Iritzia: “Errespetua”

Idoia Sobrino / liburuzaina

 

Ozen eta irmoki eskatzen dugu errespetua euskararentzat, behin eta berriz, toki guztietan, urte guztian zehar, milaka ahots batuz edo norbanakoaren egunerokotasunean. Badakigu gure hizkuntza bertzeak bezain baliagarria dela, eta bertzeek ere jakin dezaten egun guztia pasatzen dugu horren aldarria egiten. Euskararen normalizazioa meta izanik, egun euskaldun izatea militantzia hutsa da. Edo behar luke… ezta hala?

Aunitzetan aditzen dut “ez gara espaloitik jautsiko”, dos cañas por favor-en ondotik errana… edo Nafarroaren zonifikazioak eragiten dituen kalteak behin eta berriz entzun gutxi batzuk bertzerik ez dutenean kexa orri bat sekula bete edo Behatokia zer den jakin edo euskararen telefonoa existitzen denik ezagutu. Gure hizkuntza eskubideak zapaltzen direnean aunitzetan ez dakigu egoera horri nola aurre egin behar diogun, ez dakigu “Ogi barra bat, faborez”, “¿una barra de pan?” galderari “bai” erantzuten ahal diogula, euskaraz, irribarre batekin nahi izanez gero, errespetuz.

Eta iduritzen zait ez goazela ikastearen bidetik… Duela gutxi Anaitasuna bete genuen (erdizka), euskaraz bizi nahi dugulako. Jende aunitzek lan egin zuen egun hori aurrera ateratzeko, egunerokoan euskararen alde lan egiten dutenek gainera, eta aldez aurretik erran nahi dut arras eskertzekoa dela egin zuten guztia, baina diskurtsoari betiko kutsu bera hartu nion nik: kexak. Harresiak ditugula, oztopoak han eta hemen, eremu ez-euskaldun deituriko horretan euskara ikastearen traba handiak, euskaldun berriek euskara ikasteko egin beharreko esfortzuak eta haietan dagoela esperantza.

Ados, hori guztia existitzen da, gauzak ez daude erraz, baina, aldi berean, hori guztia badakigu, ezta? Ba, goazen aurrerapauso bat ematera: horrekin guztiarekin, zer egin dezakegu? “Bi kaña, faborez” erraten ahal dugu? Bi behatz altxatu behar baditugu ere, euskaraz eskatzen ahal dugu? “Ogi barra bat” egunero eskatzen badugu, egunero galdetuko digute horrek una barra de pan erran nahi duen? Euskaldun berrietan dago esperantza edo euskaldun zaharrek ere badugu zer egin?

Erantzukizuna guztiona da, baina Anaitasuna betetzen dugun egunean mezu hori argi ulertzeko moduan ere erran behar da. Zer dagoen badakigu, zer egin dezakegun teorian ere bai, baina horrelako egunetan teoria hori praktikara nola eraman ikasiko bagenu, indar hori egondako pertsona bakoitzarekin biderkatuko bagenu, gauzak aldatzen hasiko liratekeela pentsatzen dut. Egin dezakegunaren kontzientzia izan, gauza txikietan, egunerokoan, esfortzu handirik gabe egiten ahal ditugun gauzak, ez militantziaz, normaltasunez. Errespetuz.

Eta errespetuz jokatu baita ere, Anaitasunakoa bezalako ekitaldi batean agertokian gauzak gertatzen diren bitartean futbolean, eskubaloian edo sokasaltoan ibili gabe, hori ere gertatu zen eta. Zaila izanen baita euskararekiko errespetua eskatzea euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko ekitaldiaren antolatzaileak ere errespetatzen ez baditugu.