“Kezkatzen gaitu herrien husteak, baina zaila da itzultzea”

Edurne Elizondo

Elkartea ez ezik, komunitatea ere osatu dute Zorokiain erosi dutenek. Bederatzi familia ari dira herria auzolanean berritzen, han bizitzeko asmoz. Haietako bat da Iosu Biskarret (Iruñea, 1980) .

Herri bat erosi duzue. Nolakoa da gisa horretako erabaki bat hartzeko prozesua?

Nire kasuan, alderantzizkoa izan da. Batzuek herri bat erostea erabaki zuten, eta haiekin bat egin nuen nik.

Herria zein izanen zen erabakia zuten jada?

Bai. Bikote batena izan zen ideia. Zorokiain ezagutu, eta egokia zela pentsatu zuten. Nik bat egin nuenean, herria erosteko aurrekontratua sinatuta zegoen jada. Taldea osatzen ari ziren.

Zerk erakarri zintuen proiektura?

Ni duela bost urte sartu nintzen taldean. Gisa horretako proiektuak gustuko nituen, eta aritua nintzen baten batean ere. Lagun batzuekin izan nintzen herri okupatu batean. Ez nintzen han bizi, baina asteburu oro joaten nintzen auzolanean etxeak konpontzera. Herri bat lehengoratzeko gogo hori, beraz, barruan nuen. Ezagun baten bidez izan nuen Zorokiaingo proiektuaren berri, eta bat egitea erabaki nuen.

Errekazar izeneko elkartea osatu duzue proiektua garatzeko. Zer asmo duzue?

Herria erosi eta gero, udalak, Untzitibarreko Udalak, erran zigun herria urbanizatu behar genuela. Ez genuen horrelakorik espero. Herria hutsik zegoen. Uste genuen proiektu bat egitea nahikoa zela etxeak berreraikitzen hasi ahal izateko. Baina ezetz esan ziguten, hornikuntzarako azpiegiturak zaharkituta zeudelako, eta berriz egin behar zirelako. Ezusteko handia izan zen guretzat.

Horregatik erabaki zenuten elkartea osatzea?

Bai. Bat egitea erabaki genuen, urbanizazio proiektua egiteko beharko genituen profesionalak kontratatu ahal izateko: ingeniaria, arkitektoa eta beste.

Oztopo handia izan da zuentzat?

Bai. Bi urtez aritu gara auzi hori konpontzen. Guk ez genekien urbanizazio proiektu bat nola egin. Hirigintza kontuetan aditua zen abokatu bat ere kontratatu genuen, laguntzeko.

Elkartea handituz joan da?

Bai. Hasieran lau familia ginen, eta asmoa zen gutxienez zortzi izatea. Urbanizazio proiektua egin bitartean, beraz, taldea osatuz joan gara. Horrekin batera, duela urtebete inguru beste ezusteko bat izan genuen.

Oztopo gehiago?

Oraingoan, ezustekoa ona izan da, udalak esan zigulako urbanizazioa bere gain hartuko zuela. Abenduan aipatu ziguten, gainera, gobernuaren diru laguntza jasotzeko aukera ere izanen genuela. Eta azkenean hala izanen da. Toki Azpiegituren Planaren bidez jasoko du laguntza udalak, urbanizazioa egiteko.

Etxeak berritzea izanen da hurrengo urratsa?

Bai. Elkartean, azkenean, bederatzi familiak egin dugu bat, eta gure asmoa da bederatzi etxe berritzea. Gainera, denon artean, herriko eliza erosi diogu Artzapezpikutzari, elkartearen egoitza egiteko. Eliza konpontzen hasi gara jada. Iaz, adibidez, teilatua aldatu genuen, eta orain barruan ari gara lanean.

Auzolanean ari zarete?

Bai. Igandero egiten dugu bat. Teilatua egitea lan handia izan zen, eta, horretarako, adibidez, hainbat egunez egin genuen bat, jarraian. Baina denon artean ari gara. Iturri berri bat ere egin dugu herrian, eta bide zaharrak atondu ditugu, azken bost urteotan.

Noiz uste duzue izanen duzuela aukera herrira bizitzera joateko?

Abenduan esleitu dituzte urbanizazioa egiteko lanak. Urtebeteko epea dago obra egiteko. Berez, obra txikia da, hiru hilabete ingurukoa. Baina ez dakigu noiz hasiko diren; ea udaberrian. Urbanizazioa egin eta gero, izanen dugu aukera etxeak moldatzen hasteko.

Berritu egin behar dituzue, edo hutsetik hasi eraikitzen?

Etxe batzuek hutsetik hastea behar dute; beste batzuek, berriz, berritzea. Nik, adibidez, galtegi bat moldatu behar dut, etxebizitza bilakatzeko. Barrutik hustu dut, eta lau horma utzi ditut zutik. Beste bi etxe hutsetik eginen dituzte, behera bota eta gero. Aukera baliatuko dute etxeak hegoalderuntz begira egiteko.

Ingurumenarekin kezka duzue?

Bai. Herri iraunkorra sortu nahi dugu. Herrian argindarra bada, baina gure asmoa zen eguzki plakak jartzea etxebizitzetan, hornitzeko. Nik hori eginen dut. Hasieran, etxebizitzetan komun lehorrak jartzea ere bazen asmoa. Baina hori bazter utzi behar izan dugu.

Zergatik?

Kontua da indarrean dagoen arautegiak behartzen gaituela ohiko urbanizazio lan bat egitera; herria urez eta argindarrez hornitzeko ohiko obra egin behar dugu, bai eta araztegi bat jarri ere. Administrazioak garapen iraunkorraren aldeko mezua du, baina ez dago prest gauzak beste modu batera egiteko. Ohiko sistemak jartzera behartzen gaitu. Lortu dugu, halere, kale argietan eguzki plakak jartzea.

Uste baino zailagoa izaten ari da nahi zenuten herri eredua martxan jartzea?

Bai. Askoz ere zailagoa. Uste genuen erosi eta dena martxan jarriko genuela. Baina dena zaildu eta mantsotu da. Landa eremua husten ari da, eta horrek, ustez, kezka sortzen du, baina zaila da herriotara itzultzeko bidea.

Komunitatea osatzea duzue helburu?

Bai. Hori oso garrantzitsua da guretzat. Horregatik ari gara auzolanean. Eliza izanen da denen arteko komunitatea osatzeko tokia.