Atea muga bat denekoa

Atea muga bat denekoa

Edurne Elizondo

Iruñeko Txantrea auzoan du etxebizitza Erkuden Txokarrok. Lau solairuko eraikin batean, hirugarrenekoa du berea. Baina ezin da han bizi, igogailurik ez dutelako. Aulki gurpilduna behar du Txokarrok mugitzeko; igogailurik gabe, ondorioz, etxeko atea muga bilakatzen zaio. Laguntzarik gabe, ezin da nahi duenean sartu edo atera.

“Alokairuan hartu behar izan dut bertze etxebizitza bat; dibortziatuta nago, bi haur ditut, eta 820 euroko pentsioa. Gurasoen laguntza behar dut alokairua ordaintzeko. Ezin dugu onartu etxebizitza guretzat espetxe bilakatzea; ezin gara egon bizilagunen borondatearen menpe, igogailua eduki ahal izateko”, salatu du Txokarrok.

Karrikara atera da protesta egitera, Nafarroako Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioko kideekin batera. “Ez da erraza jendaurrean agertzeko urratsa egitea”, onartu du. Are zailagotzat jo du, halere, pertsona anitzen egunerokoa. “Aulkia erabiltzen hasi baino lehen, arrastaka jaisten nintzen; igotzeko, laguntza behar nuen”, nabarmendu du.

“Gure egoera bidegabea da, eta bada garaia administrazioak esku hartzeko. Hitzak ez dira nahikoa; ekintzak nahi ditugu”, erran du. Txokarrok bere aulkia eskaini die talde politikoetako ordezkariei, haren bidez mugitu beharrak ezartzen dituen mugak eta zailtasunak ezagutzeko. “Hogeita lau orduz utziko diet; nahikoa izanen da denbora hori gure errealitateaz jabetzeko”.

Txokarrok etxea duen eraikineko bizilagunek erabaki dute igogailua jartzea. Lanak noiz eginen dituzten zain da. Nafarroan, etxebizitza eraikinen %17k ez dute igogailurik; eta eraikinen erdietan, berriz, ezin da karrikatik zuzenean atarira sartu, eskailerak daudelako. Gainera, eraikin gehienetan %90etan atezain automatikoa altuegi dago, eta aulki gurpilduna behar dutenek ezin dute jo. “Ateak ere hagitz astunak izaten dira, eta horrek atarian sartzeko eta handik ateratzeko lana anitz zailtzen du”, erantsi du Nafarroako Cocemfeko presidente Manuel Arellanok.

Bozketa, kostuaren arabera

Legea da gainditu beharreko lehenengo muga, Cocemfeko kideek salatu dutenez. Izan ere, legez jasota dago irispideak bermatzeko beharra, eta, ondorioz, elbarritasuna dutenak bizi diren etxebizitzetan derrigorrez egin behar dira beharrezkoak diren obrak edo egokitzapenak.

Legeak, halere, bere baitan du tranpa. Horixe salatu du Arellanok: “Legeak zehazten baitu bozketa egin beharko dela, baldin eta jabe bakoitzari dagokion derrama partearen kostua hamabi kuotak baino handiagoa bada”. Arellanok nabarmendu nahi izan du argi duela familia anitzentzat ezin ordain dezaketen gastua izan daitekeela igogailua jartzea. Ardura, hain zuzen ere, “denen irisgarritasuna bermatu” beharko lukeen gizartearena dela erran du; administrazioak erraztu eta lagundu beharko lukeela, alegia, eraikinetan egin beharreko lanak egitea.

Igogailua ez izatea, halere, ez da arazo bakarra. Cocemfen bat egiten duten elkarteen artean badira, bertzeak bertze, sentikortasun kimiko anizkuna duten pertsonek osatutakoak. Gaitz hori dutenentzat, adibidez, garbitzeko erabiltzen diren ohiko produktuak kaltegarriak izan daitezke. “Ez da pertsona horien egoera kontuan hartzen denentzako diren espazioak garbitzeko produktuak aukeratzerakoan”. Kasu horretan ere, produktu horiek ezartzen ahal dute gaitza dutenek gainditu ezin dezaketen muga.

Cocemfeko kideek argi dute batzuen alde hartutako neurriek, finean, “gizarte osoari” egiten diotela mesede. “Une batean edo bertzean denok behar ditugu irispideak erraztuko eta bermatuko dizkiguten neurriak”, erran du Arellanok.

Esku hartzeko eskatu die administrazio guztiei. Batetik, etxebizitzak inoren espetxe izan ez daitezen; eta, bertzetik, egin beharreko lanak egin ahal izateko ardura bizilagunen bizkar ez uzteko. “Gastuari aurre egiteko aukerarik ez izateak ezin du muga izan nork bere etxebizitza baliatu ahal izateko”, berretsi du Cocemfeko presidenteak.

Bat egin du Txokarrok. Etxebizitza bat du, eta erabili nahi du. Mugarik gabe; inoren menpe egon gabe.