Objektiboaren atzetik

Objektiboaren atzetik

Edurne Elizondo

Pasioa. Horixe nabarmendu dute, gauza guztien gainetik. Gogoko dutela beren lana, gertatzen dena beren kameren bidez kontatzea lanbide bat baino anitzez ere gehiago delako haientzat. “Pasioa”, berretsi dute. “Maite dugu gure lana, eta gero eta hobeki egin nahi dugu; gero eta gogo handiagoz”. Villar Lopezenak dira hitzak. Duela hamazazpi urte baino gehiago hasi zen argazkilari gisa lanean. Ez du utzi nahi. Baina egungo errealitatea aldatzeko beharra nabarmendu du. Asmo horrekin sortu da Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkartea. Arloko profesionalen kezkak eta proiektuak hartu nahi ditu bere gain, lanbidea duintzeko, formakuntza bultzatzeko, eta egungo prekaritatea eta lan baldintza eskasak salatzeko.

Irudiari, finean, duen balioa eman nahi diote; zehazkiago erranda, lortu nahi dute hedabideek, eta, oro har, gizarteak, irudiari duen balioa eman diezaioten. Ez edozein irudiri, halere: profesionalen sinesgarritasunak eta egiazkotasunak bermatutako irudiari, zehazki. Sakelako telefonoek eta sare sozialek kazetari bilakatu dute edozein herritar; hedabideak berri bat bertze inork baino lehen emateko lehian sartu dira, eta horrek ere ekarri du, anitzetan, testuak idazteko lana duten kazetariak argazkilari edo bideogile bihurtzea.

Berriemaile grafikoen jarduerari eragin dio horrek. Errealitate hori bere testuinguruan jarri du Nafarroan martxan jarri duten elkarteko presidente Jose Luis Larrionek. 38 urteko bidea du atzean berriemaile grafikoak. Sektorearen argazkia egiteko, 2008ko krisia jarri du mahai gainean. “Hedabideei gogor jo zien krisi horrek; eta eragina izan du produktuaren kalitatean eta langileen lan baldintzetan”.

Berriemaile grafikoei bereziki eragin diela uste du Larrionek, eta iritzi horrekin bat egin du Iñigo Urizek ere. “Krisiak murrizketak ekarri ditu, eta murrizketek berekin ekarri dute, bertzeak bertze, editore grafikoak desagertzea erredakzioetatik”. Hamazazpi urte baino gehiagoko bidea egin du Urizek lanbidean, eta moldeak aldatuz joan direla nabarmendu du. Azken urteotako krisiak are sakonago bilakatu ditu gertatu diren aldaketak, eta ondorio izan dute, adibidez, testuaren ardura duten kazetarien eta berriemaile grafikoen arteko koordinazioak behera egitea.

Horixe berretsi du Lopezek ere. “Erredakzioetan, erretiroa hartu duten langileen postuak ez dituzte betetzen; enpresek gero eta gehiago jotzen dute autonomo ari diren berriemaile grafikoengana. Argazki bat behar dutenean, eskatu, ordaindu eta kito. Harremana gero eta eskasagoa da, eta lan baldintzak, gero eta txarragoak”, salatu du. Zenbaitetan gertatzen diren “muturreko egoerak” aipatu ditu Larrionek ere: “Hainbat hedabidek ez diete beren egoitzetan sartzen uzten kolaboratzaile dituzten autonomoei, lan ikuskaritzen beldur direlako”.

Aurten 50 izateko asmoz

Azaroan jarri zuten martxan Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkartea. 30 profesionalek bat egin dute jada, eta jende gehiagok izena emanen duela argi dute bultzatzaileek. “Aurten 50 izan gaitezkeela uste dugu”, erran du Larrionek. “Konpromiso sendoa hartu dugu; aurrera egin nahi dugu, eta lan egiteko prest gara”, erantsi du.

Izan ere, oraingoa ez da berriemaile grafikoek bat egiteko lehendabiziko saioa. Duela 30 urte inguru egindako lehen urratsa ekarri du Jose Luis Larrionek gogora. “Espainiako Telebistako hainbat kamerari saiatu ziren lan horretan”. Baina ez zuen aurrera egin.

Bigarrenez, 1996. urtean ahalegindu ziren. Jesus Diges, Luis Azanza eta Joxe Lacalle berriemaile grafikoak aritu ziren orduan lanean, bertzeak bertze. Elkartea sortu, eta dozena bat pertsonak bat egitea lortu zuten. Baina bide motza egin zuen. Hasierako asmoa hoztu, eta proiektua bertan behera gelditu zen. Elkartea ez zuten desegin, halere, eta oraingo taldea osatzeko, hain zuzen ere, orduko egitura baliatu dute berriemaile grafikoek. Izenari eutsi, eta proiektua, berriz ere, martxan jarri dute.

Urizekin batera, Iñaki Portu izan da lankideak batzeko oraingo prozesuan gehien inplikatu diren profesionaletako bat. Hogeita bat urte baino gehiagoko bidea du atzean. Lankideek bezala, egungo egoerak “zerbait egitera” bultzatzen zituela sentitu du Portuk. “Indarrak batzeko ordua dela konturatu gara, eta horixe egin dugu”. Indarrak batzea erabaki dute lan baldintza duinak aldarrikatzeko; beren lanbideak duen balioa mahai gainean jartzeko; bai eta beren segurtasuna eta lan egiteko eskubidea bermatzeko ere.

“Gero eta zailtasun gehiago ditugu gure lana egiteko”, erran du Lopezek. Azken asteotan Iruñeko Maravillas gaztetxearen hustea dela-eta gertatutakoa jarri du adibide argazkilariak, operazio horrek berekin ekarri baitu hiriko Alde Zaharra foruzainek eta Espainiako poliziek hartzea. Hustearen aurka protesta egin duten gazteen aurka oldartu dira poliziak, eta hainbat pertsona zauritu dituzte. Berriemaileek ere jasan dituzte kolpeak.

Gaztetxearen aldeko azken manifestazioa hilaren 19an egin zuten. “Lehendabiziko aldiz, elkarrekin egoteko beharraz hitz egin genuen berriemaile grafiko guztiok, protesta horren aurretik”, kontatu du Urizek.

“Anitzetan, inork inguruan nahi ez duen lekuko ezerosoa gara berriemaile grafikook”, erran du Larrionek. Horrek berresten du beren lanbidea “beharrezkoa” dela, elkarteko buruaren ustez. Bat egin dute Urizek, Portuk eta Lopezek ere. Egunerokoan topatzen dituzten zailtasunak gainditzeko bat egitea ona dela uste dute, batetik. “Segurtasuna bermatzeko, eta gure lana ahalik eta baldintza egokienetan egiteko”, erran du Lopezek. Horrek, halere, badu bere alde txarra, berriemaileon hitzetan. “Gure lana ahalik eta ongien egiteko, beharrezkoa dugu ez nabarmentzea; baina gaur egungo egoerak behartu egiten gaitu geure burua identifikatzera”, erantsi du Portuk.

Identifikatzeko, hain zuzen ere, besokoak eta txalekoak erabiltzea aztertzen ari dira berriemaile grafikoak. “Kontua da, protesta batean, adibidez, profesionalak garela argi gelditzea”. Gaur egun, karrikako lanean, sakelakoarekin argazkiak edo bideoak egiten dituzten herritarrak izaten dituzte profesionalek ondoan. “Haientzat guretzat baino errazagoa izaten ohi da lan egitea, gure materialak adierazten baitu profesionalak garela. Sakelako batekin dagoena edozein tokitara ailegatzen da”.

Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko kideek argi dute ezin direla maila berean jarri herritar batek sakelakoarekin hartzen dituen irudiak eta profesionalek hedabideei eskaintzen dizkietenak. “Egiazkotasuna eta sinesgarritasuna ematen dugu guk; profesionalak gara, eta argi dugu kontua ez dela argazki bat edo bideo bat lortzea. Irudi baten bidez historia bat kontatzen dugu”, erran du Jose Luis Larrionek.

Lopezek erantsi du profesionalaren begiradak “balio erantsia” ematen diola berriemaile grafikoak lortzen duen irudiari. “Guk badakigu zer atera eta zer ez. Gure lanbidearen mugak ezagutzen ditugu, eta zentzuz jokatzen dugu”.

Edozein pertsonak lortutako irudiak zabaltzearen ondorioz, berri faltsuek gora egin dute. Horixe nabarmendu dute elkarteko kideek. Hedabideek ere neurri handi batean dinamika hori bultzatu dutela erantsi dute. “Uholdeak gertatzen direnean, adibidez, hedabideek herritarrei eskatzen diete beren irudiak bidaltzeko, haiek zabaldu ahal izateko”, erran du Portuk. “Hedabideek edozein irudi zabaltzen dute; gerta daiteke bertze urte batekoak izatea, baina inork ez du hori zaintzen, eta bermerik gabeko irudiak hedatzen dira”, erantsi du Lopezek.

Sare sozialek inposatu duten azkartasunak ere ekarri du kazetariek grafikoen lana egitea. “Multimedia kazetariaren irudia saltzen dute hedabideek; horren atzean, halere, sektorearen prekaritatea baino ez dago”, erran du Larrionek. Kazetaria ez dagokion lana egitera behartzen dutela gaineratu du, eta lan horrek, gainera, ez duela profesional batek egiten duenaren kalitatea.

“Irudi lauak”

Suhiltzaileen edo Foruzaingoaren gisako erakundeek egiten eta zabaltzen dituzten irudien inguruko eztabaida ere mahai gainean jarri dute berriemaile grafikoek. “Gero eta ohikoago bilakatu da suhiltzaileek, foruzainek edo guardia zibilek beren argazkiak banatzea; arazoa da gertaera baten inguruko irudi bakarrak erakunde horiek ematen dituztenak izatea; hau da, guri gertaeren tokira hurbiltzen ez uztea”, erran du Jose Luis Larrionek.

Egoera hori galderak egiteko aukerarik gabeko prentsa agerraldiekin parekatu du Villar Lopezek. “Erakundeek utzitako irudi horiek lauak dira. Profesionaloi ukatu egiten digute gure begirada eta gure ikuspuntua azaltzeko aukera”.

Profesionalen begirada zaintzen eta trebatzen jarraitzeko asmoz dira Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko kideak. Horregatik, beren lan baldintzak eta eskubideak aldarrikatzeko lanarekin batera, formakuntzaren arloa jorratu nahi dute. “Hitzaldiak, ikastaroak eta bertze egin nahi ditugu”, azaldu du Portuk. Lanbidearekin lotutako esparru guztiak ukitu nahi dituzte. Urizek, adibidez, profesionalen artean mozal legeari buruzko informazioa zabaltzeko premia nabarmendu du. “Argi izan behar dugu zer egin dezakegun eta zer ez; informazio nahasia dute kazetari anitzek, ordea”. Lan egitea dute berriemaileek helburu. Dagozkien berme eta eskubideekin.