Erronka handia izanen dute Ultzamako haurrek bihar: giza eskubideak lapurtu dituen pertsona baten atzetik ibili beharko dute, giza eskubide horiek berreskuratu ahal izateko. «Proba ugari gainditu beharko dituzte, taldean lan egin, eta giza eskubideen inguruko jakintza erakutsi», esan du Brix elkarteko kide Sara Luri Aiukarrek. Elkarteak ihes gelak antolatzen ditu, eta berdintasuna eta giza eskubideak lantzeko ihes gela bat eginen dute bihar, Ultzaman, hango haurrentzat. Saioa euskaraz izanen da, 16:30ean, Larraintzarko gizarte etxean. Ultzamako Udalak antolatu du, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian.
8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Lurik azaldu du «asko» hausnartzeko jolas bat dela: «Elkarri entzutea, elkarlanean aritzea, kontzientziatzea eta indarkeriaren eta bazterkeriaren kontra zer egin dezakegun ikastea dira xedeetako batzuk». Haurrekin feminismoa lantzeko beharrak bultzatuta antolatzen dituzte ihes gelak Brix elkarteko kideek, uste dutelako jolasaren bidez «errazagoa» dela umeengana iristea eta kontzeptuak barneratzea: «Ongi pasatuz ikasten dute».
Ihes gelekin hasi baino lehen, Lurik eta elkarte bereko kide Lucia Agirrezabal Artasok emakume batzuk ezagutu zituzten Indian, gizon batzuek azidoarekin eraso zietenak. «Emakume haiek kafetegi bat sortu zuten jendeak ebakuntza estetikoak egiteko, laguntza psikologikoa jasotzeko eta beste gauza batzuetarako dirua lortzeko», azaldu du Lurik. Horretan lagundu nahi zutenez, Sheroes: biktimak izatetik heroi izatera argazki erakusketa sortu zuten. Bertan, azidoarekin eraso egindako emakumeen erretratuak jaso dituzte.
Erakusketa asko zabaldu dute, Nafarroan barna batez ere, eta leku askotan galdetu diete zer-nolako argazkiak diren, haurrentzat aproposak ote ziren zehaztu nahian. «Gertutik bizi izan dugu emakume haien sufrimendua, eta ezin diogu errealitateari bizkarra eman. Horrelakoak dira haien aurpegiak, eta hori ez dugu aldatuko». Horren ondorioz, erabaki zuten zehazki haurrei zuzenduriko lanketa bat egitea ihes gelaren bidez, «haurrekin oso zaila baita indarkeria lantzea argazki erakusketarekin. Galdera asko egiten dituzte, baina, agian, ez da horren erraza gauzak barneratzea».
«Elkarri entzutea, elkarlanean aritzea eta indarkeriaren kontra zer egin dezakegun ikastea dira xedeetako batzuk»
SARA LURI AIUKAR Brix elkarteko kidea
«Oso pozik» dira, herri txiki askotara heltzen ari direlako ihes gelarekin: «Badakigu herrietan baliabideak urriagoak direla, eta, horren ondorioz, aurrekontua txikitu genuen. Ez dakit horregatik izan den edo ez, baina leku askotara iristen ari gara». Lurik gaineratu du herri txikietan premiazkoa dela gaia lantzea: «Iruñean gauza asko egiten dira, baina herrietako umeek ez dituzte horrenbeste aukera indarkeria matxistaren gisako gaiak landu ahal izateko».
Helduen txokoa
Haurrentzako edukiaz gain, helduek ere badute indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko espazio bat Brix elkarteko kideen proiektuan: ihes gelak iraun bitartean, Zergatik abesten dugu? komedia musikala antolatu du Ultzamako Udalak. «Errebeldia alaia eta beldurrik gabe bizitzeko borrokaren beharra jorratzen duen komedia musikal bat da. Matxismoak eta patriarkatuak berriz ere biktima bilakatu gabe bizi eta gozatu nahi izateko eskubidea aldarrikatzeko beharra jorratzen du». Nerea Bonito eta Adriana Olmedo aktoreak dira komediako protagonistak.
Yaiza Mendibe Gaskuek, Ultzamako Udaleko zinegotziak, esan du «oso polita» eta «beharrezkoa» dela horrelako gaiak haurrekin lantzea. Hala ere, udaleko kideek ez zuten soilik umeekin lan egitera mugatu nahi: «Haurrak eta helduak elkartu nahi genituen, ez zitzaten haurrak utzi eta handik joan». Komedia ez da soilik guraso eta tutoreentzat: edozein heldurentzat da. Gaztelaniaz izanen da. «Haur askoren gurasoek ez dakite euskaraz, eta ez genuen nahi gurasoek haurrak utzi eta gero alde egitea», azaldu du Mendibe Gaskuek.