela hiru urtekoa ez errepikatzeko protokolo bat ezartzeko eskatu zuen PACMAk, hain zuzen ere, etxaldeetan esplotatzen dituzten animaliak tokiz mugitu ahal izateko ibaiek gainezka egiten dutenean, bertzeak bertze.

Protokoloa prestatu ere egin zuen PACMAk, baina administrazioek ez dute horrelakorik martxan jarri, ordea, eta Villafranca de Ebro (Aragoi, Espainia) herriko haztegi batean, adibidez, 1.000 txerri gelditu ziren harrapatuta, berriz ere; Remolinos herrian (Aragoi, Espainia), berriz, behiak esplotatzen dituen haztegi bat hartu zuen urak.

Haztegietan itxita gelditu ziren animalien irudiak zabaldu ditu Tras Los Muros fotokazetari eta ekintzaile antiespezistak. Argazkiak eta bideoak egin, eta haien bidez eman du uholdeek eragindakoaren berri. Urak azpian hartutako txerriak erakusten dituzte irudi horiek; ura muturreraino duten animaliak, itota bertze anitz, edo hil-minetan, inork artatu gabe. 2015eko uholdeak gertatu zirenean ere, Aragoin izan zen Tras Los Muros. Orain ikusitakoak “ukitu” duela aitortu du. Haren irudiak erruz zabaldu dira sare sozialen eta hedabide digitalen bidez. “Balio dezatela haragiaren industria eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean jartzeko”. Hiltegia da uholdeak azpian hartu ez dituen animalien azken helmuga.

Laguntzari uko

Tras Los Murosek eta PACMAk haztegietako jabeak jo dituzte gertatu denaren erantzule. Aragoiko Gobernuak erran du hilaren 12an hasi zirela uholdeen inguruko abisua ematen jabeon artean. Erakunde horren hitzetan, Villafranca de Ebrora “berandu” ailegatu ziren animalia guztiak atera ahal izateko kamioiak.

“Ez dute deus egin; bazen gertatu dena saihesteko aukera, baina ez dute deus egin nahi izan”, salatu du PACMAk. Animalien aldeko ekintzaileek ere haztegiak husteko laguntza eskaini zutela nabarmendu du, baina laguntza horri uko egin ziotela jabeek. Tras Los Murosek ere argi utzi du ez dela egia animaliak haztegietatik ateratzeko baliabiderik ez zegoela. “Baliabideak baziren, ez, ordea, esplotatzen dituzten animalientzat”.

Aragoin lanean aritu diren boluntarioek ere erran dute “ordua” dela uholdeen gisako hondamendiak gertatzen direnerako “neurriak” hartzeko, 2015ean eta orain jazotakoa errepika ez dadin. 2015ean baino lehenago jarri dira martxan boluntarioak aurten, eta, horri esker, duela hiru urte baino animalia gehiago salbatu ahal izan dituzte. Ez denak, ordea. Hainbat tokitara ailegatzea ezinezkoa izan zaiela azaldu dute; eta salatu dute, halaber, ikusi dituztela lotuak ziren animaliak, urari ihes egiteko inolako aukerarik gabe.

Animalientzako babeslekuekin harremanetan izan dira boluntarioak egunotan, salbatutakoei aterpe bat eman ahal izateko. Gironako Gaia babeslekura ailegatu da Jaio izeneko txerria, adibidez. Hanka bat hautsita atera zuten uholdetik. Nafarroako Corazon Verde babeslekuan ardi bat eta untxi kumeak ailegatzeko zain dira. Igandean, hain zuzen ere, ateak zabalduko ditu babeslekuak, ezagutu nahi dutenentzat. Hiltegira bidean zen bertze ardi bat ere hartu dute babesleku horretan, berriki. 70 animalia baino gehiago bizi dira aterpean.

Aragoiko egunotako egoera gertutik ikusi ahal izan dute babeslekuko arduradunek. “Animaliok baliabide huts dira haztegietako jabeentzat”, erran du Corazon Verdeko Josetxo Sagarrak.

Nafarroan ere ehunka animalia hil utzi dituzte azken asteetako uholdeek. Aragoi ibaiak gainezka egin zuen Kasedan, eta 600 ardi eraman zituen urak. Lur eremu batean gelditu ziren 40 inguru, baina gainerakoak itota hil ziren. “Abeltzainentzat galera ekonomikoak dira hildako ardiak; ez dituzte biktimatzat hartzen. Sentitzeko gai diren norbanakoak dira, ordea”, erantsi du Sagarrak. Babeslekuetan norbanakotzat hartuko dituzte uholdeetatik bizirik atera diren animaliak.

Irudia: Tras Los Muros