Edurne Egino: “Ezin da UPNk egin duena baino okerrago egin”

Edurne Egino: “Ezin da UPNk egin duena baino okerrago egin”

Ander Perez / NAFARROAKO HITZA

Azken lau urteetan zinegotzi kargua bete ostean, ardura errepikatzeko prest dago Edurne Egino (Elgoibar, Gipuzkoa, 1959). Ezkerra koalizioa Aranzadirekin batera aurkeztearen alde egin du lan, alferrik.

Nola baloratzen duzu azken legealdia?

Lan handia izan da zinegotzi izatea, are gehiago Ezkerrako ordezkari bakarra izanda. Talde txikiena izan gara, baina baita lan handiena egin duena ere. Ekimen asko aurkeztu ditugu, eta asko izan dira onartuak. Halere, esan beharra dago halako udal handietan osoko bilkurak oso eskumen gutxi dituela. Gobernua behar izaten da gauzak beste era batera egiteko.

Aldaketarako aukerarik ikusten al duzu?

Bai, baina horretarako bi gauza behar dira: Batetik, jendea 24an barra barra bozka ematera joatea. Bestetik, bozkatzera joaten diren pertsona horiek konfiantza izan dezatela beste pertsona batzuk hobeto egin dezakegula, UPNk egin duena baino okerrago ezin baita egin. UPNk PSNren laguntza izan du, eta hori kontuan hartu behar da. Bozka aldaketa ziurtatzen dugun taldeei eman beharko liguke jendeak.

Zer ematen dio Ezkerrak aldaketari?

Bi muturren arteko espazioan gaude gu. UPNk eta Bilduk ordezkatzen duten bi mutur horiek borrokan daude beti, haien proiektua inposatu nahian, eta hori ezinezkoa da gure gizartea geroz eta pluralagoa delako. Beraz, beharrezkoa da guk okupatzen dugun espazio hori, eta handitu behar dugu, guztion artean bizikidetza eraikitzeko.

Orain, Ahal Dugu edo Aranzadirekin partekatzen duzue espazio hori. Zuen kalterako izan daiteke

Egin dugun lanak behintzat orain dugun ordezkaritza ziurtatu beharko liguke. Gertatzen dena da Ahal Dugu-k gure balizko igoera mozten duela, estatu osoan bezala. Nik beti esaten dut Syrizak Grezian 15 urtez egin duela lan ezkerreko indarren lotura lortzeko. Lan hori 24erako egin behar izan genuen guk ere, eta nik ahal izan dudan guztia egin dut. Aranzadik berak eskaini zidan haiekin hautagai izatea. Nik uste dut ezinbestekoa dela denen bilkura, baina maiatzaren 25tik aurrera egin beharko dugu.

Zergatik ez da akordioa posible izan?

Haiek [Aranzadik] oso marra gorriak jarri dituztelako, ez baitzuten alderdirik nahi. Hori izugarria da, Bartzelonan, Valentzia edo Zaragozako esperientzietan alderdiak daudelako tartean.

Horiek dira haien marra gorriak. Zeintzuk dira zuenak?

Programa, besterik ez. Gure ardatzak oso argiak dira eta uste dut beste talde progresista batzuekin partekatzen ditugula. Benetako esperantza daukat, hiruzpalau talderen artean eta PSNrik gabe gauzatu dezakegula aldaketa.

Zeintzuk dira ardatz horiek?

Gizarte ardatza da bat: jendearen beharrak asetzea, bai etxebizitza, eta baita hilabetea pasatzeko nahikoa baliabide izatea. Bestea parte hartze zuzena eta erabakigarria da, zerbitzu guztietako kudeaketan. Proiektu handietan hasierako debate zabal bat ematea nahi dugu, bai teknikari zein herritarren artean, gero horiek galdeketara eramanez.