Iritzia: Iraingarria

Lohizune Amatria

Bideoetan ez dut antzematen leku zikin, narras eta babesgabe batean emandako bost gizon eta emakume baten arteko sexu harreman latz eta desinhibitu bat ez denik; zeinetan inork (emakumeak ere ez) ez duen bere gorputza edo sexu-organoak erakusteagatik, mugimenduengatik, posturengatik edo hartutako jarrerengatik lots zantzurik erakusten”.

Gezurra badirudi ere, bortxaketa baten deskripzioa da irakurri berri duzuna. 2016. urteko sanferminetako bortxaketaren sententzian boto partikularra eman duen Nafarroako Auzitegi Nagusiko Ricardo Gonzalez magistratuak akusatu guztien absoluzioa justifikatzeko erabilitako hitzetako batzuk dira.

Azken astean gogorki kritikatu eta aldarrikatu den bezala, larria da epaileek hartu duten erabakia. Izan ere, talde bortxaketa bat abusutzat jotzen duen sententzia honek agerian utzi du emakumearen eskubide eta gorputzaren gainetik dagoela justizia. Sistema hetereopatriarkala ederki ari dela funtzionatzen eta legedia beste erreminta bat dela. Larriak dira, halaber, sententziak biltzen dituen adierazpenak, ez bakarrik aipatutako magistratuarenak, baina bai bereziki horiek. Iraingarriak.

“Ezein iruditan ez dut bere adierazpenetan edo mugimenduetan, aurkaritza, arbuio, nahigabe, nazka, higuin, ezezko, deserosotasun, sufrimentu, min, beldur, kontentagaitz edo antzeko sentimendu zantzurik ikusten. Bere aurpegiaren adierazpena erlaxatua eta lasaia da uneoro, eta, horregatik bereziki, nire ustez beldur, izu, arbuio edo ezezko sentimenduekin bateraezina da”.

Aztergaia akusatuek egindakoa izan beharrean, emakumearen jarduna dela erakutsi du sententzia honek. Eraso baten aurrean, nola jokatu behar dugun ere arautzen du sistema judizialak.

Inoiz bortxatzen bagintuzten erresistentziarik ez jartzeko gomendatu ziguten eskolan. “Bestela hilko zaituztete”, esaten ziguten orduan. Hala eginez gero, baina, zigorra txikiagoa izango da erasotzailearentzat. Gertatutakoaren errudun bihurtzen gaituzte justiziak eta gizarteak, erantzule. “Kontuz esan eta egiten duzunarekin”, esaten ari dira. Eta, sufritutakoa nahikoa ez balitz bezala, gainera, behin eta berriz zigortzen gaituzte.

Sistematikoa da emakumeen aurkako indarkeria, eta mediatikoa egin den sententzia hau horren beste adibide bat da. Izan ere, gizarte patriarkalak behar bezala funtziona dezan daude diseinatuta sistema judiziala eta legedia. Bidea erraztu dio akusatuen defentsari, esaterako, boto partikularra eman duen epaileak esandakoak. Absoluzioa lortzeko behar dituzten argudioak txukun bilduta dituzte jasotako sentzentzian.

Gaurkoan bortxaketa honetaz hitz egin dudan arren, ez nuke ahaztu nahi hau ez dela anekdotikoa. 2016. urteko sanferminetan gertatutakoa ez dela salbuespen bat. Egunero pairatu behar dugun indarkeriaren parte dela. Terrorismoaz hainbeste hitz egiten den honetan, mobilizazioetan entzun eta oihukatu nuenarekin bat eginez, hau bai da terrorismoa.