“Ulertu behar dugu saretu beharra dugula burujabetzaren alde”

“Ulertu behar dugu saretu beharra dugula burujabetzaren alde”

Edurne Elizondo

Alternatiben Herriaren hirugarren ekinaldia egin zuten larunbatean, Iruñean. Urtebeteko lan prozesua dago atzean. LABeko kide Maider Caminos (Gernika-Lumo, 1977) izan da antolatzaileetako bat. Bizkaian jaiotako iruindarrak lan horrek jarritako oinarriak nabarmendu ditu, ziur baita elkarlanean aritzeko aukera gehiago izanen dituztela.

Helburua beteta?

Urtebeteko prozesua amaitu eta gero, larunbatean lortu genuen nahi genuena. Jende asko etorri zen Iruñera, eta antolatutako ekitaldi guztiak egin genituen, eguraldia lagun. Ontzat jotzen dugu lortutakoa, eta, aurrera begira ere, uste dugu oinarri sendo bat jarri dugula azken urtean eragileon artean egindako harremanak eta sareak indartzen eta sendotzen jarraitzeko.

Eragile anitz zarete. Zaila da egin beharreko urratsak denen artean norabide berean egitea?

Eragile asko eta hainbat esparrutakoak gara, eta, jakina, bidea ez da erraza. Nork bere ikuspuntuak eta gauzak egiteko moduak ditu, eta horrek eskatzen du, ondorioz, prozesuan enpatia handia sortzea, eta saiatzea lehenesten komunean ditugunak. Urtebetez aritu gara lanean. Lehen sei edo zazpi hilabeteak batez ere barne lana egiten izan gara. Auzoka antolatu gara, eta koordinazio talde bat ere osatu dugu. Horrek eskatu du gure arteko konfiantza eremu bat sortzea. Azkenean, prozesu erraza izan ez den arren, nagusitu dira aurrera egiteko genituen borondatea eta gogoa, eta denon artean lortu dugu urratsak egitea. Garrantzitsuena da oinarriak jarri ditugula elkarlanean jarraitu ahal izateko.

Iruñeko Udalaren babesa ere izan duzue. Zer ekarri dizue gisa horretako erakunde batek ekinaldiarekin bat egiteak?

Hitzarmena sinatu genuen Iruñeko Udalarekin. Udalarekin izan dugun harremana etengabea izan da, behar genuelako azpiegiturak eta baimenak lotzeko, adibidez. Burokrazia handia izaten da halakoetan, baina esan behar dugu erraztasunak izan ditugula prozesuan. Aldeko jarrera aurkitu dugu, eta positiboa izan da.

Larunbateko ekinaldiaren bidez, erakutsi nahi izan duzue badaudela alternatibak egungo sistema bazter uzteko. Lortu duzue?

Baietz uste dugu. Gure helburu nagusia zen agertzea bizitza burujabe bat izateko gure eskubideek mahai gainean egon behar dutela, eta inportantea dela egungo jendarte kapitalistari aurre egiteko proiektu txiki eta handi guztiak erakustea. Eta lortu dugu. Nafarroan dauden proiektuak ezagutu ditugu. Asko ari dira garatzen jada jendartea iraultzeko ikuspegiarekin.

Alternatibak martxan dira?

Bai. Lortu dugu erakustea badirela aukerak burujabetzaren bidean urratsak egiteko, modu kolektiboan antolatuz, herritarrei lehentasuna emanez eta proiektuak adostasunetik garatuz. Hori egon da Iruñean. Gainera, Alternatiben Herriak argi utzi du kontua ez dela bakarrik agertzea, erakusleiho batean balira bezala, baizik eta erakustea egingarriak direla proiektu horiek guztiak.

Maila txikiko proiektu horiek zabaltzea eta orokortzea da koska?

Bai. Hilabeteotan behin baino gehiagotan esan dugu alternatibaz osatutako su txiki asko daudela Euskal Herrian, eta kontua dela su txiki horiek guztiak saretzea, ikusgarri bilakatzea, balioa ematea, su handi bilakatzeko.

Hamahiru konpromisok osatutako taula bat aurkeztu zenuten larunbatean, sare hori osatzeko.

Guk argi genuen larunbateko ekinaldiari nahi geniola nolabaiteko jarraipena eman. Gure arteko aliantzak indartzen jarraitu nahi dugu, eta, aldi berean, sortu nahi izan dugu tresna bat irudikatzeko badirela alternatibak kapitalismoaren aurrean, eta gure esku dagoela horiek garatzea. Tresna hori da sortu dugun konpromiso bilduma. Kapitalismoari eman nahi dizkiogun hamahiru kolpe dira. Baliatu nahi izan dugu larunbateko ekinaldia atxikimenduak jasotzen hasteko. Konpromiso zehatzak eskatu ditugu, adibidez, euskaraz bizitzeko, aniztasuna onartzeko edo energia berriztagarriak erabiltzeko. Konpromiso horiek hartu ahal izan zituzten larunbatean Iruñean izan zirenek; orain, asmoa da modu kolektibo batean ere bat egin ahal izatea konpromiso horiekin, elkarteen edo erakundeen bidez. Konpromiso horien bidez, burujabetza gauzatzeko modua badugula erakutsi nahi izan dugu. Finean, helburua da sistema iraultzea, burujabetasunetik.

Baionak antolatu zuen lehena, eta Bilbok bigarrena. Iruñekoa izan da hirugarren Alternatiben Herria. Sendotu da ekinaldia?

Nik esanen nuke baietz, ari garela bidean urratsak egiten, eta jendeak ahalduntzeko gero eta indar handiagoa duela. Subjektu pasibo izateari utzi nahi diogu, subjektu aktibo izateko. Alternatiben Herria mugarri izan da horretarako. Gero eta eragile gehiagok egin dute bat. Eta ez da hori bakarrik. Errotuz eta sendotuz doa. Eta aurrera begira ere ziur naiz urratsak egiten jarraituko duela.

Jendeak sinetsi du alternatibak garatzea bertze alternatibarik ez dagoela?

Bai, baina kontua da aldaketak errokoa behar duela. Proiektu asko daude, eta inportanteak dira, baina oso inportantea da, halaber, ulertzea saretu behar dugula burujabetzaren alde, proiektu oso bat garatu ahal izateko. Bestela, isolatuta egonen gara sistemak ezartzen dizkigun mugen eta oztopoen aurka.

Sistema horren indarra ez da nolanahikoa, ezta?

Hori da. Sistemak guk baino pisu handiagoa du, eta, aurre egiteko, behar dugu bat egin.

Alternatiben Herriak urratsak egiten jarraituko duela erran duzu. Orain zer?

Nik uste dut norbaitek hartuko duela guk utzitako lekukoa. Alternatiben Herriak aukerak zabaltzen ditu herri honek burujabetzaren ikuspegitik duen aberastasuna ikusarazteko.