Elkartasuna ehuntzen

Elkartasuna ehuntzen »

Asier Garcia Uribarri

Maiatzaren 6a mugarri bilakatu nahi dute Iruñeko Alde Zaharrean. Egun horretan, sakabanaketa politikaren aurka inoiz egin duten mobilizaziorik handiena egin nahi dute auzokideek. Horretarako, txikitik handira joko dute. Auzokide, merkatari eta elkarteetako kideak kalez kale bildu nahi dituzte sakabanaketaren aurkako argazkia atera dezaten. Ohiko mobilizazioetatik harago, norbanakoen parte hartze zuzena bilatu nahi du sortu berri den Arrazoiak auzo ekinbideak. Ildo berean, sakabanaketa salatzeko sinadura bilketa “erraldoia” martxan jarriko dute apirilaren 24tik maiatz erdialderaino. Helburua argi dute: “Alde Zaharra sakabanaketa politikaren aurkako auzo izendatzea”.

Arrazoiak auzo ekinbideak martxoaren 30ean egin zuen aurkezpen publikoa, Iruñeko Udaletxeko plazan. Dozenaka pertsonak, kolore ezberdinetako oihalak eskuan zituztela, Alde Zaharreko hiru burguak irudikatu zituzten, plaza erdian auzoko bost euskal presoen egoera deskribatzen duten panelak zeudela. “Alde Zaharrean bost euskal preso ditugu, eta hurbilen dagoena 500 kilometrora dago. Gainera, Josetxo Arizkurenek bihotzeko gaitza du, eta Iñaki Beaumontek zigorraren hiru laurdenak beteak ditu”, adierazi du Arkaitz Zudaire Arrazoiak ekinbideko kideak.

Ekinbidea martxo bukaeran aurkeztu bazuten ere, Zudairek dio hilabeteak daramatzatela proiektua lantzen. “Auzoan hutsune bat ikusten genuen euskal presoen gaiarekin, ez zen behar bezala lantzen, eta horrek eragin zezakeen gaiak zentraltasuna galtzea”. Zudaireren aburuz, euskal presoen eskubideak bermatzea gutxieneko bat izan beharko luke, baina, gaur egun, ez da hori ere betetzen. Horrez gain, “gaur egungo fase politikoan gatazkaren ondorioei irtenbide bat emateko” beharra dagoela nabarmendu du.

Faktore horiek kontuan izanda, alor ezberdinetako hainbat kide biltzen hasi ziren, eta hortik sortu ziren lehen bi ekinbideak: elkartasuna kalez kale agertzeko mobilizazioa eta sinadura bilketa. “Proposamenak planteatzen hasi ginenean, bi aukera horiek bururatu zitzaizkigun. Beraz, bata edo beste aukeratu beharrean, biak uztargarriak zirela pentsatu genuen. Sinadura bilketa masiboa egin nahi genuen, eta, hori indartzeko, kalez kaleko ekinbidea eta maiatzaren 6ko eguna antolatuko ditugu”. Egun horretan ez baitituzte soilik sakabanaketaren aurkako argazkiak aterako. Kalez kaleko ekimenaren ostean, Udaletxeko plazan ekitaldia egingo dute, eta, behin hori bukatuta, elkartasun festa antolatu dute: herri bazkari, kalejira, kontzertu eta abarrekin.

Jendearen parte hartzea

Ohiko baliabidea izan ohi da sinadurak biltzea aldarrikapenen bat egiteko. Arrazoiak-ekoek sinadura “kopuru handi bat” lortu nahi dute auzoa sakabanaketaren aurkakoa dela esan ahal izateko. Horretarako, apirilaren 24tik aurrera etxe guztietako postontzietan utziko dituzte sinatzeko orriak. Horrekin batera, auzoko hainbat denda, elkarte eta egoitzatan postontzi bereziak jarriko dituzte jendeak bere sinadura utz dezan. “Sinadura bilketa Aste Santutik bueltan jarriko dugu martxan, eta hilabete iraungo du. Maiatzaren 6a erdian izango da, eta egun hori giltzarri izatea nahi dugu”.

Hori guztia aurrera eramateko harreman sare handia sortzen ari dela nabarmendu du Zudairek. “Kaleetako argazkia koordinatzeko kale bakoitzeko auzokideekin harremanetan jartzen ari gara, euren kaleko argazkia dinamiza dezaten. Kontuan hartzen badugu auzoan 52 kale daudela, gutxienez 52 pertsona behar ditugu ardura batekin”. Era berean, sinadurak biltzeko postontziak jartzeko merkatari, elkarte eta kolektiboen oniritzia behar dute. “Postontzia euren negozioan edo egoitzan jarrita parte hartzen dute”.

Ildo berean, maiatzaren 6ko egunak “auzo izaera” izan dezala nahi du Zudairek. “Ez dugu nahi soilik sektore politiko bateko jendea mobilizatzea, gure ohiko guneetatik harago joan nahi dugu. Horregatik, egun horretan parte hartuko dute auzoko hainbat kultura eta musika taldek”.

Ekinbidea aurkezteko, oihalak eskuetan hartu zituzten auzokideek. Hurrengo asteetan, berriz, elkartasuna da bizilagunen artean ehundu nahi dutena. Lan handia duten arren, pozik dago Zudaire, uste baitu sakabanaketa bukatzeko “arrazoiak egon badaudela”.

Bonbek isildu zuten tenorra

Bonbek isildu zuten tenorra »

Edurne Elizondo

Isidoro Fagoaga izena du Berako musika eskolak. Izen horren atzean dagoen izana, ordea, ezezaguna da tenor eta idazle izandako gizon horren herrikide anitzentzat. Ahanzturak jan du haren memoria. Orain arte. Bere garaiko abeslari nagusietako bat izandakoarekin duten zorra kitatzen hasi nahi dute beratarrek, eta Fagoaga ezagutzeko eta omentzeko egitaraua prestatu dute, Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean.

Erakusketa zabalduko dute hilaren 21ean, adibidez, eta, 28an, berriz, tenorrari buruzko hitzaldia eginen du German Ereñak. Eibarko txistu bandako kide da Ereña, eta Fagoagari buruzko biografiaren egilea. Argitaratzeko zain da. Beratarrak erakutsitako konpromisoa nabarmendu du Ereñak, bertze edozer gauzaren gainetik. Izan ere, Cataniako Bellini antzokian Walkyrya opera abestu eta gero, Gernika bonbardatu zutela jakin zuen Fagoagak, eta Italia eta oholtzak betiko uztea erabaki zuen, ondorioz. Erabat hunkitu eta ukitu zuen Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertatutakoak, eta bonbek betiko isildu zuten Berako tenorraren ahotsa. “Mutu bilakatu zen, Italiak Franco lagundu zuela salatzeko”.

“Julian Gaiarre denok ezagutzen dugu, baina Euskal Herrian, Bortzirietan, Beran, izan zen beste abeslari handi bat”, nabarmendu du Ereñak. Goi mailako tenor dramatikotzat jo du beratarra, hain zuzen ere. “Italiako nagusia izan zen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan”. Richard Wagnerren operak kantatzeko erakutsi zuen trebezia aipatu du Ereñak, bereziki, bai eta aktore gisa izan zuen indarra ere. Tenorraren gainetik, halere, “gizon apal eta zintzoa” gailendu zen. “Gailurrean zela, dena uztea erabaki zuen, bere buruarekin zintzo jokatzeko”, berretsi du Ereñak.

Berako Ilekueta auzoko Agramontea etxean sortu zen Isidoro Fagoaga, 1893. urtean. Hamalau urterekin, Argentinara joan zen, han bizi zen osabarengana. Florencio Constantino eta Titta Ruffo abeslariak ezagutu zituen Buenos Airesen, eta, haien eskutik, Italiara joateko urratsa egin zuen. Kantuan ikasi nahi zuen.

Parma hirian, Campanini lehiaketan parte hartu zuen Fagoagak, eta hirugarren sailkatu zen, Gigli eta Merliren atzetik. “Lehen mailako abeslariak ziren horiek”.

Txapelketak Parmako kontserbatorioko ikasle izateko aukera eman zion Isidoro Fagoagari. “Lehen Mundu Gerra piztu zenean, ordea, eskola ospitale bilakatu zuten, eta Berara itzuli behar izan zuen”, azaldu du Ereñak.

Gogorra izan zen itzulera tenorrarentzat. Baina ez zuen etsi. Iruñeko Orfeoiarekin hasi zen lan egiten, eta, Nafarroako Diputazioak emandako beka bati esker, Madrilen jarraitu zituen Italian hasitako ikasketak, Iribarne irakaslearekin. 1919. urtean egin zuen debuta, hiri horretako Gran Teatro antzokian, Sanson y Dalila operarekin.

Fagoagak, halere, Italian jo zuen goia tenor gisa. “1920-1921. urte inguruan egin zuen debuta Napolin; garai hartan, Wagnerren obra nagusiak kanta zitzakeen abeslari onik ez zen Italian. Fagoaga horretan espezializatu zen; italieraz abesten zuen, eta aktore bikaina zen, gainera. Milango Scala antzokian zazpi denboraldi egin zituen”, gogoratu du Ereñak.

Abeslari eta idazle

Richard Wagnerren operak bereziki maite ditu German Ereñak. “Sakonak dira, transzendentalak”. Zaletasun horrek eraman zuen, duela hainbat urte, Isidoro Fagoaga zena hobeki ezagutzeko lanari ekitera. “Martin Ugalderen Hablando con los vascos liburua hartu, eta hantxe jaso nuen Fagoagaren berri”. Wagnerren operak kantatzeko haren gaitasunak erakarri zuen, lehendabizi, baina, tenorraren ibilbidean sakondu ahala, bertze hamaika esparruk ere eman diote atentzioa Ereñari.

Idazle gisa egindako lana jarri du mahai gainean, adibidez. “Fagoagak berak esan zuen abeslari baino gehiago idazle zela”. Beratarrak idatzitako lehendabiziko lanak, halere, bazuen musikaren arloarekin harreman estua, Julian Gaiarreri buruz egin baitzuen, eskolako kideekin Erronkarira bidaia egin eta gero.

Hainbat libururen egilea da Fagoaga, eta prentsan ere, zenbait hedabidetarako aritu zen, Euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere. Idazteko lana, batez ere, antzokiak utzi eta gero garatu zuen Fagoagak. Italia utzi zuenean, Donibane Lohizunen hartu zuen aterpe beratarrak. Handik, harreman estua izan zuen bertze hamaika euskal errefuxiaturekin. Poesia topaketak antolatu zituen haietako hainbatekin, bertzeak bertze.

“Bere garaiko intelektualekin ere bazuen lotura: Sorozabal eta Escudero konpositoreekin, adibidez; agertu dira, halaber, Barandiaranen edo Jose Antonio Agirreren gutunak. Barojatarrekin ere izan zuen harreman handia, Beran Itzea etxea baitzuten, eta Fagoagak oporrak sorterrian ematen baitzituen”, erantsi du Ereñak.

1937an utzi zuen Fagoagak Italia, eta 1948an argitaratu zuen Pedro Garat, el Orfeo de Francia bere lehendabiziko liburua. 11 urte horietako bidea, hala ere, ez zen erraza izan Berako tenorrarentzat. Antzokia bazter uztea erabaki eta gero, Iparraldera mugitu zenean, atxilo hartu eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Hilabete bat egin zuen han, 1940. urtean. “Baldintzak oso txarrak izan ziren; Fagoagak, batez ere, askatasunaren falta sumatu zuen, idatzita utzi zuenez”.

Handik atera eta Donibane Lohizunera itzuli zenean, hankaz gora aurkitu zuen Fagoagak bere etxea. “Han zuen altxorretako bat lapurtu zioten: Julian Gaiarreren lehen kontratu artistikoa”, kontatu du Ereñak.

Ahanzturaren aurka

1964. urtean Donostiara mugitu zen Isidoro Fagoaga. “Hitzaldiak ematen zituen, eta jarraitu zuen idazten”. Hainbat omenaldi egin zizkioten garai hartan, gainera. Orduko berotasuna, halere, epelduz joan zen. “Tamalez, gaur egun, ezezaguna da Isidoro Fagoaga jende askorentzat”, erran du Erañak, tristuraz. Iruñeko Orfeoiaren kasua aipatu du. “Erakunde horretako kide izan zen; kantuan aritu zen, eta ohorezko bazkide ere izendatu zuten; gaur egun, ordea, erakunde horrek ez dio inolako aitortzarik egin Fagoagari”.

Bere ideiekin erabateko konpromisoa erakutsi zuela erantsi du Ereñak, baina ez zela alderdi jakin bateko kide izan inoiz. Horregatik uste du Fagoaga ahaztu egin dutela. “Ez da izan etekin politikoa lortu ahal izateko pertsona bat”. Fagoagaren apaltasuna berretsi du Ereñak. Izan ere, abesteari uzteko erabakia hartu eta gero, tenorrak ez zuen horri buruzko azalpenik eman inoiz. “Bonbarkadetari buruzko bere iritziaren berri eman zuen bere lehen liburuetan, baina ez zuen hartutako erabakia nabarmendu”.

Ereña kontent da Berako agintariek orain egin duten urratsarekin. Isidoro Fagoagaren berri zabaltzea ezinbertzekotzat jo du. Argi du Euskal Herri osoa zorretan dela tenorrarekin, eta badela ordaintzen hasteko garaia. Datozen hilabeteotan eginen dituzten erakusketak, hitzaldiek, mahai inguruek eta bertzelakoek emanen diete horretarako bidea beratarrei eta herrira bilduko direnei.

1971. urtean, El teatro por dentro izenburuko bere seigarren liburua argitaratu zuen Fagoagak. Donostian bizi zen orduan, eta hiri horretan zendu zen, handik gutxira, 1976. urteko martxoaren 15ean. Beran egin zuten tenorraren aldeko hileta elizkizuna.

Herri horretan, Isidoro Fagoagaren izena du musika eskolak. Ikasleek ere parte hartuko dute herriko tenorraren omenezko programan. Izena izanarekin jantzi ahal izanen dute, azkenean, Agramontea etxean sortutako abeslariaren herrikideek. Bilbon, haren izena du karrika txiki batek. Beran ere merezi duela argi du Ereñak. Mahai gainean utzi du ideia. Fagoagaren herrikideek har dezaten. Bada tenorea.

Arnasa hartzeko ebazpenak

Arnasa hartzeko ebazpenak »

Edurne Elizondo
Mahai gainean ziren bi proiektu bazter utzi dituzte. Ingurumenari kalte egiten ziotelako, herritarrek haien kontra egin dute urte luzez, eta lan horrek eman du fruiturik: batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Zilbetiko Antzer…

Etorkizunak ihes egin die gazte langileei

Etorkizunak ihes egin die gazte langileei »

Kattalin Barber

Gazteak dira, eta ikerlariak. Soziologiako ikasketak amaituta, eta lan merkatuan haien diziplina aurrera eramateko aukera gutxi zituztela ohartuta, haien kabuz ikerketa bat egitea erabaki dute: Poniendo en forma a la juventud. Decathlon y la situación laboral de los jóvenes en Navarra (Gazteak sasoian jartzen. Decathlon eta Nafarroako gazteen lan egoera) ikerlana egin dute sei gaztek. “Gure ezagutza praktikan jartzeko modu bakarra da, inkestetatik harago”, dio Xabier Elizalde soziologoak.

Prekaritatea jasaten dute haiek eurek, eta Nafarroako gazte askoren errealitatea aztertu dute, Decathlon enpresa abiapuntu hartuta. Ehunka gaztek lan egiten dute edo egin dute bertan, eta “gaur egungo panoramaren isla” da saltoki handia. “Beste enpresa askotan bezala, lan baldintza kaskarrak, prekaritatea eta malgutasuna dira Decathlonen ezaugarriak”, azaldu du Gari Lopezek. Haiekin batera, Xabier Torrea, Felipe Lopez, Ander Gorraiz eta Anchel Reyes aritu dira ikertzaile lanetan.

Bi urteko lana izan da, eta inolako aurrekonturik gabe aurrera atera dute. Bidean “gorabehera” asko izan arren, pozik agertu dira lortutakoarekin. “Ez dugu nahi kaxoi batean geratzea; espero dugu gizartearentzat erabilgarria izatea”, adierazi du Lopezek. “Kontzientziak berpiztu nahi ditugu”, gaineratu du Elizaldek.

Decathlonen lan egiten duten pertsona ia guztiak gazteak dira. Kirolari edo kirolzaleak izatea izan ohi da beste baldintza bat. Gazteei aldi baterako kontratua eskaintzen diete, eta zenbaitetan egun bakarreko kontratua ere izaten da: “Hasieratik argi dute gazteek haien lanak iraungitze data duela. Sei hilabete pasatu eta gero, lan kontratuak mugagabea izan behar du, baina enpresari ez zaio komeni, eta kalera botatzen dituzte”, dio Lopezek.

Horrek ondorio larriak dituela salatu du Elizaldek, gazteen “desegonkortasuna” bilatzen eta sustatzen duelako enpresak: “Gazte askok behartuta ikusten dute beren burua horrelako lanak onartzera, merkatuan ez dagoelako beste aukerarik, eta dagoenarekin konformatu behar dute”. ELA sindikatuak aditzera eman duenez, Nafarroako gazteen langabezia tasa %38,1ekoa da.

Adierazi dutenez, bertan lan egiten duten gazteek ere ez dute beren burua ikusten Decathlonen urte luzez. Aldi baterako lantzat jotzen dute. “Alde batetik, aldi baterako lanak egitera ohituta dauden gazteak daude, eta, bestetik, goi mailako ikasketak dituzten gazteak eta lehendabiziko lan bat behar dutenak. Askorentzat, Decathlon lan merkatuan sartzeko aukera bat da, eta baldintzak onartzera behartuta daude”, azaldu du Lopezek.

Enpresek ere hori sustatzen dutela argi dute bi soziologoek. Aldi baterako lanak, egonkortasunik eza, lansari txikiak eta langileen malgutasun handia dira Decathlonen ezaugarri. Malgutasuna eta prekaritatea txanpon beraren bi aldeak direla diote, hain zuzen ere.

Joan-etorri prozesua

Egoera horrek guztiak ondorioak ditu, eta ez bakarrik gazteen lanetan. “Nafarroako egoera orokorrarekin alderatuta, ‘joan-etorri prozesuan’ daude gazteak, bai lanean, bai beren bizitzan ere: etxetik joaten dira, emantzipatzen dira, etxera itzultzen dira… Horrek zerikusia du enpresek eskaintzen duten malgutasun eta behin-behinekotasunarekin”, dio Lopezek.

Lan baldintzei buruz hitz egitean aipatzen dute prekaritatea, baina gazteen bizimodura hedatu dela uste dute Lopezek eta Elizaldek. Etorkizuna beltz ikusten dute: “Ez dago horrela bizitzerik. Soldata aldetik ere ez du askorako ematen. Ez da bakarrik Decathlon, arazoa egiturazkoa da. Azken finean, prekaritatearen menpe gaude, eta onartzera eramaten gaitu egoerak. Hori da larriena”, ziurtatu du Elizaldek.

Eredu bezala hartu dute Frantziako enpresa, baina beste edozein izan zitekeela argi dute Elizaldek eta Lopezek. “Gu ere izan gintezke”. Prekaritatea da lan merkatuaren eta gazteen arteko loturaren hari mutur bat: ordukako kontratuak, soldata murritzak, behin-behinekotasun erabatekoa… Enplegua lortu arren oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten langileak dira.

Decathlonen kasuan, lana produkzioaren arabera asko aldatzen dela diote, horrek dakartzan ondorioekin: “Horrek babesik ez izatea eragiten du. Gazteak ez daki zenbateko diru sarrerak izanen dituen hilabetean; enpresaren menpe dago, enpresak nahi duenerako beti prest”. Gazteen egoera lanaren esparruan, oro har, kaskarra da.

Artea, kirola, komunitatea

Artea, kirola, komunitatea »

Edurne Elizondo

Bat, bi hiru; bat, bi, hiru. Atseden hartzeko denborarik ez da. Asteburuko lehia dute La Unica errugbi taldeko emakumeek buruan. Bertzerik ez. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute bertze zazpi talderen aurka, Iruñean, bihar eta etzi. Laugarren aldia da; hirugarrena jarraian. “Etxean aritzea pizgarri handia da guretzat; baina urduriago jartzen gaitu egoera horrek, aldi berean; erantzukizunaren zama sentitzen dugu”. Ainhoa Diaz taldeko kapitainarenak dira hitzak; NUPeko zelaian erran ditu, entrenatzen hasi aurretik. Zaleen babesa jasoko dutela badaki. Eta zaleen artean izanen da, zalantzarik gabe, Cristina Nuñez Bakedano argazkilaria. 2015eko abenduan egin zuen bat taldearekin. Entrenamendu bati buruzko lana egitera joan zen, eta oraindik ez du utzi. Unicas izenburuko obra egin du, Nafarroako Gobernuak sorkuntza sustatzeko emandako laguntzarekin. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan dira zintzilik Nuñez Bakedanok eta laguntza jaso duten gainerako artistek egindako lanak, Hamaika izenburuko erakusketan. Maiatzaren 7a bitarte ikusi ahal izanen da. Gero, nork berea eginen du.

Zelaian dena emateko prest den talde bera irudikatu nahi izan du Nuñez Bakedanok bere argazkietan. Hori baino anitzez ere gehiago. Jokalariak bilakatu ditu bere irudietako protagonista: jokalariak zelaian, baina, batez ere, jokalariak aldagelan, autobusean, elkarri txantxak egiten, elkarri besarkada bat ematen, elkar babesten; bizitzen, elkarrekin bizitzen, sufritzen eta gozatzen; komunitate bat osatzen. “Ez dugu urrun joan behar, nahi ditugun istorioak kontatu ahal izateko; finean, emakumeona bertze anitzen istorioa da”, erran du egileak. “Ezberdinak dira, adin, toki eta inguru anitzetakoak, baina, guztiaren gainetik, errugbiarekin duten konpromisoak batzen ditu”, laburbildu du Nuñez Bakedanok La Unicako emakumeen sekretua.

Familiak medikuntza ikas zezan nahi zuen, baina argazkigintzaren aldeko apustua egin zuen Nuñez Bakedanok, Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan. Publizitatearen esparruan aritu zen, lehendabizi. Ez du utzi, baina freelance moduan egiten du lan orain. Ugandan aritu da, argazkigintza eskola sortu zuen irabazi asmorik gabeko erakunde batekin. Venezuelara joateko asmoa zuen handik itzuli zenean, errugbiarekin lotutako istorio baten berri ematera, baina La Unica agertu zitzaion bidean, eta ezin izan zuen bazter utzi. “Lagun batek eraman ninduen, behin, Arazurira, gizonen errugbi partida bat ikustera. La Unicako emakumeei buruz hitz egin zidan, eta erabaki nuen entrenamendu batera joatea”.

1998an, NUPen

Nuñez Bakedanok ezagutu zituenean, 2015eko abenduan, Arazurin entrenatzen ziren, eta hantxe jokatzen zuten La Unicako emakumeek. Lehendabiziko entrenamendu saio hartako hotza ez zaio ahaztu argazkilariari. Jokalariek ez zutela sumatzen ere gogoan du. Orain, NUPen dute entrenatzeko eta jokatzeko zelaia. Izan ere, taldea hantxe sortu zen, 1998. urtean. Ordutik da kide Arantxa Ursua.

“Iñaki Bengoetxea baztandarrak jarri zuen taldea martxan; NUPera etorri zen, kirol zerbitzura, eta errugbian aritzen zenez, emakumeen taldea osatu nahi izan zuen. Lagun batek aipatu zidan, eta bat egin nuen”, azaldu du Ursuak. NUPen sortu zen, beraz, orain La Unica den taldea. Ez zuen han luze iraun, ordea. 2003an utzi zuten jokalariek unibertsitatea: “NUPen euskararen aldeko protesta bat izan zen; Bilbon jokatu genuen, eta protesta horrekin bat egiteko, pankarta atera genuen zelaian. NUPen ez zuten ontzat jo; entrenatzaileari egotzi zioten ardura, eta kanporatzea erabaki zuten. Jokalariok, ondorioz, alde egin genuen”.

Unibertsitatetik kanpo, beren kabuz ari ziren bertze hainbat emakumerekin bat egin zuten, eta La Unica taldean aurkitu zuten behar zuten aterpea. Gaur arte. Jokalariekin bat egitea ez dela erraza izan onartu du Nuñez Bakedanok. “Hasieran, ikusten ez ninduten sentsazioa nuen; lotsatia naiz ni, baina han nintzela oihukatzeko gogoa sentitzen nuen!”. La Unicako jokalarientzat zelaitik kanpo zegoen kide bat zen argazkilaria, eta horrek ezartzen zuen haien arteko hasierako muga. “Zer egin nahi zuen ere ez genuen ongi ulertzen, hasieran. Bazter batean jartzen zen, eta haren kameraren zarata entzun bertzerik ez genuen egiten”, azaldu du Ainhoa Diaz kapitainak.

Argazkilariak berak egindako irudiak ikusi gabe gorde zituen hasieran. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasotzeko aukera agertu zen arte. Jokalariei erakutsi nahi izan zien, orduan, bere lana. “Argi nuen haiek proiektuarekin bat egin behar zutela aurrera jarraitzeko; bertzela, ez zuen zentzurik izanen”, erran du Nuñez Bakedanok. Ikusi, eta La Unicakoei gustatu zitzaien argazkilariak egindakoa. Aurrera egin zuen argazkilariak. Proiektua martxan zen.

Lehen argazki horiek ikusi zituztenean hasi ziren jokalariak argazkilariaren asmoa ulertzen. Zelaitik kanpoko errealitatea bilatzen zuela, batez ere. Talde bilakatzen dituen elementuak islatu nahi zituela, jokaldi zehatz bat edo partida bateko une jakin bat baino gehiago. Izan ere, La Unicako emakumeak ezagutu zituenean, “komunitate emozional bat” aurkitu zuen Nuñez Bakedanok; hamaika lezio eman dion komunitate sendo eta indartsua.

Ikasi eta ikusitako guztiaren artean, hala ere, bi auzi nabarmendu nahi izan ditu argazkilariak: “Batetik, proiektuak ekarri dizkidan bi haustura jarri nahi izan ditut mahai gainean; egungo gizarteak feminitateari buruz duen kontzeptuaren haustura da lehenengoa; ni neu hamaika estereotiporekin hurbildu nintzen La Unicako jokalariengana, eta denak apurtu dira; bigarren hausturak egungo kirolaren maskulinizazioa jarri nahi du agerian; emakumeak ikusezin bilakatzen dira kirolaren esparruan. Bertzetik, zintzo izan nahi dut, eta argi eta garbi erran bi Iruñea edo bi Nafarroa ezberdin ikusi ditudala La Unicako jokalarien komunitate berean”.

“Bi Iruñea badira, bi Nafarroa”, berretsi du. “Zatiketa kulturala egon da, euskararekin lotutakoa. Orduak eman ditut jokalariei so, eta euripean ikusi ditut, bata bertzearen alde, bata bertzea babesten; Baztangoa eta Iruñeko Gaztelugibelekoa elkarrekin. Emakumeok ez zuten elkar ezagutu izanen errugbiak batu izan ez balitu; pentsatzeko hamaika moduk egiten dute bat taldean, baina haien artean ez dago mugarik. Lezio ederra da hori. Ni neu, Gaztelugibeleko Iruñe horretakoa naiz, euskaraz ez dakit, baina partidetan inor baino ozenago aritu naiz Neskak! oihukatzen. Ezberdintasunak guk jarri nahi ditugun tokian baino ez daude”.

La Unicako jokalariek inork baino hobeki dakite hamaika koloretako taldea osatzen dutela. Hamaika tokitakoak dira, hamaika adinetakoak. 16 urte ditu jokalaririk gazteenak; eta 40 zaharrenak. Ikasleak eta langileak aritzen dira elkarrekin. Eta zerk batzen ditu? errugbiak. Edo, hobeki erranda, kirol horrekiko duten konpromisoak.

“Konpromiso hori zure egiten duzunean, zaila da taldea atzean uztea; finean, konpromiso horrekin lotuta dago dena, ez bakarrik zelaian gertatzen dena; taldea une oro osatzen dugu”, erran du Maialen Marturet jokalariak konpromiso horren atzean zer dagoen azaltzeko. Ultzamakoa da, taldeko bertze hainbat kide bezala. Astean bitan egiten dute bat Iruñean, entrenatzeko. Urrunagotik etortzen da Clara Liso, Ejea de los Caballeros herritik, hain zuzen ere (Aragoi, Espainia). “Ordu eta erdiko bidea dut; baina errugbiak merezi du”.

Errugbiaren koreografia

La Unicako jokalariekin bat egin baino lehen, Jose Lainez eta Concha Martinez dantzariekin lan egiteko aukera izan zuen Cristina Nuñez Bakedanok. Errugbi partidak ikusten hasi zenean ere, “nolabaiteko koreografia” sumatu zuen argazkilariak kirol horren atzean. “Hagitz estetikoa da”.

Errugbian era guztietako gorputzek toki bat dutela nabarmendu du, halaber, Unicas lanaren egileak. “Azkarrak eta mantsoak, indartsuak eta biziak, kirolari bakoitzak badu bere egitekoa”. Argazkilariaren hitzak berretsi dituzte La Unicako jokalariek. “Benetako talde kirola da gurea; ez dago partida irabaz dezakeen izarrik”, erran du Ursuak.

Horrek badu lotura, jokalariaren ustez, errugbian nagusi diren balioekin. “Ez dugu bertze hainbat kirolak duten arrakasta, eta, ondorioz, eutsi ahal izan diegu errugbiak betidanik izan dituen errespetuzko balio horiei; errespetuzko jarrerak nagusi dira haurren artean, bai eta helduen artean ere”, azaldu du La Unicakoak. Partida amaitzerakoan, adibidez, ilaran jarri eta bide egiten diote jokalariek aurkariari. Eta hirugarren zatia deiturikoan, bi taldeek egiten dute bat, elkar ezagutzeko, harremana sendotzeko.

Errugbiaz gozatzen dute La Unicako jokalariek, eta agerikoak dira haien ahaleginaren emaitzak. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute bihar eta etzi. Halere, gizartearen gehiengoarentzat ikusezina da haiek egiten duten lana. “Niri amorrua ematen dit; emakume gisa amorrua eragiten dit jendea egiten dugunaz ez ohartzea; jendearentzat futbola baino ez da existitzen, eta errugbia erabat baztertuta gelditzen da. Saiatzen ari gara eskoletan gure kirola mugitzen, baina zaila da”, salatu du Ane Zabalzak.

Bat, bi, hiru; bat, bi, hiru. Entrenamendua hasteko ordua da. Beren maila erakutsi nahi dute La Unicako jokalariek asteburuan. Kirolari langileak direla, eta onena emateko prest direla. “Gozatzera aterako gara zelaira; igotzea lortzen badugu, ikusiko dugu zer egin”, erran du Ainhoa Diaz kapitainak. Korrika egiten hasi da; ondoan ditu Urzua, Zabalza, Haizea Donamaria, Ana Mariñelarena, Ixiar eta Maddi Brako ahizpak, Maialen Marturet eta taldea osatzen duten gainerakoak. 35 dira denera. Jokalariak, emakumeak. Komunitate bat, kameraren objektiboaren jomugan.

Langileak epaitegira

Langileak epaitegira »

Edurne Elizondo

Ez dago egun onik kaleko saltzaile garenontzat”. Lamine Bathilyk erran zituen hitz horiek, Iruñean, joan den martxoaren 22an, SOS Arrazakeria erakundeak antolatutako jardunaldietan. Bartzelonan sindikatua sortu dute kaleko saltzaileek, bat egin, eta beren jardueraren kriminalizazioari aurre egiteko, eta elkarte horretako kide da Bathily. Nafarroan ez da gisako erakunderik. Egia da Bartzelonan baino kaleko saltzaile gutxiago aritzen direla herrialdean, baina aritzen direnentzat ere, hangoentzat bezala, egun onik ez dago. Bathilyk mahai gainean jarritako errealitatea bera da kaleko saltzaile guztientzat, eta errealitate hori salatu nahi izan du Paperak eta Eskubideak Denontzat plataformak, Iruñean, Senegalgo bi kaleko saltzaileren aurka egindako epaiketaren egunean: protesta egin du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Joan den ostiralean deitu zituzten Bilbon bizi diren bi kaleko saltzaileak Nafarroako auzitegira. 2013. urtean, Lizarrako bestetan izan ziren, eta han atzeman zituen Poliziak. Ostiralean, hainbat herritarren babesa jaso zuten. Urduri ailegatu ziren senegaldarrak epaitegira, eta nahiago izan zuten adierazpenik ez egin. Behin eta berriz eskertu zuten, hala ere, jasotako elkartasuna eta berotasuna. “Eskerrak eman bertzerik ezin dugu egin”, erran zuten biek, epaitegitik atera zirenean.

Sententziaren zain gelditu da beren auzia. 1.500 euroko isuna eskatu du fiskalak saltzaile bakoitzarentzat. “Hasiera batean, markentzako kalte-ordaina ere eskatu nahi izan zuen, baina hori bertan behera gelditu da, azkenean, zorionez. Kontua da perituak dendako produktuen salneurria hartzen duela kontuan saltzaileon aurkako auzietan, eta, ez, ordea, karrikan duena”, azaldu zuen SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek, Iruñeko joan den ostiraleko epaiketa amaitu eta gero.

Kaleko saltzaileen aurkako “jazarpena” salatu du behin eta berriz SOS Arrazakeriak, hain zuzen ere, eta, senegaldarren aurkako epaiketa dela-eta, babesa eta elkartasuna agertu nahi izan die erakunde horrek karrikan aurrera egiten ahalegintzen diren langile guztiei. Ostiraleko epaiketa salatzeko egindako elkarretaratzean parte hartu zutenek argi utzi zuten tokikoak bertakoak eta kanpokoak, denak direla langile, eta, ondorioz, langile borrokatzat jo zuten karrikako saltzaileen aldeko aldarria ere.

Jarduera horren “kriminalizazioa” salatu du Villahizanek. “Kaleko salmenta da paperik ez dutenentzako aukera bakarra, kasu anitzetan; haien kontra egiten du sistemak, ordea, eta ez da bidezkoa”. Zigor kodearen erreformak berez zaila zen egoera are zailago bilakatu duela erantsi du SOS Arrazakeriako kideak, gainera. “Gogorragoa da”. Iruñeko epaiketan erreformaren aurreko legedia izan dute kontuan, 2013an atzeman zituztelako kaleko saltzaileak; erreforma hori egin aurretik, alegia.

Epaiketaz harago, kaleko saltzaileen egunerokoa jarri nahi izan du SOS Arrazakeriak erdigunean. “Guztiok dugu gure eskubide guztiak bermatuta lan egiteko eta bizitzeko eskubidea; kaleko saltzaileen jarduera arautzeko ordua da”, eskatu du Villahizanek.

Zigorraren ondorioak

Kaleko saltzaileen jarduerak jaso dezakeen zigorra epaileak agintzen duenaz harago doala nabarmendu du SOS Arrazakeriak. “Zigor aurrekariak izateak ondorio larriak ekartzen ahal ditu migratzaileentzat; gerta daiteke paperik ez dutenek beren egoera erregulatzeko aukerarik ez izatea; paperak dituztenek ere horiek berritzeko aukera gal dezakete”, nabarmendu du SOS Arrazakeriako kideak.

Errealitate horrek pertsonen oinarrizko eskubideak bazter uzten dituela salatu du erakunde horrek, eta egoerari “behingoz” aurre egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzela, kalean saltzeagatik epailearen aurrera joan behar izaten duten migratzaileek kanporatzeko agindua jaso dezakete; babesgabe gelditu daitezke, “erabat”. “Kanporatzeko aginduaren mehatxua ezin dugu onartu; ezta pertsona horiek atzerritarrentzako zentroetan ixtea ere”, nabarmendu du Villahizanek.

Senegalgo saltzaileen auzia sententziaren zain gelditu da. Absoluzioa eskatu du haien abokatuak, eta absoluzioa espero dute saltzaileek eta SOS Arrazakeriako kideek ere. “Ez dezagun berez zaila den egoera bat are zailago eta gogorrago bilaka”, erran du Beatriz Villahizanek. Epaitu dituzten biak eta kaleko gainerako saltzaileak ditu gogoan. Langileak.

Bizarra arma politiko bilakatzen denekoa

Bizarra arma politiko bilakatzen denekoa »

Edurne Elizondo
Bizarra ilea baino anitzez ere gehiago izan daiteke emakume baten aurpegian ateratzen denean. XV. mendetik badira andre bizardunen inguruko aipamenak, baina, gaur egun, iletsu izatea borroka politikorako ezaugarri bilakatu da, binarismo…

Aisialdiaren arloaz harago

Aisialdiaren arloaz harago »

Edurne Elizondo

Poliziak San Anton karrikako etxe okupatu bat hustu duen aste berean egin dute Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek urteko topaketa, Iruñean. Arrotxapea auzoko gaztetxea izan da jardunaldien egoitza, Alde Zaharrekoa azarotik baitago itxita, Iruñeko Udalaren aginduz. Ostiralean hasi, eta igandera bitarte aritu dira parte hartzaileak autogestioari, gaztetxeen defentsari eta botere harremanei buruz gogoeta egiten, bertzeak bertze. Ondorio nagusi bat jarri dute mahai gainean: autogestioari lotutako teoria eta praktika arlo guztietara zabaltzeko beharrarena, hain zuzen ere.

“Aisialdiaren esparrutik ateratzea kosta egin zaio gaztetxe askori, baina urrats hori egiteko ordua da; autogestioa aisialdiaz harago landu behar dugu, jarduera politiko orokor bilakatu ahal izateko”. Jesus Villarorenak dira hitzak. Topaketan parte hartu du. Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kide ere bada. Hagitz kritiko agertu da Iruñeko Udalaren eta, zehazki, Joxe Abaurrea zinegotziaren jarrerarekin. “Ez dute batere zintzo jokatu”. Udalaren eta gaztetxeko kideen arteko negoziazio prozesuan parte hartu zutenetako bat da Villaro. Nabarmendu du harremana “zaila” izan dela. Argi du erakundeak “legearen agintearen pean” mugitzen direla, eta garbi utzi du negoziazio prozesuari baiezkoa eman ziotela erakundeon jarduera ez baldintzatzeko. Erantsi du egindako bidea “zaila eta malkartsua” izan dela, ordea, eta udalak ez duela gertatutakoaren “benetako kontakizuna” egin.

Villarok uste du karrika dela errealitatea aldatzeko dinamiken berezko tokia, eta herri mugimenduen autonomia bermatu behar dela. “Hala ez bada, zer? Injustiziak herriak berak ez baditu geldiarazten, nork eginen du?”. Testuinguru horretan ulertzen du Villarok gaztetxeen eta gazte biltzarren zeregina. “Gero eta argiago dugu autogestioa errealitatea iraultzeko praktika politiko bat izan daitekeela”, nabarmendu du.

Hasitako lanari segida

Urtean behin egiten dute topaketa Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek. Laudiokoa (Araba) izan zen lehendabizikoa; Oñatikoa (Gipuzkoa) bigarrena; eta Iruñeko aurtengoa, berriz, hirugarrena. Oñatiko topaketan hasi ziren autogestioaren dimentsioa zabaltzeko beharra jorratzen, eta orduko gogoetari segida eman nahi izan diote Iruñekoan. “Iruñean gaztetxeen aldeko mugimendu sendoa bazelako ere erabaki genuen hemen egitea”, azaldu du Villarok.

Alde Zaharreko gaztetxea itxi dute, baina Arrotxapekoa martxan dago oraindik, eta, azken urteotako dinamiken ondorioz, gainera, Barañainen ere, bertzeak bertze, badute gaztetxe berria. “Oztopoak oztopo, autogestioaren aldeko grina hor dago”, nabarmendu du Alde Zaharreko gaztetxeko kideak. Husteko mehatxua da Arrotxapeko gaztetxeak, adibidez, aurrez aurre duen oztopoetako bat. Villaro bera sententziaren zain dago, iazko abenduan Sarasateko eraikin bat okupatu eta gero izandako istiluengatik. Eraikinetik kanpo atxilotu zuten. “Poliziaren azpijokoa izan zen”. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu diote, eta mila euro baino gehiagoko isuna. Bertze bederatzi lagun daude auzipetuko ote dituzten zain.

Zain, baina lanean. Villarok zehaztu du Iruñeko topaketan ez dutela proiektu guztiek parte hartu, baina uste du Iruñerriko, Sakanako, Baztango eta Lizarraldeko gaztetxeen bidez argi gelditu dela lanerako gogoa. Gaineratu du badirela autogestioaren esparrua zabaltzeko hainbat proiektu martxan, jada, eta horren adibide jarri ditu, adibidez, elikadura subiranotasunaren aldeko dinamikak. Bertzelako gaiei heltzeko asmoa eta beharra aipatu du, gainera: “Energiaren auziari, adibidez”. Bada lana egiteko. Gogoa ere bai.

Zuzenean, bitartekaririk gabe

Zuzenean, bitartekaririk gabe »

Edurne Elizondo

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzua zaharrenetakoa da Iruñean. 1970eko hamarkadan jarri zuten martxan Iruñeko Udalak eta Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek. Nafarroako Gobernuak zuen, orduan, zerbitzuaren ardura, baina udalaren esku utzi zuen 1997an. Hurrengo urtean, zerbitzua zuzenean kudeatzen hasi zen erakunde hori. 21 langile hasi ziren, 1998ko martxoan, eta haien artean zen Nerea Esparza, gerora osatutako Asimec enpresa publikoko langile batzordeko burua. Ia hasieratik ari dira herritarrak etxean artatzeko zerbitzuan, halaber, Marian Velaz eta Loli Serrano; baina biak, beti, lan hori egin duten enpresa pribatuetan izan dira. Bada aldea, nabarmendu dutenez. “Enpresa baten xedea dirua irabaztea da, eta horrek berekin ekartzen du, gehienetan, langileen lan baldintzek okerrera egitea”, nabarmendu du Serranok. Horregatik, “kontent” da Iruñeko Udalak hartu duen erabakiarekin: hain zuzen ere, bere esku hartu du orain arte bi enpresaren esku egon den zerbitzuaren kudeaketa, eta udaleko langile mugagabe ez-finko bilakatu ditu Asimec eta Sarquavitaen ari zirenak.

Esparzak argi du enpresa pribatuan ari ziren langileen egoerak hobera egin duela aldaketarekin; eta ontzat jo du hori, “zalantzarik gabe”. Kezka agertu du, ordea, orain arte Asimec enpresako kide izan diren langileen etorkizunari buruz. Esparzak nabarmendu du urte luzez borroka egin dutela langileek egun dituzten baldintzak lortzeko, eta beldur direla aldaketarekin atzera eginen ote duten. Ez dira hori onartzeko prest.

“Prozesua hasi bertzerik ez dugu egin, baina lanaren antolaketan arazoak sumatu ditugu; goiz da, eta behar duen denbora emanen diogu udalari. Argi dugu kudeaketa zuzena dela eredurik egokiena, baina adi egonen gara, gauzak ongi egin ditzaten”, erantsi du.

Zerbitzu bat eta bi enpresa; bat publikoa, eta bertzea pribatua. Ia 200 langile. Eta erdian, Iruñeko Udala. Egoera hori atzean uzteko eta langile guztiak multzo berean jartzeko prozesua ezberdina izan da batzuentzat eta bertzeentzat. Hasierako asmoa, gainera, bertze bat zen: langile guztiak enpresa publikoan sartzea, alegia. Halaxe aitortu du udalak berak. “Oposizioan ginenean ere argi ikusten genuen bazela tartea zerbitzuak hobera egiteko; lehen apustua langile guztiek enpresa publikoan bat egitea izan zen”, azaldu du Edurne Eginok, Gizarte Ekintzako eta Garapen Komunitarioko zinegotziak. Udaleko zerbitzu juridikoek, ordea, txostena egin zuten, eta bazter utzi zuten aukera hori: “Enpresa publikoak sinatua zuen hitzarmena hagitz zurruna zen, eta ez zen hura betetzeko modurik langile gehiago hartuz gero”, gaineratu du zinegotziak. Ondorioz, hilaren 1ean errealitate bilakatu zen alternatibaren alde egin zuen udalak: enpresa publikoan eta pribatuan ari zirenak erakunde horretako langile bilakatu ditu.

“Egoera erabat aldatu da guretzat: aldaketak berekin ekarri du gure lana kontuan hartzea eta aitortzea”, nabarmendu du Edurne Arandigoienek. Sarquavitaen aritu da azken urteotan familia langilea. Zerbitzuan duela 13 urte hasi zen, eta, geroztik, Gaztelan fundazioko Miluze enpresako, Ammako eta Azvaseko langile izan da, zerbitzua Sarquavitaeren esku gelditu aurretik. Etxe horien artean, Miluze izan da irabazi asmorik gabeko bakarra. “Enpresetan, finean, zenbaki hutsak izan gara. Beti egin behar izan dugu lan gure eskubideen alde, enpresen, bai eta udalaren aurrean ere. Formakuntzaren esparruan egin ditugun urratsak, adibidez, gure ahaleginen ondorio izan dira”, nabarmendu du Arandigoienek.

Eginok ez du ukatu orain arteko lan baldintzak ez direla egokienak izan. Batez ere, esparru pribatuan aritu diren langileenak. Iruñeko Udalak 2008an sortu zuen Asimec, eta, geroztik, orain arte, enpresa horren esku egon da herritarrak artatzeko zerbitzuaren zati bat. “Esparru publikoan ezinezkoa zen malgutasuna arlo pribatuan aritu diren langileei eskatu zaie; horrek berekin ekarri du, adibidez, ordu gutxiko kontratuak egitea”, azaldu du zinegotziak.

Merkeagoa

Eginok gogoratu du legeak ezartzen duela udalek kudeaketa zuzena hobetsi behar dutela zerbitzu bat ematerakoan; bigarren tokian legokeela kudeaketa hori erakunde autonomo baten esku uztea; hirugarrenean, enpresa publiko baten esku; eta, laugarrenean, azkenik, enpresa pribatu baten esku. “Hemen ez da hori gertatu. Azken hogei urteotan, sinetsarazi nahi izan digute kudeaketa pribatua merkeagoa zela; zerbitzuak enpresen esku utzi ditugu, inolako azterketarik egin gabe. Errealitatea da kudeaketa zuzena gure enpresa publikoa baino merkeagoa ere badela”, erran du udaleko zinegotziak.

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzuaren kasuan, hain zuzen ere, urtean bost milioi euro inguruko aurrekontua beharko duela zehaztu du udalak. Hau da, orduko 27,06 euroren gastua eginen luke batez beste 2017an; kopurua, iaz, 28,46 izan zen. Beraz, %5 merkeagoa litzateke.

Eginok errandakoarekin bat egin du Nerea Esparzak; azken urteotan udalak arlo pribatuaren aldeko apustua egin duela uste du familia langileak ere. “Zerbitzua ez da behar bezala garatu: ez dira garatu gure enpresak zituen gaitasun guztiak”, salatu du. Esparzak, gainera, Asimec enpresa bera sortu zutenean galdu ziren lanpostuak ekarri ditu gogora. “1998an, zerbitzua zuzenean kudeatzen zuen udalak. 2008an sortu zuen Asimec, eta, enpresa martxan jarri zenean, 35 langile karrikan gelditu ziren; ezin dugu hori ahaztu”, erran du langileak.

Hasierako urte zailak gogoan dituzte, halaber, Sarquavitae etxeko Loli Serranok eta Marian Velazek. “Inoiz ez genekien egunean zenbat ordu eginen genuen lan, ezta zenbat kobratuko genuen ere”, nabarmendu dute langileek. Lanarekiko eta eskaintzen zuten zerbitzuarekiko konpromisoa berretsi dute biek, halere. “Horri esker egin dugu aurrera”.

Arlo pribatuko eta publikoko langileen ezaugarri izan da hori, urteotan guztietan: lanarekiko konpromisoarena. Askotarikoa da artatzen dituzten erabiltzaileen soslaia. Mila baino gehiago direla zehaztu du Edurne Egino zinegotziak. Zenbaki hutsen atzeko istorioak ederki ezagutzen dituzte familia langileek. “Haien etxeetan sartzen gara, haien esparrurik intimoenean; lanak mugak ezartzen ditu, noski, baina ezinbertzean sortzen dira gure eta erabiltzaileen arteko loturak”, azaldu du Velazek.

Erabiltzaileetako anitz dira zaharrak. Oro har, mendekotasunen bat duten erabiltzaileak artatzen dituzte. “Gerta daiteke istripu batengatik edo ebakuntza bat egin diotelako ere laguntza behar izatea norbaitek”, zehaztu du Arandigoienek. “Finean, erabiltzaileak eta haien familiak laguntzea da gure lana; behar duen horretan artatzea”, erantsi du: “Ohetik altxatzea, paseatzea, garbitzen laguntzea, jaten ematea…”. Etxe bakoitzean gehienez bi ordu ematen dute.

Familia langileen lana koordinatzeko ardura dute zerbitzuko gizarte langileek. Haietako bat da Cristina Chasco. Duela 11 urte hasi zen. Geroztik egindako lanari so egin, eta zerbitzuaren kudeaketa “gero eta zailagoa” zela nabarmendu du. Horregatik, ontzat jo du orain hartutako erabakia. “Udalak sendo egin du zerbitzuaren alde, kudeaketa zuzenean bere esku hartuta”.

Udalaren hasierako asmoen berri bazuten langileek, eta uste zuten, kudeaketa zuzenean egin beharrean, enpresa publikoan bat eginen zutela denek. Nerea Esparzarentzat, urrats egokia zen hori. Bat egin du, halaber, azkenean hartutako erabakiarekin, baina zalantzak dituela berretsi du. Arlo pribatuan ari ziren langileak baino anitzez ere “ahaldunduago” dira enpresa publikokoak, Esparzaren hitzetan. Eta argi utzi du ez dutela bidean atzera egin nahi.

Bada eztabaida sortu duen bertze auzi bat: oposizioarena. Asmoa langile guztiek enpresa publikoan bat egitea zenean ere, Asimec etxean ari zirenek eskatu zuten beraiek enpresa horretan sartzeko egin zuten azterketa egitea arlo pribatutik helduko ziren langileek ere. Egoera aldatu egin da, eta langile guztiak udaleko langile dira orain. Horrek berekin dakar, hain zuzen ere, oposizioa gainditu behar izatea, antolatzen denean. Asimec enpresako kideek, ordea, ez dute uste beraiek berriz egin behar dutenik 2008an egindako azterketa, eta jarrera hori defendatzeko prest dira.

Edurne Egino zinegotziak aitortu du gai horrek “erresumina” eragin duela Asimec enpresako langileen artean, batez ere; argi utzi du, hala ere: “Duela zortzi urte egindako kontratazio zerrendak ez du betiko balio”.

Postuak sortzeko aukerari buruz ere, deus gutxi aurreratzen ahal dela erran du Eginok. “Asmoa da, hala ere, postuak ateraz joatea, ahal dugun neurrian, eta, ahal dugun neurrian, halaber, egungo kolektiboari kalte egin gabe”.

Arlo pribatuan ari ziren langileek ere aitortu dute “kezka” eragiten diela oposizioa egin behar izateak, baina kudeaketa zuzenaren aldeko apustuak berezko duen urratsa dela uste dute.

Gogoetarako beharra

“Etorkizunera begirako proiektua izan daiteke hau; aukera ematen ahal digu zerbitzuak hobera egin dezan”. Horixe nabarmendu du Loli Serranok, eta Edurne Egino zinegotziak bat egin du familia langilearekin.

Egun, astelehenetik iganderako zerbitzua eskaintzen du udalak herritarrak etxean artatzeko; 07:30etik 22:00etara. Hala eta guztiz ere, hainbat esparru zerbitzu horretatik kanpo gelditzen direla aitortu du udalak, eta horri buruzko gogoeta egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzeak bertze, Iruñeko Udalaren babespean diren 144 etxebizitzetan bizi diren herritarrak artatzeko moduaz hausnartzeko beharra aipatu du Eginok.

Oro har, populazioa gero eta zaharragoa dela kontuan hartuta, egungo zaintza ereduak aldatzeko eta moldatzeko aukera nabarmendu du Eginok, gainera. Eutsi beharreko gaia dela argi du, eta udalaren erronken artean kokatu du hori ere. Familia langileen kudeaketa zuzenean bere esku hartu eta gero, tresna interesgarri bat du udalak orain gogoeta prozesu horiei aurre egiteko. Zerbitzua moldatu berri dute, eta goiz da, oraindik ere, emaitzak zein izango diren jakiteko. Alde guztiek ontzat jo dute udalak kudeaketa zuzena egitea. Hori nola gauzatuko den ikusteko zain dira langileak. Adi egonen direla ohartarazi dute Asimec etxetik heldu direnek. Zerbitzuak aurrera egin dezan. Eta ez atzera.

Anarkista ahaztua

Anarkista ahaztua »

Kattalin Barber

Nahiko ezezaguna da Nafarroan Gregorio Suberbiola anarkista (Morentin, 1896-Bartzelona, 1924); han-hemenka aritu zen boterearen aurka: Los Solidarios talde anarkistako kide izan zen, besteak beste, eta bankuen lapurretan parte hartu zuen Buenaventura Durruti eta Francisco Ascasorekin; Alfontso XIII.a hiltzeko tunel bat egiten ere aritu zen. Primo de Riveraren diktaduraren garaia zen. Lizarraldeko Morentin herri txikia 18 urte ingururekin utzi, eta handik hamar urtera tiroz hil zuten Bartzelonan.

Iñaki Sagardoi antropologo iruindarrak izan zuen Suberbiolaren berri Navarra. Conflictividad social a comienzos del siglo XX y noticia del anarcosindicalista Gregorio Suberviola Baigorri (1896-1924) Angel Garcia-Sanz Markotegiren liburuan. “Irakurri eta zerbait egitea merezi zuela argi nuen; ezagutzen dugu Durruti eta haren inguruko mitoa, baina Nafarroan jaiotako Suberbiola anarkistaren historia izugarria iruditu zitzaidan”, azaldu du. Suberbiolari buruzko nobela grafikoaren bultzatzaile da, Mikel Irure eta Aitor Razkin marrazkilariekin.

Serio hartu dute, eta XX. mende hasierako anarkista nafarraren bizitza jasoko duen komiki proiektua martxan da. Aitzinsolasa kaleratu dute jada, salmentarekin lortutako etekina proiektua finantzatzeko erabiltzeko. “Gainera, lehen helburua bete dugu: eskaner bat erostea”, dio Irurek. Iruñeko Karrikiri elkartean eta Katakrak liburu dendan salgai dago Suberbiolaren aitzinsolasa, sei euroren truke. Horrez gain, azalaren grabatua egin dute, eta komikia barne 15 euroan jarri dute salgai.

Kaleratu berri duten liburukian, anarkistak Bartzelonan pasatu zituen azken egunak jaso dituzte: tirokatu zutenetik, eta ospitalean hil arte. Heldu den udaberrian atera nahi dute nobela grafikoa: “Gure asmoa Suberbiolak berak ospitaletik bere bizitzaren kontakizuna egitea da, flashback moduan”, azaldu du Sagardoik. Fikzioa eta ez-fikzioa tartekatuko dituzte bertan. Sagardoi aritzen da idazle lanetan, eta Irure eta Razkin, berriz, marrazten eta margotzen. Indarrak batu dituzte hirurek nobela grafikoa aurrera eramateko. Bakoitza bere diziplinatik ari da ekarpenak egiten, eta ongi moldatzen direla diote. Gainera, Bilkuia zigilua sortu dute lan gehiago argitaratzeko.

Asteotan Morentin herria bisitatu dute, eta Zaragoza eta Bartzelonara joateko asmoa dute pista gehiagoren bila. Informazio gutxi dago Suberbiolaren inguruan, eta haren argazkirik ez dute topatu. Zaila egin zaie, halaber, aurkitu duten informazioaren artean zer den egia eta zer den mitoa bereiztea. “Fantasiari heldu diogu, interesgarriagoa egiteko eta pertsonaia gure kabuz moldatzeko”, dio Razkinek. Bitxikeria moduan, Pio Baroja idazleak lerro batzuk eskaini zizkion nafar anarkistari liburu batean, eta barazki jalea eta naturista zela zioen. “Mito asko zeuden; horiek guztiak baliatuko ditugu, eta beharbada beste batzuk sortuko ditugu, betiere koherentziarekin”, gaineratu du Irurek.

Helburua ez da Suberbiolaren biografia bat egitea, baizik eta orduko giroa islatzea, eta Nafarroan oharkabean igarotako pertsonaia gogora ekartzea. “Garai hori eta anarkismoa ere nahiko baztertuta daude, eta eztabaida berriro mahai gainean jarri nahi dugu”, dio Sagardoik. 36ko gerra eta diktadurako garai ilunak etorri ziren gero, eta XX. mende hasierako urteak “arreta handirik gabe” pasatu zirela diote. “Gerrari buruz asko idatzi da, filmak daude… baina aurretik izandako garai hori ez da ia irudikatu. Mamia dago: belle époque garaia, pistolariak, anarkismoaren indarra…”, azaldu dute.

Bitxia egin zaie hirurei Suberbiolaren bizitza: “In crescendo joan zen haren bizitza. Angel Garcia-Sanz Markotegik liburuan dio Suberbiolak Durrutiren ospea lortuko zukeela hil ez balute”. Los Solidarios taldeko kideak ez ziren txikikeriatan ibiltzen: banku bat lapurtu, eta 1.000 errifle erosi zituzten; Bartzelonako etxe batean granadak egiteko fabrika ere sortu zuten. “Iraultza zen”.

Historiaren beste aldea

Ez da kasualitatea Morentin herriko anarkista baten nobela grafikoa argitaratzea. Sagardoik aitortu duenez, helburu politikoa du. Euskal munduaren eta erdal munduaren arteko “identitate bikoitzaz” ari da: “Mendebaldetik heldu zaigu historia eta mitologia gehiena, eta horien bidez eraiki dugu gure identitatea, baina batzuetan iruditzen zait uko egin diogula Iruñetik hegoaldera gertatzen denari, eta hori ere gure historia da”. Adibide bezala jarri du bere esperientzia. Gurasoek ez dakite euskaraz, eta aitonaren familia erdia fusilatu zuten. “Asko hitz egin da gauza batzuei buruz, eta ongi iruditzen zait, baina oharkabean igaro dira beste batzuk”. Horregatik, Suberbiolaren bizitza gogora ekarri nahi dute haiek, historiaren parte delako. “Ate hori ireki nahi dugu, gure identitatea ere badelako”.