Poliziaren baimenarekin

Edurne Elizondo

Laxo, eta konplizitatez”. Halaxe jokatu dute Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, droga trafikoaren auzian, Justo Arriolak A los pies del caballo (Txalaparta) liburuan jaso duenez. Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu du bere lana, Askagintzako kide Joxe Paulosekin batera. 1980ko errealitateari egin dio so Arriolak liburuan, heroinak hamarkada horretan Euskal Herrian eragindako “sarraskia” agerian uzteko.

“Liburuan jaso dudana izozmendiaren tontorra bertzerik ez da; agerikoa da heroinaren inguruan politikariek eta poliziek duten ardura; interes politiko zehatz bat dago, gainera, gure historiaren zati hori ez ezagutzeko. Atzean, ordea, milaka familiaren sufrimendua dago. Lagun asko galdu ditut, eta ni neu txiripaz nago hemen”.

Argi eta garbi mintzatu da Arriola, drogari buruz. Argi eta garbi, nabarmentzeko Espainiako Estatuak heroina erabili zuela helburu zehatz batekin: mugimendu politikoen kontra egiteko, ahultzeko. Joxe Paulosek bat egin du Arriolaren tesiarekin. Drogen menpekotasunaren prebentzioan aritu da urte luzez, Askagintza taldean. 1986. urtean sortu zuten elkarte hori, Etxarri Aranatzen. “Orduan, Euskal Herrian, drogen menpekotasunaren arloan aritzen ginenok argi eta garbi ikusten genuen Europan polizia gehien zuen herrian bazela droga gehien, hain justu”. Polizien eta droga trafikoaren arteko loturak ikertzeko eta epaileen esku jartzeko asmoz Adore sortu zuten gero, hain zuzen ere.

Paulosek argi du politika beti egon dela drogen inguruan. “Zein droga den legezko eta zein ez ikuspuntu politiko batetik erabakitzen da, adibidez”, erran du. Erantsi du droga erabili izan dutela Ameriketako Estatu Batuen gisako herriek, adibidez, beren kanpoko operazio militarrak justifikatzeko. “Panama inbaditu zuten Noriega trafikatzaile bat zela erranez; helburua, ordea, kanala kontrolatzea zen”.

Milaka hildako

Arriolak azaldu du Euskal Herria ez dela kasu bakana. Bertze hainbat herritan baliatu dutela poliziek droga, herri mugimendua kontrolpean hartzeko. AEBetan, hain zuzen, kanpoko operazioetan ez ezik, barruko eragileak kontrolatzeko ere baliatu zuten. “Pantera Beltzen kontra erabili zuten, bertzeak bertze. New Yorken, adibidez, bost droga trafikatzaile salatu zituzten Pantera Beltzek, eta bostak ziren FBIko kide”. Italian, berriz, CIA atzean zuen plan bat deskubritu zutela azaldu du Arriolak, “ikasleen eta langileen konpromiso politikoa ahultzeko”. Italian, hiesa agertu baino lehen, 6.000-7.000 hildako eragin zituen heroinak, 1970eko hamarkadan.

Euskal Herrian heroinak izan zuen eragina agerian uzten duten datuak nabarmendu nahi izan ditu Arriolak ere. Batetik, droga kontsumoak hildakoak: “1980ko hamarkadaren hasieran, 10.000-11.000 izan zirela erraten zuten datu ofizialek”. Liburuaren egileak Herri bateko datuak jarri ditu mahai gainean, Euskal Herriko hamaika txokotan bizi zuten eguneroko latzaren adierazgarri: “Elgoibarren, adibidez, 80 inguru hil ziren. 11.000 biztanleko herri batentzat kopuru handia da”. Arriolak erantsi du 1995erako 9.000 GIBdun bazirela Euskal Herrian. “3.000 baino gehiago hil ziren hiesak jota”.

Bertzetik, poliziek heroina trafikoarekin zuten harremana nabarmentzeko hainbat datu jaso ditu Arriolak, “laxo eta konplizitatez” jokatu zutela agerian uzten dutelako: “Datu ofizialen arabera, 1970eko hamarkadan ez zen gramo bakar ere konfiskatu; 1980an, berriz, 368 gramo, ordurako milaka kontsumitzaile baziren ere”.

“Nik ez dut erran nahi poliziek mugitu zutela kontsumitzen zen droga guztia; bai, ordea, zati garrantzitsu baten ardura izan zutela. Ia erabateko askatasuna izan zen heroina trafikoa egiteko”, gaineratu du. Ikertu nahi zutenek ere pareta baten kontra jotzen zuten, gainera. “Arrasaten, Udaltzaingoak ikertu zituen herrira droga eramaten zuten bi auto: haien atzetik joan, eta bat Bilbora, Guardia Zibilaren Salbeko kuartelera joan zen, eta, bertzea, berriz, Intxaurrondokora”. Arriola saiatu da udaltzainen orduko buruarekin hitz egiten, baina ez du lortu. “Ez hitz egiteko erran diote”. Arriolak argi du heroinak eragindako mina ezagutu behar dela. “Handia izan baitzen”.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku