Orduko usteaz eta indarraz

Edurne Elizondo

Francisco Perez Lusarretak 96 urte bete zituen asteazkenean. “Erran iezadazu Paco, mesedez!”, eskatu du, irribarre eginez. Atzo jaso zuen Berako Udalaren oparia: omenaldia egin zioten, Gernika batailoiko kide izan zela gogoratzeko. Nazien aurka borrokatu zen, II. Mundu Gerran. “Batailoiko azkena naiz, bizirik gelditzen den bakarra. Etxekoen artean ere, azkena”. Duela sei hilabete hil zen Maria Luisa Agirre, Perez Lusarretaren emaztea, eta, geroztik, Berako zahar etxean bizi da gudari ohia. Jaurrietan jaio zen, 1922. urtean.

Jada ez du gazte garaiko gorputza, eta makilaren laguntza behar du mugitzeko; burua, ordea, beti bezain argia du, eta 1940ko hamarkadako usteaz eta indarraz mintzatzen da, oraindik ere. Errepublika maite zuen Manuela Lusarreta bere ama ekarri du gogora; gerra garaian lagun izandako Asta txakurra ere bai; anaiak eta arreba txikia; gerran galdutako lagunak. “Atzetik heldu zirenentzat ispilu izan nahi genuen orduan”, nabarmendu du.

Ispilu horri egin nahi izan dio so Berako Udalak aurtengo besten hasieran, hain zuzen ere. Memoria historikoaren ispiluari, alegia. Perez Lusarreta omendu du horretarako, bai eta herrian 1936ko errepresioa sufritu zutenak eta haien ondorengoak ere. Altxamendu militarra gertatu eta gero, urte hartako uztailaren 21ean sartu ziren erreketeak Beran. Ordurako, jada, herritik at ziren frankistekin bat egin ez zuten hainbat herritar eta karabinero. Erreketeek ez zuten amore eman: 1936ko San Esteban egunean, gaurko egunez duela 82 urte, ihes egindako horien familiak eraman zituzten Udaletxeko plazara. “Gipuzkoara, Frantziara, edo fusilatzera”, mehatxu egin zieten.

Ehun familia inguru bota zituzten herritik, eta gutxi batzuk baino ezin izan ziren itzuli. Ihes egiteko aukera izan ez zutenak fusilatu egin zituzten. Seiren gorpuak identifikatu zituzten; bertze lau desagertuta daude, oraindik ere.

Irundik Bartzelonara

Jaurrietan jaio, baina Irunera (Gipuzkoa) mugitu zen Perez Lusarreta familiarekin, haurtzaroan. Han harrapatu zituen 1936ko altxamenduak. “Gure familia errepublikazalea zen. Aita, karabineroa. Anaia zaharrarekin joan zen gerrara, frankisten aurka borrokatzera. Bertze bi anaiekin, arrebatxoarekin eta amarekin gelditu nintzen ni”. Manuela Lusarretak Bartzelonara egin zuen ihes seme-alabekin, eta han gelditu ziren, gerra amaitu arte. “Gogorra izan zen. Irunera itzuli ginenean, dena kendu ziguten. Deus gabe utzi gintuzten. Frankistentzat, gu, errepublikazaleok, zaborra ginen, eta halaxe tratatu gintuzten”.

Perez Lusarretaren aita Marcelino Perez preso hartu zuten. “Anaia zaharra ere bai. Aita Bilbon espetxeratu zuten; anaia, berriz, SantoƱan”. Ordukoak gogoratu dituenean, begirada ilundu zaio Perez Lusarretari. Amaren saminarekin oroitu denean, batez ere. “Nire ama emakume zoragarria zen, aparta benetan. Ama beti dut buruan; izugarri maite nuen”. Harengandik jaso zituen bizitza osoan ardatz izan dituen balioak. Eta balio horiek eraman zuten Perez Lusarreta nazien aurka borrokatzera. “Ezin nuen deus egin gabe gelditu. Amak beti erran zuen borrokalari sutsua nintzela ni; mundua aldatzeko lanean ari nintzela. Harro zegoen, eta harro sentiarazi nahi nuen”.

Soldaduska egiten ari zenean etxera itzultzeko eman zioten baimen bat baliatu zuen Perez Lusarretak muga zeharkatzeko eta Gernika batailoiarekin bat egiteko. Bidea ez zen erraza izan, halere. “Lehenik eta behin, Baionara joan nintzen. Atxilotu egin ninduten. Aske utzi ninduten kostaldeko bunkerrak eraikitzen laguntzera joan nintzela erran nuelako. Sinetsi egin zidaten”.

Perez Lusarretak Paue izan zuen hurrengo helmuga, Okzitanian. “Han egin genuen bat 150 gudari inguruk; han mamitu zen Gernika batailoia”. Bordele inguruan ikusi zituen lehendabiziko naziak. “Han egin nuen borroka lehen aldiz; eta han galdu nituen lehen lagunak”.

Gerrari buruz, gizakien alderdirik ilunena agerian uzten duela erran du Perez Lusarretak. “Gerrara joaten zara, eta badakizu hil egin behar duzula, zu hil ez zaitzaten. Alemaniarrak gazteak ziren, gu bezala. Baina argi genuen nazismoaren kontra ari ginela borrokan”. Tristuraz gogoratu ditu hainbat une: “Ez zen atsegina ikustea frantziarrek mendean hartutako etsaiak kolpatzen zituztela. Biziki krudelak iruditzen zitzaizkidan halako egoerak. Mendean hartutakoa ezin duzu kolpeka tratatu. Balio batzuen alde ari ginen borrokan, baina gerrak halakoak eragiten zituen”.

Bordeletik Paris aldera eraman zuten Perez Lusarreta, batailoiko bertze hainbat kiderekin. “Paristik 50 kilometro ingurura zegoen jauregi batera eraman gintuzten; Rothschild familiarena zen. Han, mota guztietako armekin aritzen erakutsi ziguten. Magnum eta Colt etxeko errebolberrak eman zizkiguten. Sekulakoak ginela sentitzen genuen han!”.

Armekin baino gehiago, halere, Gernika batailoiko kideekin eta orduan ezagutu zuen Asta txakurrarekin oroitzen da gudari ohia. “Batailoiko kideon artean, harremana ezin hobea zen. Talde bat osatzen genuen; justiziaren alde egiteko gogo berak batzen gintuen”. Bereziki hunkitu da, halere, txakurrari buruz hitz egiten hasi denean. “Hain zen berezia! Laguna nuen, benetako laguna! Lubakian hotzak harrapatzen ninduenean, nire ondoan jartzen zen, berotzeko”. Kumeak izan zituenean, lagun baten etxean uztea erabaki zuen. “Harekin hobeki ziren. Baina ez dut inoiz ahaztuko eman zidan guztia”, erran du, begiak erdi bustita.

II. Mundu Gerra amaituta, Euskal Herrira itzuli zen Perez Lusarreta, Hendaiara. Irunen bizi zen, orduan, gudari ohiaren familia. “Aita, ama eta arreba ziren etxean. Anaia zaharra hilik zen ordurako. Bertze bi anaiak, berriz, hemendik kanpo: bat Afrikan, eta, bertzea, berriz, Frantziako kontzentrazio esparru batean”. Familia laguntzea bilakatu zen Perez Lusarretaren helburu bakar eta nagusi. “Bazterrak ongi ezagutzen nituen, eta baliatzea erabaki nuen. Kontrabandista bilakatu ote nintzen? Bai, pixka bat”, erantzun du, begiarekin kliska eginez.

Perez Lusarretak gogoratu du ehunak mugitzen zituztela, batez ere. Oroitu da Hernanitik Donibane Lohizunera eta, Bidasoko ibietan barrena, Endarlatsatik Plaiaundira egindako bidaiekin. “Frankismoak mehatxu egindako hainbat herritar ere lagundu nituen muga zeharkatzen”, erantsi du. Ibardinen harrapatu zuten arte. “Egun hartan hiru ginen; ni nintzen lehena. Batek ihes egitea lortu zuen, eta bertze biok hartu gintuzten”. Ibardindik Irungo polizia etxera eraman zuten, eta, han, Meliton Manzanas zuen zain. “Torturatzailea zen, gizon krudela. Zortzi edo hamar egunez izan nintzen han. Onik atera nintzen. Ondarretako espetxera eraman ninduten handik. Kartzelatik atera ninduten, azkenean, Euskal Herritik kanpora bidaltzeko”. Sorterrian egoteko debekuak Bartzelonara bueltan eraman zuen Perez Lusarreta.

Bartzelonatik Irunera

Tailer batean hasi zen Bartzelonan lanean. “Mekanikari ona izan naiz beti. Haur bat bertzerik ez nintzenean ere, niri ez zitzaidan auto bat gidatzea interesatzen; autoa nola mugitzen zen jakin nahi nuen. Trebea nintzen”. Osasun arazoen ondorioz utzi behar izan zuen lana. Ebakuntza egin, eta giltzurrun bat kendu behar izan zioten. Etxera itzultzea erabaki zuen Perez Lusarretak, orduan. “Kamioilari bati galdetu, eta, baietz, eramanen ninduela Donostiara. Horrelaxe joan nintzen etxera bueltan”, gogoratu du.

Irunen, familiarekin egin zuen bat, berriz ere. “Auto zahar bat erosi, hura moldatu, eta garraiolari hasi nintzen lanean”. Erretiroa hartu arte. Maria Luisa Agirre izan du bizikide, duela sei hilabete hil zen arte. Anai-arrebei ere agur erran behar izan die gudari ohiak. “Gogorra da. Baionan bizi zen anaietako bat. Minbiziak hartu zuen. Ebakuntza egin zioten, baina ez zuen sendabiderik. Hura ikustera joan nintzen azken aldian, argi eta garbi erran zidan hura izanen zela elkar ikusiko genuen azkena. Handik gutxira hil zen. Kolpe latza hartu nuen”.

Eskuarekin egindako keinu baten bidez uxatu du tristura Perez Lusarretak. Irribarrea jantzi du, berriz ere. Badu damurik, halere: “Mundu hobe baten alde egin genuen borroka, baina ahaztu egin gaituzte; baztertu egin gaituzte”. Ez du maite egungo gizartearen berekoikeria. “Non daude gure garaiko balioak? Mingarria da dena ahaztu izana. Bertzeentzat ispilu izan nahi genuen”, berretsi du, orduko usteaz eta indarraz.