Iritzia: Beti izango dut begi bat zabalik

Lur Albizu Etxetxipia

Eta bihar beldurrik gabe esnatuko bagina? Hasi dira lagunak herrira heltzen. 11:30ean jarri diete hitzordua, baina urrunenetik datozenak dagoeneko iristen ari dira. 10:45 dira. Diziplina izanen da. Autoak herria betetzen hasi dira. Mila lagunetik gora espero dira. Ematen duenez, eguzkiak ez digu gaur atsedenik emanen, distiratsu dago. Jendearen irribarreak ere loratzen hasi dira: aspaldian ikusi gabeko lagunak, gaurko lagun gazteenak, joan diren hamarkadetako kide zaharrak, bidelagunak, kide berriakā€¦ Besarkadak nagusitu egin dira.

Ez geunden konforme, eta ez gaude ados. Urte asko pasatu dira. Hamarkadatako bizipenek ez dute geltokirik izan, beharbada; zurrunbiloak ez digu utzi lasai ibilbideari begiratzen; korrika egin beharrak ez digu utzi inon gelditzen; baina haria ez da sekula eten. Ahulago edo indartsuago ibili da garaian-garaian, baina ez da moztu. Gazte eta errebelde izateko hautua ezin izan zuten ebaki, soka ikusezinak hor egoten jarraitu zuen. Gaur ere bizirik dago.

Gazte eta errebelde. Orain belaunaldi desberdinetako kide asko plaza horretan daude, 30 gradutan. Beroa pasatuko dute egunez, baina ez zaie inporta. Iraganarekin elkartu dira gaurkoan. Baina ez bakarrik iraganarekin: hemendik aurrera soka eraman eta lekukoa pasatuko dutenekin elkartu dira. Orainarekin. Etorkizunarekin. Hiru geltokiek topo egin dute gaurkoan. Eta ez dago atzera bueltarik: bizi izandakoak ahaztu gabe, oraina eta etorkizuna eraikitzeko hautua egitera etorri dira gaurkoan. Etorkizunaren nostalgia izan nahi dute, ez besterik.

Behin hil ginen, baina itzuli gara; erre gintuen su berbera gara. Hasi da eguna are gehiago berotzen, orduak falta zaizkio eguzkiari su-etenen bat egiteko. Baina ez dira damutzen. Argi daukate zertara etorri diren, eta mezu garbi bat helarazi dute: azken lau hamarkadetan egin bezala, antolakuntzan sinesten dute, herri honek behar dituen bulkada berrietan.

Eta ez bakarrik proiektu bati atxikitzen direlako. Ez bakarrik iraultza egin nahi dutelako. Ez bakarrik herri bat askatasunerantz eraman nahi dutelako. Ez bakarrik konprometituak direlako. Ez bakarrik herri hau maite dutelako. Ez bakarrik sinesten dutelako.

Lepoan hartu, ta segi aurrera. Iraganetik ikasi, eta hau etorkizunean proiektatzeko ahalmena dutelako. Beren buruari zin egin diotelako honek ezin duela balio iraganari gorazarre egiteko, etorkizunari baizik. Euskal Herriak gaur behar dituelako, atzo eta bihar bezala. Baina bereziki gaur. Haiek egiten ez badute, nork eginen du? Gaur egiten ez badute, biharkoak huts eginen du.

Borrokan oroitzen zaitut. Non zaude? Non gaude? Ez gaitzaten bilakatu euretako bat derrigorrez jantzitako horiek. Hemen eta orain, bidean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Lehengoekin eta oraingoekin, gazte bulkada berriak osatuko dituzte, ahaztu gabe zein den azkeneko geltokia; bideko trenei muzin egin gabe, elkarrekin eginen dute bidea.

Herria mugarri. Martxan goaz, martxa gara.