Bide luze baten lehen urratsa

Bide luze baten lehen urratsa

Ane Eslava

Borroka luze baten ostean lortu dute. Amiantoaren biktimek urteak daramatzate eskatzen kendu ditzatela mineral horrekin egindako eraikin, teilatu eta material guztiak, eta, azkenean, Nafarroako Gobernuak pausoa eman du: amiantoa ezabatzeko plan zuzentzailea onartu du. Biktimak pozik daude, halako egitasmo bat onartzen den lehen aldia delako, baina ohartarazi dute hura aurrera ateratzea “zaila” izango dela, eta arazoa “presazkoa” dela.

Amiantoa mineral oso toxikoa da, eta, bere arroka naturaletatik erauziz gero, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du. Zuntz horietako bakar bat irentsiz gero, birika albeoloetan iltzatuta gera daiteke, eta hasieran ez du sintomarik sortzen, baina, 30 bat urteren ostean, hainbat eritasun eragiten ditu. Pleurako mesotelioma da ohikoena, baina beste batzuk ere badira: minbizia, asbestosia, perikardioa… Gaitz horiek ez dute sendabiderik; gaixoek kimioterapia jasotzen dute, gaixotasunaren kalteak moteltzeko; baina ez dira sendatzen.

AEBetatik ekarri zen amiantoa, XX. mendean, eta erruz erabili zen industrian, inolako babesik gabe. Lantegietara eramaten zituzten kutxek arriskuaz ohartarazteko zigiluak zituzten; baina, kutxak sartzean, zigilu horiek kentzen zituzten. Europako Batasuna 1983an hasi zen amiantoaren erabilera erregulatzen, baina 2005era arte ez zuen guztiz debekatu. Ordurako toki askotan zegoen: eskoletan, lantegietan, etxeetan… Gaur egun, hor jarraitzen du, eta, deskonposatuz gero, edonork arnas dezake.

“Ezkutuko gaitz bat da”, laburbildu du Maria Asun Fernandezek. Amiantoak kalte egindakoen artean dago Fernandez, eta Ananar Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteko presidentea da. “Oso positibotzat” jo du Nafarroako Gobernuaren egitasmoa, baina arazoak erantzun azkarrak eskatzen dituela adierazi du. “Izan ere, inork ezin du jakin gaur egun jendea kutsatzen ari den edo ez; kaletik paseatzen ari zarela kutsatu zaitezke, eta hemendik 35 urtera minbizia izan”.

Nafarroako Gobernuaren dokumentuak aditzera eman du, lehen aldiz, herrialdean dagoen amianto kopurua. Datua kezkatzeko modukoa da: uralita edo zuntz zementuzko 6,37 milioi metro koadro daude, eta kanalizazioetako 566 kilometro. Gainera, oraindik zenbatu ezin den ezkutuko fibrozementua ere badela esan du gobernuak.

Lanean kutsatutako gaixoei dagokienez, 2018an 3.192 pertsona zeuden Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko erregistroan. Horiek Nafarroako Ospitale Guneko Pneumologia zerbitzuko jarraipena dute. Bestalde, kalkulatu dutenez, pleurako mesotelioma kasuen %20 ez dira lanean kutsatutakoak, ingurugiro esposizio bidez kutsatutakoak baizik.

“Oso kopuru larriak dira, eta, orain arte, gainera, ez zieten inolako garrantzirik ematen”, nabarmendu du Ananarko presidenteak. Halere, “kontent” dago azkenean datuak eskura izateagatik, asko kostatu zaielako lortzea gobernuak zenbaketa egitea.

Fibrozementuak 30 eta 50 urte arteko bizitza erabilgarria dauka. Horren ostean, zuntzetan desegiteko aukera areagotu egiten da. Beraz, kalkulatu dute instalatuta dauden materialen %65ek izango dutela agortua bizitza erabilgarria 2020rako, eta guztiek, berriz, 2040rako. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko irizpen batek agintzen duenez, 2032. urterako EB osoko amianto guztiak kenduta egon beharko luke. Hori dela eta, esku hartzea “urgentziazkoa” dela azpimarratu du Fernandezek: “Egin beharrekoa orain egin dezatela. Ezin dugu 2040ra arte itxaron. Jende gehiegi hil da dagoeneko”. Gobernuaren urratsa hauteskundeei begirako estrategia bat ez izatea espero duela esan du Ananarko presidenteak.

Nafarroako Gobenuraren aurreikuspenen arabera, amiantoa kentzeko planak 245 milioi euroren kostua izango du, eta hamabi urte iraungo du. Administrazioko teknikari talde batek diseinatu du plana, eta fibrozementuzko estalkien teledetekzioa eta geolokalizazioa, berriz, Tracasa enpresa publikoaren eta NUPeko Ingeniaritza Departamentuaren ardura izan da. Hornikuntza eta saneamendu mankomunitateei fibrozementuzko kanalizazioen inguruko informazioa eskatu diete, eta, azkenik, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoari eskatu diote txosten bat egin dezala, amiantoa kendu ondoren zabortegian biltzeko aukerak aztertzeko.

Plan zuzentzailean garrantzi handia eman diete amiantoa segurtasunez kentzeko hartu beharreko neurriei, langileen osasuna bermatzeko. Bestalde, herritarrei zuzendutako informazio kanpainak eta talde zein profesionalentzako formakuntza egitea ere proposatu dute.

Ikerketa eta konpentsazioa

Amiantoa kentzea egin beharreko urrats nagusietako bat da, baina ez bakarra; hori uste du Ananarko presidenteak. Horrekin batera, amiantoarekin lotutako gaixotasunen inguruko ikerketa bultzatzea ere ezinbestekoa dela uste du. “Elkartean, baina, ez dugu diru laguntzarik jasotzen ikerketarako, eta Gizarte Segurantzak ez du ezer egin ikerketaren arloan”, salatu du. Ananar elkarteko kideak Nafarroako Unibertsitate klinikarekin lanean ari dira, ikerketa batean, baina Fernandezek azpimarratu du “prest dagoen edozeinekin” lan egingo dutela.

Bestalde, kaltetuentzako konpentsazio funts bat sortzea ere eskatzen dute. Dagoeneko lortu dute Espainiako Kongresuak funts baten sorrera onartzea. “Hiru zutabe horiek eskutik helduta egon beharko lukete: amiantoa ezabatzea, ikerketa eta kopentsazioa”, azaldu du Ananar elkarteko presidenteak. Eta neurriak hartzen hasteko garaia badela gaineratu du, “berandu baino lehen”.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku