Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialak dozenaka lerroburu eskaintzen dizkie lehendakari, kontseilari eta kargudun berriei: kargu hartzeak, izendapenak, bilerak… Uholde informatibo horren erdian, ordea, bada orain arte presidente izan dena aipatzen duen albiste bat ere, letra xehez, norbaitek deskuiduan idatzi balu bezala: “Yolanda Barcinaren erretratua jarri dute Nafarroako Jauregiko Presidenteen Aretoan”.
Duela gutxira arte, Barcinaren ateraldi eta argazki ezdeusenak ere anplifikatzen zituzten aldeko nahiz kontrako hedabideek. Bere atikoko egongela bezain ongi ezagutzen zituen presidenteak Madrilgo telebista kate gehienak, eta tertuliaz tertulia ibiltzen zen, irribarretsu, bere burua abertzaleen kontrako borrokalari sutsu edo biktima gisa aurkezten —komenentziaren arabera—. Oharkabean igaro ditu, baina, bere agintaldiko azken hilabeteak. Desagerturik egon da. Polarizaziorik handiena, gorrotorik nahiz atxikimendurik sutsuenak eragin dituen presidentea atzeko atetik atera da politikaren agertokitik, eta haren oinordekoek ere ahaleginak eta bi egin dituzte Barcina markak utzi dien orbana garbitzeko.
Izan ere, UPN izan zen Barcinaren jauzi-ohola, baina baita haren hilobi politikoa ere. Alderdiko agintari askoren pazientziak gainezka egin du, presidente ohiaren agintekeriaren, aliantzak egiteko ezgaitasunaren eta alkate gisa lortutako kapital politikoa xahutu izanaren ondorioz.
Duela urtebete gelditu zen agerian Barcinaren eta UPNko zenbait sektoreren arteko ezinikusia: 2014ko abuztuaren 29an, Cadreitan, presidenteak iragarri zuen maiatzeko hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztuko zuela. Bi hilabeteren ostean, ordea, bere hitza jan zuen, alderdi barruko liskarrek behartuta. “Arrazoi pertsonalak” argudiatuta, hautagaitza erretiratu zuen. Jose Javier Esparza izan zen, azkenik, alderdi erregionalistak izendatutako presidentegaia.
Esparzaren zerrendako bigarren lerroan aurkezteko imintzioa ere egin zuen Barcinak, baina horretarako aukerarik ere ez zioten eman UPNko agintari berriek. “Proiektu berritzaile bat lideratzeko izendatu ninduten. Berritze hori ezin badut gauzatu, ez naiz presidentegai izanen”, esan zuen hautagaiak, Barcinaren asmoen berri izan zuen momentuan. Ultimatum horren aurrean amore eman behar izan zuen Barcinak. “Alderdia da inportanteena. Ez dut inongo arazorik neure burua erditik kentzeko eta unibertsitatera itzultzeko”, esan zuen martxoaren 15ean, kazetarien aurrean etsipena disimulatu ezinik. Ordutik, aginte makila Uxue Barkosen esku utzi zuen egunera arte, apenas azaldu den berripaper eta hedabideetan. Nafarroako Jauregian zintzilikatu berri duten erretratuak dirudi Barcinaren agintaldiaren arrasto material bakarra. Haren itzala, ordea, dirudiena baino askoz luzeagoa da.
Alderdiko txartela, presaka
UPNren ikurra izatera ailegatu zen arren, Barcinak independente gisa eman zituen bere lehen pausoak politikan. “Gai batzuetan eskuinekoa naiz, eta besteetan, berriz, ezkerrerago lerratzen naiz. Zentroko pertsonatzat dut neure burua”, azaldu zuen 1996an, Nafarroako berripaper bati eginiko elkarrizketan. Hilabete bat lehenago osatu zuen Miguel Sanzek bere lehen gobernua, eta bederatzi kontseilari izendatu zituen. Horien artean, rara avis bat zen Barcina: emakume bakarra, UPN-n afiliaturik ez zegoen bakarra.
Soslai akademiko eta profesional markatua bilatzen ei zuen Miguel Sanzek zenbait postutarako, eta Barcinaren curriculumak bat egiten zuen horrekin: EHUko Farmazia Fakultateko errektoreorde eta NUPeko Elikadura Arloko katedraduna zen. Ezezagun bat politikaren esparruan. Agian horrexegatik, politikoki bigarren mailakotzat jo zitekeen Ingurumen Departamentua egokitu zitzaion.
Kontseilari berriak trebezia politiko itzela erakutsi zuen hedabideak bere intereserako erabiltzen eta kudeatzaile onaren irudia zabaltzen. Barcina hasiberria zen politikan, baina politikari bizkorraren ezaugarriak antzematen zitzaizkion. Onerako eta txarrerako. Ingurumen Departamentuko goi kargudun askok, adibidez, dimisioa eman zuten 1996tik 1999ra, Barcinaren nagusikeria salatu ostean.
Kritika horiek, ordea, huskeriak ziren Miguel Sanzentzat, presidenteak Barcina babestu baitzuen Iruñeko alkatetzarako bidean. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen UPNren barruan, alderdikide askok ez baitzuten ulertzen zergatik eman zioten halako bultzada afiliatua ez zegoen bati. Sua itzali nahian, korrika eta presaka afiliatu zen Barcina. Tramitea beteta, zabalik zuen bidea Iruñeko alkate izateko.
Alderdi barruan, gero eta botere gehiago pilatu zuen Barcinak 1999tik aurrera. Konfiantzazko peoiak soilik paratu zituen ardura postuetan. Urte gutxiren buruan, alderdiko aktibo politiko garrantzitsuena bilakatu zen. Baina alderdi barruko disidentzia deuseztatuta, kanpoko arerioak ugaritu egin zitzaizkion.
Iruñeko Udalean hamabi urte eman zituen Barcinak, eta, denbora horretan, herri mugimenduko talde eta eragile guztiak bere kontra batzea lortu zuen. Gazteen erakundeak, irakasleak, merkatari txikiak, auzoetako jai batzordeak… Horien guztien kontra gogor jo zuen alkateak. Barcinak debekatu zituen, adibidez, sanferminetako barraka politikoak eta auzoetako Olentzeroren desfileak; Euskal Jai gaztetxea eraistea agindu zuen; Gazteluko plazako parkinga sustatu zuen —horretarako lur azpiko ondare baliotsua suntsituta—; eta, ororen gainetik, multinazional handien mesedetan lan egin zuen, mozkin handien truke. Barcinari zor zaio, adibidez, hiriaren bihotzean Corte Inglesek zortzi solairuko eraikina jarri izana eta, horren ondorioz, Nafarroako Liburutegi Nagusia eta kontserbatorioa aldirietara mugitu izana.
Garai hartakoa da, bestalde, haren agintaldiko orban ilunenetako bat. Izan ere, Iruñeko alkatea zen heinean, Nafarroako Kutxako kontrol batzordeko burua izan zen hamar urtez, eta, horri esker, dieta oparoak kobratu zituen, ordu erdiko bileretan parte hartzeagatik.
CAN auziak, baina, 2011ko azken hilabeteetan egin zuen eztanda, eta, ordura arte, kudeatzaile bikainaren mitoa bizirik mantendu ahal izan zuen Barcinak. Bere ibilbide politikoaren gorenean zegoen, adibidez, 2009an UPNko presidente hautatu zutenean; edota 2011ko hauteskundeetan presidentegai izan zenean. Dena alde zuen garai hartan, eta nekez irudika zezakeen gainera zetorkion guztia. Ustelkeria auzietan zipriztinduta —presidente karguari esker ez zuen epailearen aurrean deklaratu behar izan—, PSN gobernu koaliziotik botata eta murrizketen kontrako protestek itota, dekadentzia betean esan dio agur Barcinak hogei urteko ibilbide politikoari.