Nafarroako gobernuak aurreratu duenez, ekonomia %0,6 handitu da lehen hiruhilekoan. Urtebetean %2,3ko erritmoan hazi da barne produktu gordina. Zazpigarren hiruhilekoan jarraian handitu da BPG eta urtebetean %2,3ko erritmoa hartu du.
Lourdes Goikoetxea jarduneko presidenteordeak nabarmendu BPG 2008 erdialdeko neurrian dagoela, eta horrek esan nahi luke krisian galdutako aberastasuna erdietsi duela Nafarroak. Ia zazpi urte behar izan ditu, hortaz, krisiaren abiapuntura iristeko. 2011 erdialdera ere lortu zuen maila hori, baina bigarren atzeraldia etorri zen ondoren, eta atzerakada horrek eragindako galera berreskuratu du orain.
Goikoetxeak arrazoitu duenez, bi faktore laguntzen ari zaizkio hazkundeari: euro eta dolarraren arteko parekidetasuna eta petrolio upelaren merkatzea. Euro trukea eta lehengai energetikoa merkatzeak esportazioak hobetu eta enpresen lehiakortasuna hobetu duela uste du Goikoetxeak. Enpresaburuen konfiantza adierazleak hobera egin du.
Nafarroako Gobernuak aurreikusten du aurten ekonomia %2,6 handituko dela. Helburu hori ez du aldatu. Goikoetxeak nabarmendu duenez, Nafarroa “Espainiako ekonomia baino azkarrago ari da suspertzen”.
Leave a Reply