Iritzia: Eskerrik asko, Maravillas »

Saioa Alkaiza

Euskal Jaik hamar urte iraun zuen, alternatibak josten, autogestioa eratuz Alde Zaharrean, bestelako mundu bat irudikatzen; Javier Chorrautek (CDN) ez zuen utzarazi, eta ez zuten hustu eta eraitsi harik eta Yolanda Barcina (UPN) herri mugimenduaren arnasgunea zena desegiten tematu zen arte. 2004ko uda zen.

Alde Zaharraren memoria gorpuztuan dago orduko hura. Subkontziente kolektibora joaz, errairen batean zizelkatua daukagu, minez. Kargak, atxilotuak, borrakadak, etxerainoko bidea hartu ezin zuten auzokideak… Auzo bat, Poliziarena. Nork esanen zuen antzeko irudi militarizatu bat biziko genuenik berriz Alde Zaharrean, noiz eta Aldaketaren Gobernuaren aroan gaudenean?

Bada, bai. Abuztuak 17 zituenean, 05:00etan, kaputxa jantzitako poliziek hartu zuten Nabarreria. Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak. Eta auzokideak leihoetara atera ziren. “Eutsi, peña”, entzuten zen, dozena bat furgoitik gora zeudela Nabarrerian; “Maravillas aurrera”, garabi batekin azken balkoitik zintzilik zeuden neskak ateratzen zituzten bitartean; “Un desalojo, otra okupación” adi zitekeen, lotsagabe Poliziak balkoietan geunden bizilagun eta kazetarioi argazkiak ateratzen zizkigunean.

Inork ez daki zein izan den kalkulua: Ahal Dugu-ren soka kritikokoek eta ofizialistek zer eginen duten hauteskundeetan eta horrek nola eragin dezakeen botoan; Geroa Bai PSNri begira ote dagoen, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin gobernua osatu nahian eta hor gaztetxea ere taktikoki garrantzitsua den EH Bildurentzat okerrenetarikoa litzatekeen aukeretako bat da balizko batuketa hori, aintzat hartuta agian zenbakien ondorioz bere beharra ere izatea gobernatzeko; Geroa Bai zentro-eskuinaren boto emaileen tarjeta ere bereganatu nahian ote dabilen eta jokaldi hau kartak erakusteko izan ote den; baliteke hasierako “huste ordenatuak” legalitate berniza ematea, baina zaurituek eta kargek pixka bat zikintzea ordena eta horregatik egin izana atzera; agian, sinpleagoa da dena eta kalkulurik ez egitea izan da kalkulu bakarra. Auskalo.

Bulegoak bulego eta lokatzak lokatz, argi dago zer gertatu den kalean: Maravillas okupatu dute berriz ere, eta, geroztik, askatutako beste espazio bat dauka Alde Zaharrak.

Eta kontua da, orain, Alde Zaharraren memoria kolektiboan ez dagoela bakarrik Euskal Jai, baizik eta Maravillasen erresistentzia eta herri mugimenduaren garaipena, eta auzokideek oroituko dituztela bizilagunak kolpez hartu zituzten kaputxadunak eta auzoari gune bat eskaini zioten gaztetxeko kideak. Are, oroituko dituztela brindis herrikoia, poz malkoak, besarkadak eta mundua ulertzeko beste modu bat sortu nahi duten horien ilusioa. Bigarren huste saiakera bat latzagoa litzateke, beraz.

“Hau ez da okupazio bat, ederra izanen den zerbaiten hasiera baizik, eta, egiatan nahi badugu, geldiezina”, esan zuten Euskal Jai desalojatu zutenean.

Geldiezina izan zaitezen opa dizut, Maravillas. Zorionak zure urteurrenean, eta eskerrik asko auzoari emandakoarengatik.

Iritzia: Gora! »

Lur Albizu Etxetxipia

Festen hasierak beti izaten dira zirrara, nerbioak eta bizipoza. Baina batzuei kostatzen zaie aldaketa batzuk bizi behar izatea. Kostatu baino gehiago, amorratuta daude eremu guztietako jauntxoak ez direla konturatzen ari direlako. Eta zarata egiteko aitzakiak behar dituzte, udan ere polemikaren bat egon dadin. Adibidez: euskara. Adibidez: festen “politizazioa”.

“Gora Tutera!” oihukatu zuen jendez lepo betetako plazan. Eta, egia esan, bi gaiak lotzeko aukera paregabea iruditu zitzaien jauntxoei. Euskaraz zehazki bi hitz (Gora Tutera, Gora Santa Ana) oihukatu zituen. Nahiago dut ez errepikatu esan izan zirenak. Hain dira handiak euskarak dituen oztopoak, ezen “Gora! horiek txistuak jaso zituzten plazan zegoen jendearengandik. Ez dezagun ahaztu non gauden eta guretzat sinbolikoa besterik ez dena (eta askorentzat ez nahikoa, eta ez laikoa, eta ez…) guztiz apurtzailea dela beste batzuentzat, eta ukatu eta errefusatu ere egiten dela.

Aldaketaz ari garela, gu ere askotan ez garela ohartzen ematen du, baina sinbolo txikiek zer-nolako garrantzia duten gogoratu beharko genuke. Tuteran uztailaren 24an, urteko egunik garrantzitsuenetakoan, emakume gazte eta euskaldun batek txupinazoa botatzea eta euskaraz ere (lehenbiziko aldiz) egitea handia da. Handia da, euskarak muga sinboliko bezain garrantzitsu bat apurtu duelako. Aurrekaria badago, ezinen da esan inoiz ez dela egin.

Harroak dira, eta Tuteran ere euskara entzun delako amorratuta daudelako. Haientzat ere muga sinboliko bat apurtu egin delako. Eta ezin dute aguantatu. Ezin dute aguantatu gaztelaniaren ondoan euskara ikustea, prestigioa duen momentu batean. Benetan navarrrrrrrísimo-a dena espainola delako, ez besterik. Erdara, “politizatu” gabeko festetan. Haiek ez dutelako festarik politizatzen, eta txistu egin zutenek ez dutelako Espainiako banderarik eramaten plazara. Hori ez da politizatzea, hori besterik gabe normala da. Haien norma jarraitzen duena.

Muga bat gainditu da; baina konturatzen ari gara zein bide dugun aurretik? Hartuko diogu tamaina erronka izugarri honi? Euskarak bultzada izugarria beharko du aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Eta hori eremu guztietan egitea komeni da: kalean, instituzioetan, tabernetan, ikastoletan, eskoletan, euskaltegietan, txupinazoetan, eremu sinbolikoan. Bide horretan, behingoz eta behin betiko euskarak behar duen babesa ofizialtasunaren bidez baino ezinen du egin esparru batzuetan. Baita txistuen gainetik ere.

Euskara herrigintza delako, eraikuntza eta transgresioa. Euskara aldaketa da. Eraldaketa, mundua ikusteko beste modu bat (munduko beste hizkuntza guztiak bezala; ez gehiago, baina ezta gutxiago ere). Euskara transgresioa ere bada. Eta herria eraikitzea, egunez egun eta pausoz pauso. Batzuetan ahazten bazaigu ere. Eta ni… ni uztailaren 24an pozez zoratzen nengoen. Mila esker, Edurne!

“Hizkuntza inportantea baita batez ere esateko zerbait dagoenean. Elebakar harro, gu baino gehiago dura lex, dura lex, dura lex… sed lex”.

Iritzia: ‘Mamma mia’ »

Tania Arriaga Azkarate
Baketsuak eta eguzkitsuak izaten dira uztaileko egunak; gauak, sutsuak eta biziak. Ikasturtean gertatukoari egunez berrikusketa egiten diogun moduan, gauez azken hilabeteotan jasandakoa gure sistematik ateratzeko aprobetxatzen du…

Iritzia: Plazagizonaren balio »

Jon Barberena

Plazagizona jendearen aitzinean edo jendartean anitzetan aritzen den eta aise moldatzen den gizonezkoa da. Ez dut uste holako bertuteak dituen emakumea izendatzeko, pareko kontzepturik ote dagoen gure hiztegian. Gizarteak gizon eta emakumeen artean dauden desberdintasun anatomiko eta fisiologikoen arabera, funtzio, espazio eta erantzukizun banaketa konkretua egiten du. Banaketa natural (ejem…) honetan, gizona produkzioarekin eta espazio publikoarekin lotzen da. Emakumea, berriz, ugalketarekin eta etxeko espazio pribatuarekin.

Herriko plazak garrantzia hartzen du udako bestetan. Besta giroan beteko den plazak herriaren kohesioa idurikatzen du, baina Baztango herri anitzetan ez da elkartasunik sumatuko mutil-dantzak dantzatzeko tenorean. Zenbait gizon eta emakume dantzan ariko dira elkarrekin, baina bertze herritar batzuek bizkarra emanen diete berdintasunean oinarritutako erritu eder honi. Hau da, zenbait gizonek boikot eginen diote gizon eta emakumeek marraztutako plazako borobilari eta eremu pribatuan euren plaza alternatiboa sortuko dute. Plaza hauetan dantzatzeko ñabardura bakarra hartuko da kontuan; gizona izatea. XXI. mendean, oraindik ere sexu desberdintasunean oinarritutako funtzio, espazio eta erantzukizun banaketa egiten da Baztanen, eta batzuek argi dute herriko santuaren egunean, plazan egiten diren mutil-dantzetan gizonezkoek bakarrik dutela parte hartzeko eskubidea. Hau horrela izanik, herriko agintariek edo txistulariek babesten ez badituzte, plaza eta eremu baztertzaileak sortuko dituzte. Horra denek amesten dugun Baztan bukoliko, moderno eta aitzinatuaren iduri perfektua!

Plazen balio sinboliko bera izan dezakete zubiek. Aldenduak dauden bi puntu elkartzeko bide dira zubiak. Batasunerako bide. Baina zubipeak baztertuen gune ditugu. Gizarteak ekonomikoki edo sozialki zapaltzen dituztenen leku. Desberdinak dira zubiaren goitiko aldea eta beheitiko aldea. Horren adibide da Lesakako sanferminetan egiten den zubi gaineko dantza. Ingurukoen esku zartak eta laudorioak lagun, gizonezkoek egiten duten dantza da hau. Urteko egun garrantzitsuenetako batean, emakumearen protagonismoa zubipean gelditzen da. Hala ere, zenbait neska hasi omen dira entseguetan, eta segur naiz, laster, emakumeak esku zartak jotzetik jasotzera pasatuko direla. 2014ko abuztuan Beran suertatu bezala, aldaketa kalapita anitzik sortu gabe eta modu natural batean emanen dela iduritzen zait. San Esteban eguneko makil-dantza, borbon-dantza eta aurreskua emakume eta gizonek elkarrekin dantzatu dituzte azken lau urte hauetan, eta ordutik herriko plazak bertze kolore bat hartu du, bertze forma bat… Zorionak!

Euskara jalgi hadi plazara eskribitu zuen Bernart Etxeparek eta aldarri berdina egin nahi dut 473 urte pasa eta gero. Baina, euskara ez ezik, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako balioak eta emakumea ere plazaratu daitezela. Espazio publikoa denona izan dadila; inor baztertu gabe, inor gutietsi gabe.

Egutegian gorriz ageri ditunan egunetan ere, jalgi hadi plazara emakume! Jalgi hadi mundura!

Iritzia: Kontraesanak »

Lohizune Amatria

Bizitza kontraesanez beteta dago”. Zenbatetan entzun ote dugu gisako baieztapenik? Geure burua zuritzeko erabiltzen dugu gehienetan esaldi hori; onartuta, gainera, hala izan behar duela. Oraingoan, halere, inguratzen gaituzten kontraesanak begiratu nahi ditut. Kontraesanez betea da mundua, kontraesanez beteta kontatzen ari zaizkigu historia.

Nafarroako kaleetan gero eta ikur frankista gutxiago daudela irakurri dugu berriki astekari honetan bertan. Memoria historikoan eragiteko asmoz pozez hartu den erabakia izan da. Hitz hauek idazten ari naizen bitartean, gainera, Ezkabako lau iheslariren gorpuzkiak aurkitu dituzte Larrasoañako hilerri kanpoaldeko hobi batean. 80 urte dira kartzela frankistatik 800 presok ihes egin zutela, eta horietatik asko daude desagerturik.

Larrasoañako Paula Lizoainen testigantzari esker aurkitu dituzte azkeneko laurak, eta frankismoak eragin duen isiltasunaz pentsatzea eragin dit albisteak. 89 urte ditu egun Lizoainek; haurra zenean ikusi zuen gertatutakoa. Gogorra izango zen, segur aski. Horregatik, agian, gaur arte ez du hura kontatzerik izan. Esteribarren beste gorpuzki batzuk atera zituztenean eman zuen pausoa, askok eskertuko dioten urratsa. Gizartearen beldurra agerian uzten du istorio txiki horrek. Memoria nahastearen beldur gara, eta ez luke hala izan behar. Tamalez, ez dira horiek gaiaren inguruan azken asteotan izan ditugun albiste bakarrak. Eta jarraian aipatutakoak erakusten du benetako kontraesana.

2016ko azaroan, Jose Sanjurjo militar kolpistaren gorpuzkiak Erorien Monumentutik atera zituen Iruñeko Udalak. Hori saihesten saiatu zen familia, baina, memoria historikoaren legeak argudiotzat hartuta, epaitegiek ez zuten eskaria onartu. Egoera irauli egin da, ordea; eta gorpuzkiak monumentuaren kriptara itzultzea aitortu dio familiari Iruñeko auzitegiak. Epaitegiak legean irakurri duenez, Sanjurjo ez da frankismoaren sinbolo. Aski ezagunak zaizkigun beste kasu batzuk gogoraraziz, berriz ere, herriaren norabidearen kontra ari dira Iruñeko epaileak.

Lau egun barru, 82 urte beteko dira Espainiako gerraren atariko izan zen estatu kolpea gertatu zenetik. Sanjurjo izan zen errepublikaren kontra altxatu zenetako bat. Estorilen (Portugal) bizi zen, eta handik hartu zuen parte konspirazioan. Adostu zuten organigraman, Sanjurjo ageri zen matxinadako buruzagi nagusi gisa. Ez da hori Sanjurjoren biografian frankismoarekin lotzen duen gauza bakarra. Primo de Riverak estatu kolpea jo zuenean, bat egin zuen harekin; baita Sevillan 1932an ere. Sanjurjada deitu zioten saiakera horri. Baina, antza, detaile horiek ez dira sinbolo adieraren pareko.

Frankismoko ikurrak kentzen, iheslariak eta fusilatuak aurkitzen eta memoria berreraikitzen ari garen bitartean, ohoreekin Sanjurjo Iruñeko monumentuan hobiratzea erabateko kontraesana da. Gaizki egiten dugunari garrantzia kentzeko esaten dugu —onartzen dugu— kontraesanez beteta dagoela bizitza. Herri gisa ezin dugu hori onartu. Memorian, egian, justizian, ez dago balio duen kontraesanik.

Iritzia: Zupatu eta ixo »

Saioa Alkaiza

Zupatu eta ixo. Tonta izateko ez zara horren polita. Zure ipurdia nirea izanen da. Zupa Zupa (Chupchups enpresaren logoa imitatzen duen letra tipoarekin). Ekar ezazu zerbeza; berriz ere itsusi jartzen ari zara. Denok larrua joko dugu edo puta ibaira joanen da. Birjina izateak ez zaitu santu bihurtzen. Hanka politak dira, zein ordutan irekiko dute?

Sanferminetako bestetan, iaz salgai ipini zituzten hainbat txapatan eta elastikotan irakur daitezkeen esaldiak dira, denak, indarkeria sexistaren apologia, batzuek bortxaketa eta erailketa justifikatzeraino. Lilith Feministak salatu zuen bere Twitter kontuaren bitartez; Takonerako postutxoen azokan zeuden salgai.

Saltzaileari ohartarazpena eginda, “umorea” zela erantzun zion, eta gaizki hartzea “exajerazioa” zela: “Ea orain ez dugun askatasunik izan behar adierazteko umore pixka batekin”, adierazi zuen, hedabide zenbaitek jaso zutenez.

Saltzailearen erantzuna kasu bakandu bat dela pentsa dezake baten batek (saltzailea gizona da, bai), baina txioaren erantzunetara jotzea besterik ez da egin behar, egoeraren gordina ulertzeko: “WTF, nora heldu behar dugu indarrean dagoen zuzentasun politikoarekin?”, dio batek; “Txapak zakurraren putza izanen dira, baina esaldi horiek gazte guztiek esaten dituzte festan irteterakoan”, beste batek; “Beno, badakizue esaten dela umorea pribilegioen antzekoa dela: batzuek badute eta feministek, ez”, azkenak.

Umorea. Askatasuna. Exajerazioa. Politikoki zuzena denaren tirania… Postzentsuran gaudela dioten mantrak errepikatzen dituzte zisheteropatriarkatuaren zimenduak ezartzen jarraitu nahi dutenek, indarkeria sexista eta LGTBIQ+foboa baimentzen, are, biolentziari txantxa berniz geruza bat ematen.

Iruñeko kaleetako salmenta gune batean baino gehiagotan omen zeuden gisako salgai sexistak. Ez ziren salbuespena, erregela baizik. Eta Iruñeko Udaltzaingoak konfiskatu zituen horietako batzuk (gutxi batzuk baino ez, noski); Fiskaltzak, baina, artxibatu egin zuen Emakumeen Tratu Txarren Kontrako Batzordeak gertatutakoagatik jarritako salaketa.

Aurten, ordea, berrikuntza ezarri du Iruñeko Udalak, mugimendu feministaren salaketaren ondorio baino ez dena, hain zuzen: irudi eta lelo sexistak dituen materiala debekatuko dute. “Bandoan dio, inor halakoak saltzen atzematen badute, kentzeko eskubidea dutela, eta baita behin kendutakoa gehiago ez itzultzekoa ere”, BERRIAk argitaratu duenez.

Aurrerapausoak aurrerapauso, auzia ez da soilik intentsitate handiko erasoak elkarretaratze zinez jendetsuen bitartez salatzea (mugimendu feministaren lan eskergaren ondorioz, argi gera bedi; eta oso beharrezkoa dena), baizik eta kultura zisheteropatriarkala sortzen, birproduzitzen eta eusten duten adierazpen guztien inguruan eztabaida abiatzea. Haiekin amaitu arte.

Kontua ez baita txapa eta elastiko sexistak salgai dauzkatenik (bakarrik), erosi egiten dituztela baizik.

Iritzia: ‘Manada’-koekin ametsetan »

Tania Arriaga Azkarate

Epaile matxistek justizia matxistarekin zigortzen gaituzten bitartean, burua ez galtzeko, ez beldurtzeko, ez deprimitzeko, ihes ez egiteko eta amore ez emateko estrategia, lana, borroka eta ametsen mundua izanen ditugu bidelagun. Estrategia, gizarte bizigarria lehenbailehen izateko; lana, egunero eraiki eta sostengatu beharreko zeregina baitugu; borroka, sarri gure eskubideak tinko eta ozen aldarrikatzeko; eta ametsak, mina eragiten diguten horiei ordaina emateko. Ametsetan, erasotzaileen gorputzetan guri eragiten dizkiguten basakeriak eginen dizkiegu. Bidegabekeriak laster bukatzen ez badira, fantasia beldurgarriak gauzatuko direlakoan nago. Denbora kontua besterik ez da.

Ametsetan ere, irudimenak 2022ko sanferminak erakusten dizkit, eta dantzaz eta musikaz beteriko karrikek Mariarengana eraman naute. Gaztea da, 20 urtetara ez da iritsiko; zuri-gorriz jantzia dagoen arren, gainean laranja koloreko txalekoa darama. Iruñeko Udalak emakume gazte bat kontratatu du Labriteko hesiak eta komunak zaintzeko.

Maria aski aspertua dago. Kuadrillako batek, Whatsapp bidez, duela urte batzuk oso famatua izan zen La manada bortxatzaile taldeko erasotzaileak Iruñean ikusi dituztela idatzi dio, haserre. Jendea asaldatua dago. Nola ausartu ote dira berriz Iruñera etortzen, galdetzen diote euren buruari, Mariak urrutitik mutil talde bat komunera hurbiltzen ikusten duenean.

Argazkietako gizonek Labriteko komunetara joateko asmoa dutela ohartu da. Laster, La manada aurrez aurre izanen du. Halere, arnasa hartzearekin batera erraz ahaztuko ez duten oroigarria bururatu zaio. Hortaz, bortxatzaileak ailegatu aurretik, komunetako atea itxi eta xaboiaren ontzian eta baita komun-ontzietan ere zolen desinfektatzailea (sodio hidroxidoa) bota du, gogoz. Haiek iritsi orduko, Maria ezkutatu da.

Harrotuak ikusten ditu. Oihu eta barre artean, Iruñeko emakumeak iraindu eta hiltzeko lizentzia ere izan badutela garrasi egiten dute. Ez dira ohartzen haien azaletan jarri dutena ez dela soilik xaboia izan. Segituan, oihuka atera dira komunetik; begiak, eskuak, ipurdia eta zakila haragi bizitan dituzte. Baten batek pitilingorri deituko diela pentsatu du, irribarretsu, Mariak. Dena dela, langile gazteak erabaki du anbulantziari deitzea izanen dela hoberena.

Ziztu bizian, sendagileak iritsi dira; zaurituak furgonetetan sartu, eta ateak itxi dituzte. Zauriei serum fisiologikoa bota ordez, erreduren azala kentzea erabaki dute, berehala ohartu baitira zauritutakoak La manada-koak direla. Lana emeki egin ordez, gogor eta ankerkeriaz ari dira. Arreko biribilgunean botata utzi dituzte. Egunero inguru horretatik paseo ederra ematen duten emakume taldeek gizon ankerrak ikusi eta ezagutu egin dituzte. Perimenopausikoek mendiko martxa errazteko makilak daramatzate. Kolpeka hasi zaizkie, buruan, sabelean, potroetan… Gero eskuak zapaldu dizkiete, eta hatzak hautsi. Andreetako batek harri handi bat hartu du eskuetan, eta haiengana hurbildu da…

Iritzia: Batera »

Lur Albizu Etxetxipia

Goizeko zazpi eta erdiak, 2018ko ekainaren 16a. Bi gauren ondoren, elkartasun gune bateko zoru asfaltatutik jaiki eta denda desmuntatzen hasi, Altsasukoez gogoratu. Ezin asmatuta atzera eta aurrera ibili (Quechuari propaganda egiteak ere badu bere prezioa). Trasteak jaso, lekuz mugitu, toki batean gorde eta bestetik atera, eguzkia atera dela konturatu. Egitekoen errepasoa egin, etxean motxila utzi, autoan denda. Zigarro bat, autobusean sartu: Arbizurantz atera gara.

Arbizura goaz Iruñetik neska* gazte batzuk. Eguraldia aspaldiko partez gure alde daukagu. Iritsi gara, tailerretan apuntatzen hasi. Euskal Herriko toki askotatik etorri gara: Altsasutik, Gasteiztik, Bakaikutik, Iruñetik, Lekeitiotik, Tuteratik, Barañaindik, Donostiatik, Bilbotik, Durangotik, Zuiatik, Lizarratik, Markina-Xemeindik, Lesakatik… lelo baten bueltan pasako dugu eguna: Batera ekingo diogu!.

Berandu hasi da, baina ezin hasiera hoberik egon. Txantreako artistek guztiz esnarazi eta gogo handiz etorri ez direnak ere dantzan jarri dituzte. Barre egin dugu, harritu gara, ulertu dugu, dibertitu gara, altxatu gara, dantza egin dugu, aldarrikatu dugu, oihukatu dugu, lehertu gara.

Tailer desberdinetan hartu dugu parte. Iruditegiaz hausnartu dugu, praktikara eraman dugu gure sormena; talde-osasunaz aritu gara, Aingurak izan ditugu hizpide; neska* gazteon beharrizanez aritu gara, hitzak nabarmendu ditugu, kuleroak buruan mundura salto egitea posible dela sinetsi dugu.

Erriberatik Bilbora ulertu dugu elkar, konpartitu ditugu esatekoak, eskatu dugu laguntza eta ahaldundu gara. Zeharkatzen gaituzten zapalkuntzez aritu gara. Kezkaz, konpromisoz, ilusioz, baikor. Aurrera begirako lema eraman dugu etxera, borrokatzeko eta eztabaidatzeko tresna.

Azkar batean bazkaldu behar izan dugu, denbora askorik ez zitzaigun geratzen. Fin ibili zaizkigu sukaldariak, langile, dena ongi atera zedin (eskerrik asko!). Eta fin ibili dira Arbizun hasieratik honetan sinetsi zutenak, ilusioz lan egin dutenak, dena lotzen ibili direnak, prestutasun osoz ibili direnak eta arazo guztiak konpondu dituztenak, auzolana aurreratu dutenak… Mila milioi esker!

Azkar atera gara bertatik, goiz atera behar izateagatik penaz. Kantari irten gara bueltako autobusean, lagun gehiagorekin, urduritasunez, gogoz. Badakigu minutu gutxian uholdea izanen garela, duintasun uholdea.

Heldu gara Sadarrera, inoiz jokatu dugun partida garrantzitsuenetakoa gaur dugula jakitun. Eta hala izan da: oihu, txalo, haserre, emozioek ez dute parekorik izan ibilbide osoan zehar. Garrasi mingarri eta itxaropentsua hartu dute kaleek. Altsasukoak askatu. Utzi bakean Altsasu. Eutsi gogor, Altsasu. Barrenak hustu ditugu, minez lehertu ditugu eztarriak. Maitasunak zeharkatu digu gorputza. Eta badakigu honi ere nola ekingo diogun, eta nola ekiten ari garen: batera.

(Hilabete hauetan guztietan irribarrea galdu ez duzuen pertsona berezi horiei: maite eta miresten zaituztet).

Iritzia: Beldurraren beldur »

Jon Barberena

Esan itxarotea ere badela bizitzea, kantatu zuen doinu goxoz Bide Ertzean taldeak itxaronaldiez aspertua den herri honen belarrietara. Itxarongela erraldoia da gure herria. Urduri, beti itxoiten ditugu gutxitan asebetetzen gaituzten berriak. Madrildik idazten eta bidaltzen dituzten berriak.

Ostatu batean pasatako liskar arrunt batengatik, hamahiru urtera arteko kondenak ezarri dizkiete Altsasuko zortzi gazteri. Espainiako Auzitegi Nazionalean, bertze behin ere, epaia epaiketa hasi aurretik idatzia zen susmoa dut. Bazekiten ezinen zituztela terrorismoagatik zigortu, baina izuan oinarritutako argudio esajeratu hori behin eta berriz erabili dute zigor neurrigabeak eta gogorrak jartzeko.

José Luis Sampedrok aspaldi errana da izua oinarri hartuta gobernatzea eraginkorra izaten dela: “Buruzagiak ingurukoak lepoa moztearekin izutzen eta mehatxatzen baditu, eta, gero, zintzurra ebaki beharrean, egunerokoan zapaltzen baditu, haiek konforme izanen dira. Burua bere lekuan izanen baitute behinik behin”.

62 urtera arteko kondenak eskatu zituen fiskaltzak hasieran, eta oraingo kondenak ikusi eta gero, norbaitek pentsa dezake konforme egoteko arrazoiak ditugula. Baina epaia suntsitzailea da; justizian baino gehiago, mendekuan oinarritzen dena, hain zuzen.

“Izua deus pasatzen ez denean ematen da. Bi gertaeraren arteko itxaronaldia da”, hitz gordin bezain ederrak bota ditu Lander Garrok Gerra txikia liburuaren inguruan hitz egiterakoan. Bi gertaeraren artean kokatu izan dut azkenaldian herri hau, epaia noiz iritsiko ote zen beldurrez. Desberdintasun handi batekin, haatik. Gurean gauza anitz pasatu dira eta pasatzen ari dira.

Herria kalera atera da, eta bere izuan ezkutatu beharrean, ausardiaz bere amorrua kanporatu egin du. Horren adibide da, hain justu, justizia eske bildutako 50.000 pertsonek babestutako manifestazioa, Iruñean, joan den apirilaren 14an.

Altsasu arrisku maila handiko lekua dela, eta bertako gazteen eguneroko ekintzak eta ospakizunak arriskutsuak direla diote Espainiako komunikabide sonatuek. Gustu txarreko gezur horiekin lotura eginez, Alain filosofo frantziarraren hitzekin oroitu naiz: “Arriskurik gabeko beldurra sufritzen duten pertsonek arriskua asmatu ohi dute beren beldurra justifikatzeko”. Liskar bat baino ez zen izan, kitto! Altsasu bakean bizi nahi duen herri bat da!

Gaur Altsasu izan da. Gaur Iñaki, Oihan, Adur, Jokin, Julen, Jon Ander, Aratz, Ainara eta euren familiak izan dira. Baina bihar, Azpeitia, Erratzu edo Faltzes izan daitezke. Edo zu izan zaitezke… Edo ni izan naiteke… Beraz, onartu eginen dut, auziak eta kondenek eragindako amorrua eta samina sentitzeaz gain, beldurra ere, proportzio txikiago batean bada ere, senti dezaket. Estatuaren beldurren (mamuen) beldur naizela.

Gure mina, ezintasuna eta beldurra kanporatzeko, hilaren 16an hitzordua daukagu Iruñean. Terapia kolektiboak on eginen digu denoi.

Iritzia: Eta berriro ari naiz »

Lohizune Amatria
Hilabete igaro da, eta berriz ere egokitu zait astekari honetarako hainbat lerro idaztea. “Baina zeri buruz?”. Ez da erantzuteko galdera erraza. Horregatik, baliteke irakurtzen ari zaren hasiera hau errazegia izatea.Azken hilabetean bi…